Albistea entzun

Joseba Asiron. Iruñeko EH Bilduren alkategaia

«Alde bakarrekoa da blokeoa; guk ez diogu PSNri betorik jarri»

Bi aste eta erdi geratzen dira Iruñeko alkatea hautatzeko, eta Asiron saiatuko da PSNk jarrera alda dezan: «Merezi du saiatzea». Azken lau urteetako lana goratu du, eta «zakarrontzira» ez botatzeko eskatu du.
IDOIA ZABALETA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2023ko ekainak 1 - Iruñea

Iruñean lehen indar izateko erronka bota zuen EH Bilduk, eta, azkenean, ez zuen lortu xedea, baina orain arteko emaitzarik onenak erdietsi ditu: 27.752 boto eta zortzi hautetsi. Sanduzelain, Arrotxapean, Txantrean, Alde Zaharrean, Buztintxurin, Azpilagaña-Arrosadian eta Mendillorrin irabazi du. PSNri zinegotzi bat kendu dio, eta bederatzigarrena irabazteko 779 botoren faltan geratu da. Dena alda zitekeen; orain, berriz, PSNk esan du ez duela Joseba Asironen (Iruñea, 1962) alde bozkatuko. Dena den, EH Bilduko alkategaiak ez du etsi nahi.

Zer analisi egiten duzu?

Emaitza ikusgarriak dira. Inoiz EH Bilduk Iruñean ateratako emaitzarik onenak izan dira. Progresioa izugarria da. Azken hiru hauteskundeetan, 16.600 bototik 27.750era pasatu gara. Bigarren indarra gara, eta UPNrekin berdintzear izan gara, oso gutxigatik. Hau ez da koiunturala, egiturazkoa baizik.

Zuen mugatik gertu zaudete?

Ez dut uste. Gero eta gehiago paradigma aldaketa dago. EH Bilduren lehen hamar urteak izan ziren erresistentzia urteak, politikoki kokatzeko beharrezkoak. Orain, bigarren hamarkada honetan, benetako alternatiba gara. Soziologikoki ikusten ari da Euskal Herrian: ez da soilik oso ongi joan zaigula. Egiturazko zerbait da.

PSNko Elma Saizek argi esan du ez dizula botorik emango. Zer erantzuten diozu?

Txibiteren inbestiduraren ondoren, Elma Saiz joan zen gobernura. Beharbada, udaletik alde egin zuelako, ez da oso ongi ohartu zer gertatu den hemen. Hiru indar aurrerakoiek batera jo dugu, eta aurkeztutako adierazpenen eta proposamenen %95 onartu ditugu aho batez, eskuinaren kontra. Oso giro leiala sortu da, elkarren artekoa, eta ez naiz ni izango horren gainean lurra botako duena. Goraipatu egiten ditut lau urte horiek. Ez dut uste lau urteotan udalean egon diren PSNko zinegotziek beste horrenbeste esango dutenik.

Pedro Sanchezen hauteskunde aurrerapenak zerbait baldintzatu du? Ala aurretik pentsatua zuten? 1979an bigarren geratu zen HBk alkate egin zuen Julian Balduz sozialista; orain, PSNko zerrendako azkena izan da Balduz. Saizek kanpainan esan du bost zinegotzirekin alkate izan daitekeela, eta iradoki du 1979ko bidea errepikatu nahi duela.

Ez dakit. Lau urtez ezkerreko politikak babestu eta gero, esaten badidate aurreikusia zegoela, oso kezkagarria iruditzen zait. PSNko boto emaileak ez dira eskuindarrak, ezkerreko botoak dira. Gaitzesgarria da ezkerreko botoak eskatzea gero eskuinaren gobernua ahalbidetzeko.

Bi aste eta erdi geratzen dira. Zer gerta daiteke?

Gu azken unera arte saiatuko gara. Aldez aurretik erabakiak hartuta bazeuden, eta beste nonbait erabaki badute hemengo PSNk zer egin behar duen, orduan ziurrenik aukera gutxi izango ditugu. Gu saiatuko gara. Merezi du saiatzea, badugu eredua: azken lau urteei balioa eman nahi diet, eta ez dakit zergatik zakarrontzira bota behar den hori guztia. Ez dut ulertzen nola begiratu ahal zaion Iruñeko jendeari eta esan beste lau urtez Enrique Maiaren antzeko udal gobernua izango dutela, kasu honetan Ibarrolarekin eta Adanerorekin. Hori da ulertzen ez dudana.

Geroa Baik baztertu egin du PSNren eskaintza. Zuri botoa emateko prest azaldu da Koldo Martinez, baina erantsi du «blokeoak jarraitzen badu beste formulak» bilatu behar direla.

Koldok esan du babestu behar nauela, eta hori logikoa da. Dena den, blokeoa alde bakarrekoa da. Guk ez dugu deus blokeatzen. Hori oso argi geratu behar da. Guk ez diogu inori betorik jartzen. Ez dago elkarri blokeatutako ezer, guk ez baitugu PSN blokeatzen. Hitz egiteko eta elkarren artean zerbait sortzera gonbidatzen dugu. EH Bilduren eta PSNren arteko jarrerak ez dira simetrikoak. Guk diogu prest gaudela aurrerakoiak diren indarrekin gobernatzeko. Haiek, aldiz, populazioaren botoen %27 kanpoan utzi nahi dute. Hori da bazterketa.

Hirugarren biderik posible ez dela diozu. Zergatik?

Nola sortu behar duzu pluraltasunaren izenean ezer, indar aurrerakoi sendoena baztertuz? Zortzi zinegotzi ditugu, gero eta gertuago gaude lehen indarretik. Horrek ez du fundamenturik.

Duela lau urte antzeko egoera sortu zen. Déjà vu sentsaziorik eragiten al dizu?

2019koa izugarria izan zen, baina errepikatuko balitz, are okerragoa litzateke. Badago eremu zabal bat elkarrekin lan egiteko. Pandemia garaian gai izan gara gehien sufritzen dutenen aldeko neurriak hartzeko eskuinaren borondatearen aurka.

Udalak eratzeko ekitaldiak Espainiako Gorteetarako kanpainaren atarian izango dira. PSOEri ez al zaio komeni Iruñeko argazkia?

Goizean Arnaldo Otegi entzun dut arreta handiz, eta oso bitxia iruditu zait esan duen gauza bat: orain eskuinaren etorrera babestuko edo ahalbidetuko dutenek nola esango dute «kontuz eskuinarekin»? Adanero Iruñeko udal gobernuan sartzen utzi eta gero, zer legitimitate duzu Espainiako kanpainan esateko «kontuz, PP dator». Koherentziaren izenean ez dakit nola egin daitekeen hori.

Udalak osatu eta gero Nafarroako Gobernua dator. Zer ondorio eduki ditzake?

Ni zentratua nago udalean. Pantaila honetan nago, eta ez hurrengoan. Ez da hasiera ona.

Nola hartuko luke militantziak?

Oso heldua da. Badakite bi puntuen arteko bide zuzena ez dela motzena. Behin eta berriz babestu dituzte gure politikak, eta gure kezka bera dute.

Presio egiteko garaia da?

Ez dakit presioa den hitzik egokiena. Ekainaren 17a iritsi arte saiatu behar dut bide guztietatik eta modu guztietan udal gobernu aurrerakoia ateratzen. Ez dakit presioa den edo zer. Nik balioa eman nahi diot egindako lanari.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Atzo goizean egindako ekitaldia, Zarauzko hilerrian. ©GORKA RUBIO / FOKU

Txiki eta Otaegi omendu dituzte Gudari Eguneko ekitaldietan

I.A.

«Euskal Herriaren nazio izaera» aitortzeko exijitu die Sortuk Espainiari eta Frantziari. Jarkik ekitaldiak egin ditu Iruñean eta Gasteizen

Justizia jauregiaren aurrean egindako elkarretaratzea, atzo, Bilbon. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Fiskalak zigor eskaerak jaitsi ditu 'Leioako bosten' aurkako auzian

Gotzon Hermosilla

Urte erdi eta urtebete bitarteko zigorrak eskatu ditu 2016ko istiluengatik. Bost gazteek akusazioak onartu dituzte. Beste baten kontrako akusazioa erretiratu du fiskaltzak

EH Bilduko bozeramaile Mertxe Aizpurua eta EAJko eledun Aitor Esteban, atzo, Espainiako Diputatuen Kongresuko tribunan. ©JUAN CARLOS HIDALGO / EFE

EH Bilduk eta EAJk nazio auziari heldu diote Feijooren inbestiduran

Mikel Elkoroberezibar Beloki

EH Bilduk «agenda plurinazionalari» eman dio lehentasuna, eta EAJk esan du «Euskadi estatuan egokitzeko modua» bilatu behar dela. PPko presidentegaiak ez du gehiengo osoaren babesik lortu
Noaingo (Nafarroa) ubidea, artxiboko irudi batean. ©LANDER FDEZ. DE ARROYABE / FOKU

Nafarroako 77 kontzejutan ere hauteskundeak egingo dituzte

Joxerra Senar

Azaroaren 26an izango dira. Nafarroako Gobernuak sinatu du deialdia, maiatzaren 28an ez zelako hautagairik aurkeztu

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...