Albistea entzun

Koronabirusa. Laura Garrido. PPko legebiltzarkidea

«Zaldibarkoak eta honek desegin egin dute EAJren gestio onaren mitoa»

Jaurlaritzak koronabirusaren krisiari aurre egiteko plangintzarik eduki ez izana deitoratu du Garridok, baita haren kudeaketa ere. Ukatu egin du PPk beste erkidegoetan kalte egin diola osasun publikoari.
JAIZKI FONTANEDA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Esnaola -

2020ko apirilak 9

Gasteizko bizilaguna izaki, Laura Garrido PPko legebiltzarkideak (Gasteiz, 1970) lau aste daramatza etxean koronabirusaren krisiagatik, «ezertarako ere atera gabe». Baina «betea» du eguna: etxeko zereginak, kirola, bilerak Skypez, bestelako lan kontuak... Uste du aurrerantzean «gure bizitza» desberdina izango dela, «ondorioak sakonak izango baitira». Lehentasuntzat jo du osasun arloko arazoak konpontzea —«lehen lerroan daudenen lana aitortu nahi dut»—, eta berak ere garbi du krisi ekonomiko bat etorriko dela. Kudeaketa instituzionalari ere garrantzia ematen dio.

Zuek gogor ari zarete Iñigo Urkulluren kudeaketa kritikatzen.

Lehendakariak hanka sartu zuen hauteskundeetara deitu zuenean, deialdia hilabete batzuk aurreratuta. Orain, honelako krisi egoera batean, gobernuaren jarduera gehiago kontrolatzea eskatu dugu guk. Herritarrok gardentasuna, sinesgarritasuna eta informazioa behar ditugu, eta ez dauzkagu. Hauteskundeak atzeratuta, gainera, argi geratu da Eusko Legebiltzarraren funtzionamendua zaharkituta dagoela. Galizian ere atzeratu berri dituzte apirileko hauteskundeak, baina, han, Feijoo presidentea taldeei informazioa ematen ari zaie une oro. Hemen, berriz, nabarmena da informazioa falta dela; datuak baino ez dituzte ematen, eta Urkulluren agendaren berri ere bai…

Baina osasun arloa nola ari da kudeatzen Eusko Jaurlaritza?

Urtarril bukaerarako, instituzioek bazekiten bazetorrela birusa, baina ez zuten neurririk hartu. Jaurlaritzak ez du krisiaren kudeaketa ona egin; hutsegiteak izan ditu, eta inprobisatzen ari da. Krisi hau lotzen badugu Zaldibarko zabortegiaren auziko gestioarekin —horri buruzko kontrol handiagoa ere behar da—, argi dago ez dela ikusi haren lidergori. Jausi egin da EAJren kudeaketa onaren mitoa.

Neurriak aipatu dituzu. Osakidetzak ba al du nahikoa baliabide koronabirusa borrokatzeko?

Gure erkidegoan, osasun arloan, biztanleko urteko gastua 1.800 eurokoa da; [Espainiako] estatuko beste erkidegoetan baino gehiago jartzen da hemen, baina koronabirusaren gestio hobea egiten ari dira besteak. Jaurlaritzak ez du plan berezi bat izan, eta lehendakariak eta Osasun sailburuak ez dute lidergorik erakutsi. Osakidetzan, arlo jakin batzuetan, ez dago nahikoa baliabide, baina dirurik ez dagoelako gertatu al da hori? Ez, baizik eta Jaurlaritzak ez duelako egin aurreikuspenik. Urtarrilean eta otsailean lortu behar zuten babes materiala; orain zailagoa da. Materialari buruzko informazio zehatza eskatu dugu legebiltzarrean, noiz erosi den eta abar.

PPri leporatu izan zaio estatuan osasun publikoan murrizketak egitea eta pribatizaziora jotzea.

Rajoyren agintaldiari [2011-2018] ezin zaio halakorik leporatu, osasun eskumenak erkidegoek baitituzte. Rajoyk krisi ekonomiko handi batean hartu zuen gobernua, eta, bere politiken bidez, enplegua sortu zuen, eta, ehunka mila lanpostu sortu zirenez, administrazioek diru sarrera handiagoak izan zituzten. Erkidegoetara joz, PPk gobernatutakoek besteek baino diru gehiago jarri dute osasun arloan. Izan ere, ongizatearen estatua bermatzea izan da eta da PPren lehentasuna.

Alarma egoeran zenbateraino geratu behar da ekonomia? EAJk erreparoak jarri zizkion Pedro Sanchezen dekretuari.

Osasunari eman behar zaio lehentasuna, eta kontuan izan behar dira osasun publikoko adituen irizpideak. Baina ezin dugu ekonomia guztia gelditu; bestela, ondorioak larriak izango dira. Instituzioen arteko estrategia bat eskatu du PPk. Neurri bereziak hartu beharko dira egoera larrian egongo direnen alde. Aurrekontuetan ere lehentasunak jarri behar dira.

Espainiako Gobernuak aginte bakarra ezarri zuen orain ia lau aste...

...baina haren kudeaketa ere desastre hutsa da. Gainera, PSOE eta Podemos kontraesanetan sartzen dira egunero, eta desadostasunak dituzte.

Aginte bakarrera joz berriro, Euskal Herrian badago eskumenei kalte egiteari buruzko kezka.

Alarma egoera ezarri ahal zuen gobernuak, konstituzioko artikulu batek arautua baitago. Ezinbestekoa zen ezartzea. Gero, oinarrizko lan jarduera murriztu zenean, Casadok esan zuen autonomien berezitasunak kontuan hartu behar direla, autonomia guztiak ez baitira berdinak.

Espainiako armadaren esku hartzea ez dute ondo hartu euskal herritar askok. Zuk esana duzu harro zaudela haren lanaz.

Alarma egoeran ezin dira beste baliabide batzuk ukatu. Denok dakigu armadarenak onenak direla eta honelako egoera batean oso ondo jokatzen duela. EAJk eta, oro har, nazionalistek, berriz ere lehentasun alderdikoiak jarri dituzte aurretik. Laguntza ezin da ukatu. Gasteizen oso garai larriak izan ditugu, eta hiritarrontzat ulertezina izan da armadari ukatzea kaleko ospitale bat egitea.

Zer aterako da krisi honetatik? Zein izango da erreakzio soziala?

Gizartearen jarrera oso ona eta aurrerakoia izaten ari da, arduradun instituzionalena baino hobea batzuetan. Elkartasunaren hainbat adibide ditugu. Ezin dugu ukatu etorkizuna oso zaila izango dela, eta instituzioek lagundu egin behar diote gizarteari. Gizartea oso exijentea izango da horretan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Alonsotegiko (Bizkaia) udaletxea. ©Monika del Valle / Foku

Fiskaltzak zazpi urteko espetxe zigorra eskatu du Alonsotegiko alkate ohi Aitor Santiestebanentzat

Iosu Alberdi

Prebarikazioa, dirua bidegabe erabiltzea, dokumentuak faltsutzea eta diru laguntzetan iruzur egitea egozten dizkio fiskaltza Santiestebani.

Espeleologoak Lezetxikiko sistema karstikoaren barruan aurkitutako tunelaren alboan. ©LEZETXIKIREN LAGUNAK

Adifek eta Gipuzkoako Aldundiak txostenak egin zituzten galeria kaltetuaren inguruan

Xabier Martin

Espainiako Garraio ministro Raquel Sanchezek ziurtatu du Lezetxikiko aztarnategiak ez duela «inolako katerik» izan AHTaren tunela dela eta.

Inma Jurio PSNko parlamentaria, atzo, Nafarroako Parlamentuan. ©IÑIGO URIZ / FOKU

PSNk ontzat eman du Nafarroako torturen eta tratu txarren txostena

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Navarra Sumak esan du Poliziari «oso eskertuta» dagoela: «Baina torturatu duena ez da gutarra». PSE-EEk ez zuen PSNren iritzi bera izan duela sei urte; «gatazka baten teoria elikatzen» zuela iritzita arbuiatu zuen txostena.

Torturari buruz «oraindik asko» dagoela ikertzeko nabarmendu dute

Laura Pego eta Jeanette Ruiz Kriminologiaren Euskal Institutuko kideak, iaz landutako txostena eskuetan, Nafarroako Parlamentuan. Atzo eman zuten haren edukiaren berri. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Torturari buruz «oraindik asko» dagoela ikertzeko nabarmendu dute Nafarroako Parlamentuan

Joxerra Senar

Kriminologiaren Euskal Institutuak bere txostena aurkeztu du Nafarroako Parlamentuan. Laura Pego ikerlariaren arabera, kasu kopurua «garrantzitsua» da, eta azterlana «amaitu gabe» dago oraindik

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.