Koronabirusa. Miren Gorrotxategi. Elkarrekin Podemoseko kidea

«Krisiak gordin-gordin erakutsi digu egungo sistemaren gabezia»

Gorrotxategik dio euskal gizartea ez dagoela prestatua koronabirusaren krisiari aurre egiteko, eta horretan zerikusia dutela aurreko krisi ekonomikoko neurriek. Alor publikoa indartzearen alde mintzatu da.

LUIS TEJIDO / EFE.
enekoitz esnaola
2020ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Otsail bukaeran hautatu zuten Elkarrekin Podemoseko lehendakarigai Miren Gorrotxategi (Abadiño, Bizkaia, 1967). Ez du hasiera lasaia izan: EPko barne gorabeherez gain, Zaldibarko (Bizkaia) zabortegiko auzia, Eusko Legebiltzarreko bozen atzerapena, koronabirusaren krisia...

Koronabirusaren krisiak nola harrapatu ditu euskal gizartea eta instituzio publikoak?

Denok ustekabean harrapatu gaitu. Txinan sortu zen, eta urruti ikusten genuen. Ohartu ginenerako ez dela gauza lokal bat, gainean geneukan, bertan. Eta instituzioak egiturazko ahuleziekin harrapatu ditu. Aurreko krisi ekonomikoan hartutako neurrien ondorioz, gizartearen zati bati baliabideak kendu zitzaizkion, eta zerbitzu publikoak murriztu egin ziren. Koronabirusaren krisi hau ez da osasun arlokoa bakarrik, beste eremu batzuei ere eragiten baitie, eta gure gizartea ez dago nahikoa prest horri aurre egiteko. Hori ari gara pairatzen.

Nola dago Osakidetza?

Aipatu dudan egiturazko ahulezien isla bat da Euskadiko osasun sistema publikoaren egoera. Azkeneko urteetan, Eusko Jaurlaritzak txikitu egin du Osakidetzaren aurrekontua; zerbitzu batzuk murriztu egin ditu; osasun arloan ere gertatu da pribatizazioa; eta orain ezin diote behar bezala erantzun arazo larri honi. Estatuko beste erkidego askoren aldean, ahuleziak ez dira berdin-berdin nabari hemen, baina Euskadi ez da oasi bat: hemen ere baditugu egiturazko arazoak. Egitura horiek indartu egin behar dira.

Nola? Eta zein dira egiturok?

Aurrekontua handituta eta zerbitzuak hobetuta indartu behar da. Zerbitzu publiko guztiak indartu behar dira. Herritarrok nolabait berdintzen gaituzten eremuetan jarri behar da indarra. Adibidez, gutxien eta gehien dutenek aukera bera izan behar dute osasun eta hezkuntza duinak izateko.

Funtsezkoak ez diren lan jarduerak geratzearen alde agertuzarete.

Erabaki zaila da industrian-eta neurri gogorrak hartzea, ados. Baina lehentasuna herritarren osasuna da, eta, honelako pandemia batean, industria geratu ala ez erabakitzerakoan, batik bat osasun autoritateen iritzia hartu behar da kontuan. Gero, neurri gogorrak hartu ondoren, aztertu behar da ekonomia alorrean zer egin. Espainiako Gobernuak neurri egokiak hartu ditu, eta, gehiago gogortu behar badira, gogortu egin beharko dira.

Confebask ez da ados azaldu.

Euskadin enplegu gehien ez dago Confebaskeko bazkideak aritzen diren eremuan. Enpresa txiki asko dago hemen, autonomo asko; hor da ostalaritzaren kasua ere, eta haiek hartu dituzte hartu beharreko neurriak. Instalazio publikoak ere itxi ziren. Confebask modu itsusian aritu da Espainiako Gobernuaren aurka, eta Jaurlaritza alde izan du, mehatxuak ere eginez. EITB ere bozgorailu garrantzitsu izan du Confebaskek.

Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa kritikatu duzue. Zehaztu kritika.

Hiru eratakoa egiten diogu. Batetik, gardentasun eta parte hartze falta erakutsi du. Ez dakigu zer gertatzen ari den. Krisi honetan, Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorraren batzar bakarra egin da, joan den ostegunean, eta era bitxian, gainera: modu telematikoan. Ez dakigu Jaurlaritzak iragarritako neurriak nola ari diren garatzen. Bestetik, ekimen falta nabaria du Jaurlaritzak. Daukagun autogobernu mailarekin, badugu ahalmena ekinbide propioak egiteko, baina Jaurlaritza ez da horretan ari. Azkenik, ez du jarrera onik Madrilgo gobernuarekiko, lagundu baino gehiago oztopoak jartzen ari baita.

Espainiako Estatuko alarma egoerak eragin al die EAEko eskumenei?

Autogobernua ez da eten, eta Urkullu ez da autogobernua baliatzen ari krisiari aurre egiteko.

Espainiako armada Euskal Herrian dabil, eta ez soilik estatuaren guneak desinfektatzen.

Badakit gai sentibera dela, baina alarma egoeran armada hemen egoteak ez dit barrua mugitzen niri. Egoera normal batean gertatuko balitz hori, neuri ere astindu bat eragingo lidake, baina, gauden egoeran, ez, eta uste dut eskerrak ematekoa dela haren laguntza.

Egiturazko arloen problematika bat bizi dugu: hondakinen kudeaketa —hor da Zaldibarko auzia, adibidez—, klima larrialdia, osasun publikoa, zaintza… Zer gizarte eredu sortu da orain arte?

Sistema ekonomikoak eta politikoak ez diete erantzuten jende gehienaren beharrizanei. Bizitza eta ongizatea erdigunean jarri beharko lirateke, eta estatuak eta beste botere publikoek erantzukizuna dute babes horretan. Koronabirusaren krisiak gordin-gordin erakutsi digu egungo sistemaren gabezia. Nahiko nuke krisia abiapuntu bat izatea gizartea beste modu batean antolatzeko; hau da, baliabideak-eta herritarren zerbitzura jartzeko. Gainera, autoritarismoa borrokatzeko aukera izango genuke horrela.

Herritarrak gehiago babesteko, politika sozialak indartzeko eta beste, instituzioek nondik lortu beharko lukete finantzaketa?

Europako laugarren ekonomia da Espainiakoa, eta Euskadik aberastasun maila esanguratsu bat du. Kontua da aberastasuna behar bezala banatu behar dela. Nola lortu finantzaketa? Zergen bidez, ekonomia publikoaren bidez, enplegu politiken bidez... Azken batean, banaketa bidezkoago bat behar dugu gizartean. Berdintasun materiala ezinbestekoa da guztiok askatasuna eta eskubideak eduki ahal izateko.

Krisi honekin, zer joera sozial eta elektoral egongo da: ezkerrerakoa? Eskuinerakoa? Bat ere ez?

Ikusteko dago. Balkoietako adierazpenekin-eta, kolektiboaren, elkarlanaren eta elkartasunaren kontzeptuak indartzen ari direla esango nuke, baita injustizia sozialaren aurkakoa ere. Gero, ez da erraza joera elektorala antzematea. Jendeak segurtasuna nahi du; jakin nahi du estatuak bere bizimodua bermatuko duela. Hori da botere publikoen eginkizuna.

EAEko instituzioetan EAJ da nagusi. Nola dago haren eredua?

EAJk beti saldu izan du oasiaren eredu garela, eta propaganda makina eraginkorra du. Baina esaten duen hori ez da egia. Euskadin ere handitu eta sakondu egin da desberdintasun soziala: injustizia soziala dago, lan baldintzak okertu egin dira, murrizketa sozialak... Berriki, hondakinen kudeaketak ere erakutsi digu ez dela oasi bat.

EPren lehendakarigaia zara, eta esana duzu indar «progresisten» arteko elkarlana nahi duzula.

Izan ere, egin nahi duguna egiteko, hori da gobernurik onena. Geure barne kanpainan esan nuen, eta gero ere bai. Krisi honek gehiago baieztatu dit apustu hori. Posizioak argitzeko garaia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.