Albistea entzun

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Ondorena. Itxaso Atutxa. EAJren BBBko lehendakaria

«Urkulluk egin duen akordiorako eskaintza sakona eta sendoa da»

Atutxak dioenez, jarritako helburua bete du EAJk, herrialde bakoitzean legebiltzarkide bat gehiago lortuta; Voxek eserlekua izatea «mingarria» egiten zaio, baina ziur dago boto horrek ez duela «ezer» erabakiko.
LUIS JAUREGIALTZO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Gotzon Hermosilla -

2020ko uztailak 14

Joan den igandeko hauteskundeetan, EAJ izan da lehenengo indarra, botoetan 349.429, atzerritik iritsiko direnak oraindik zenbatu gabe zein legebiltzarkide kopuruan 31 eserleku lortu dituzte. Alderdiaren zuzendaritzak, EBB Euzkadi Buru Batzarrak, bilera egin zuen atzo Sabin Etxean datuen balorazioa egiteko, eta amaitutakoan BERRIArekin hitz egin zuen Itxaso Atutxa (Bilbo, 1967) EBBko kide eta Bizkai Buru Batzarreko lehendakariak.

Pozik zaudete lortutako emaitzekin?

Hala da. Guk hasiera-hasieratik jendaurrean esan genuen gure erronka zela herrialde bakoitzean eserleku bat gehiago jasotzea,eta helburu hori jarri genuenean ez genekien COVID-19aren pandemia gertatuko zenik. Horrek hauteskunde egoera osoa aldatu egin du, baina guk eutsi diogu erronka horri, eta lortu egin dugu, gainera. Oso eskertuta gaude.

Abstentzioa handia izan da.

Gogorra da hain abstentzio handia ikustea, baina errespetu osoz hartzen dugu, hori ere aukera bat delako eta horrela onartu behar da. Hala ere, aukera hori politikoa ere bada, eta Araban ikusi dugu. Zaila da hain parte hartze txikia eta Vox legebiltzarrean sartu izana lotzea, baina, seguru asko, parte hartze handiagoarekin ez zen sartuko, eta orain 4.000 botorekin barruan daude.

Arrazoiak hainbat izan daitezke. Guk gizartean igartzen genuen EAJ garailetzat ematen zela, inkestek ere hala adierazten zuten, eta beharbada horrek eraman du zenbait jenderi pentsaraztera bere botoa ez zela beharrezkoa, eta hori gure kalterako izan da. Baina uste dut alderdi eta eragile politikoen eginkizuna dela jendeari ikusaraztea zein garrantzitsua den boto eskubidea.

Boto kopuruari erreparatuta, EAJk 50.000 inguru galdu ditu.

Boto asko daukanak proportzioan gehiago igartzen du abstentzioaren eragina, nahiz eta botoen %39 eskuratu, eta gure atzetik datorren hurrengoaren ehunekoa ia bikoiztu. Boto asko daukanak ez du erraza gehiago haztea, eta Iñigo Urkullu 2012an lehenengo aldiz aurkeztu zenetik izandako hiru hauteskundeak hartzen baditugu, etengabe egin dugu gorantz, %34tik %39ra. Hori guri baino ez zaigu gertatu: ez dago hiru hauteskundeetan gora egin duen beste alderdirik.

Zaldibarko zabortegiaren inguruko herrietan edo Ordizian izandako emaitzak aztertu dituzue? Herri horietan oro har botoak galdu dituzue.

Herriz herriko datuen azterketa bihar [gaur] egingo dugu; adibidez, guk Bizkaian BBBren bilera dugu. Baina baten batek mundu bat egin nahi izan du Zaldibarren lehenengo indarra ez garelako izan: normalean ez gara izaten. Jaurlaritzan egon garen bi alderdien artean [EAJ eta PSE-EE] ehunekoetan gora egin dugu eta uste dut botoen %50 inguru dugula zona hartan. Eibarren lehenengo indarra izatea garrantzitsua da guretzat.

Gu ez gaude arduratuta horretaz; gu Zaldibarren inguruan arduratzen gaituena da lanek jarrai dezatela, eta ahalik eta azkarrena ager daitezela bi gorpuak. Askotan esan dugu: guretzat, afera honetan gure kezka ez zen botoen aldetik kalterik egingo ligukeen ala ez. Eta ez dut uste gertatu denik, baina, hala izan balitz, onartuko genuke.

Zelan hartu duzue Voxek legebiltzarkide bat lortu izana?

Niretzat oso mingarria izan da, pentsatzen nuelako hemen ez zuela lekurik edukiko. Gogorra da ikustea zelan erabiltzen dituzten Espainiako Kongresua eta Senatua euskal gizartearen kontra egiteko. Sarritan, EAJren kontra jotzen dute, baina nik uste dut Euskal Herri osoaren kontra egiteko bide bat dela.

Voxek argi utzi du ez doazela Eusko Legebiltzarrera inorekin akordioak egitera, euren programa aurrera atera nahian baino. Larria iruditzen zait, baina sistemaren ondorioa ere bada: 4.000 boto ingururekin legebiltzarkide bat lortu dute. UPyD eta Unidad Alavesarekin ere gertatu zen. Eta ez noa sistemaren kontra: nik uste dut egokia dela herrialde guztiek 25 legebiltzarkide aukeratzea, biztanle kopuruarengatik bat ez dadin bestea baino gehiago izan. Baina horrelako ondorioak daude.

Legebiltzarraren jarduera baldintza dezaketela uste duzu?

Alde bat badago: Voxen boto horrek ez du ezer erabakiko. UPyDren garaian, [Gorka] Maneiroren boto bakarrak sarritan alde batera edo bestera eramaten zuen Legebiltzarrean gehiengoa, eta hori Voxekin ez da gertatuko. Matraka ateratzeko nahikoa izango da, eta ez dut uste euskal gizartearen errealitatearen isla zabala denik, baina lortu dute.

Azken bi agintalditan PSE-EErekin egindako ituna berrituz gero, gobernuak gehiengo osoa izango luke.

Edozein gobernurentzat lasaitasuna da jakitea legebiltzarraren gehiengo osoaren babesa duela eta egiten duen guztia ez duela beti negoziatu behar, baina horrek ez du esan nahi gehiengo zabalagoak bilatuko ez direnik. Alderantziz: sarritan, errazagoa da gehiengo zabalago horiek lortzea gutxienekoa ziurtatuta dagoenean. Nik atzo [igandean] lehendakaria berriro ere jarrera horretan ikusi nuen. Gainerako indarrek erakutsi dute kanpainan bertan ez dutela gurekin gobernuan egoteko inolako asmorik, baina beharbada posible izango da beste herri akordio zabalago batzuk lortzea, ikusita datozen urteetan egoera ekonomiko eta soziala oso konplikatua izango dela.

Agian, bide bat zabaltzen da; ikusi behar da zer jarrera daukagun denok. Batzuetan, gobernuan dagoenari urik ere ez zaio ematen, baina herri honek guztion parte hartzea beharko du.

Urkulluk elkarlanerako eta auzolanerako eskaintza egin zien igande gauean gainerako alderdiei, baina sinesgarria da eskaintza hori gobernuak gehiengo osoa ziurtatua badu? Ez dago oposizioa bazter uzteko tentazioaren arriskurik?

Urkulluk egin duen akordiorako eskaintza sakona eta sendoa da. Proposamenak egongo dira. Udaletan eta Batzar Nagusietan, gehiengoa izanik ere, behin baino gehiagotan egin ditugu akordio zabalagoak lortzeko eskaintzak, esaterako, aurrekontuen inguruan, botoak beharrezkoak ez ziren arren. Baina besteen aldetik ere borondatea eta lana jaso beharko dugu.

Orain, EAJren eta EH Bilduren legebiltzarkideak %70 dira. Hori babes nahikoa da estatus berri baten aldeko akordio bat aurrera ateratzeko?

Adostasun bat lortu genuen aurreko legealdian, eta EH Bildu izan zen akordio horretatik kanpo kokatu zena, bere proposamena bakar-bakarrik aurkeztuz. Gu hemen gaude, egon ginen toki berean, eta akordiorako prest. Nik nahiko nuke urte luzetan egindako lan horrek behingoz fruiturik ematea. Herri honek hainbat gauza behar ditu, baina estatutu berri bat ere behar du, eta hori lehenetsiko dugu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Bernat Etxepare lizeoko ikasleen protesta, Oier Oaren alde ©Guillaume Fauveau

Oier Oari ez diote lurralde debekua kenduko, eta familiatik banatua segitu beharko du

Ekhi Erremundegi Beloki

Gaur eman du erabakia Parisko Zigor Auzitegiak. Otsailean epaituko dute, Baionan, lurralde debekua urratzea leporatuta.

Llotja de Marreko alderdien ordezkariak, iaz, Espainiako Kongresuan. ©Javier Lizón / EFE

Alderdi subiranistek Espainiako Konstituzioa «agortuta» dagoela aldarrikatu dute

Paulo Ostolaza

Konstituzioaren Egunaren bezperan, ohar bateratu bat plazaratu dute Llotja de Marreko akordioaren sinatzaileek. «Herrien autodeterminazio eskubidean oinarritutako eredu bat» eskatu dute.

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Gure ustez, beharrezkoa da EAJ gobernutik kanporatzea»

Gotzon Hermosilla

Ezker Anitza-IUk X. Batzarra egin du, eta EAEn «ezkerreko alternatiba sendo bat» osatu behar dela nabarmendu dute berriro, «Nafarroan egin denaren antzera».
 ©CHEMA MOYA / EFE

«Kontuen emaitzak ikusita, esango nuke badugula zer esana»

Iosu Alberdi

Kongresuan kontuen inguruko lehen akordio bat lortu arren, Esteban ez da negoziazio mahaitik altxatu. Aurrekontuen ingurukoak izan ditu hizpide; baita datozen hilabeteetan irits daitezkeen lege erreformak ere.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.