Albistea entzun

Hauteskundeei begira. Borja Senper. Donostiako alkate izateko PPren hautagaia

«Kanpainan ez baditut eskuak lotuak, ez ditut izango akordiorako»

Gipuzkoako PPko idazkari nagusia dela ezkutatu gabe baina bere ildo propioa jorratuta, Donostiako alkate izateko hautagai aurkeztu da Borja Senper. Madrileko politikaz «nekatuta», udal politikari heldu dio berriz.
ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Maider Galardi F. Agirre -

2019ko martxoak 8 - Donostia

Aurrez udal politikan esperientzia izan arren, lehen aldiz aurkeztu da Donostiako alkate izateko Borja Senper, Gipuzkoako PPko idazkari nagusia (Irun, 1976). 11 urtez aritu zen jaioterrian zinegotzi, eta, PSOErekin egindako gobernu akordioen ondorioz, alkateorde ere izan da birritan. 2010ean, ordea, Irungo zinegotzi postua utzi zuen, eta, ordutik, Eusko Legebiltzarrean eta alderdi barnean aritu da lanean. Datorren apirilaren 28an izango diren Espainiako Kongresuko bozetarako hautagai nahi zuten batzuek, baina berak lehenetsi egin du Donostiako Udaleko alkate izateko lehian aritzea. «Politika nazionalarekin nekatuta» dagoela dio, eta, orain, nahiago du Donostiari begira jarri, nahiz eta baduen Espainiako politikagintzaren inguruko gogoeta kritiko bat eginda. Belarriprest aritu da elkarrizketan. Espero du inoiz bere ideia politikoak euskaraz ongi azaltzeko gai izatea.

Ez da politika, Donostia da leloarekin aurkeztu du Senperrek hauteskunde kanpaina. Gainera, irudian ez da PPren ikurrik ageri. Ez du ezkutatu, ordea, nondik datorren: «Denek dakite Gipuzkoako PPren arduraduna naizela, baina nahi dut siglen gainetik Donostian egin nahi dudan proiektua gailentzea». Helburua «politika ona prestigiatzea» dela nabarmendu du: «Politikagintza tonu sorgarri batek kutsatu du. Udal mailan beste modu batera egin behar da politika, udalari dagokiona soilik kontuan hartuta».

Besteak beste, Voxek Espainiako politikagintzan egindako jauziari egotzi dio tonu hori Senperrek. Haren ustez, PPk ez luke erori behar joko horretan. Are, esan izan du PP Voxera hurbiltzen bada berak ez duela lekurik izango politikagintzan. Berehala izango dira Espainiako Gorteetako hauteskundeak, eta ikusten du aukera Ciudadanos, Alderdi Popularra eta Vox elkartzeko. Halere, ohartarazi du Voxen proposamenak gobernu akordioan ez sartzea dela «marra gorria».

Izan ere, haren ustez, «eskandalagarriak» dira alderdi ultraeskuindarraren proposamenak. Bai migrazioari dagokionez, bai genero auziari dagokionez. «Hura gobernu akordioetan ez sartzea da garrantzitsuena».

Lerro propioa alderdian

Halaber, aitortu du Alderdi Popularra Voxera hurbildu dela hilabeteotan, diskurtsoan bada ere. Horren adibide, joan den otsailaren 10ean Madrilen eginiko manifestazioaren deialdi bateratua Voxek, UPNk eta Ciudadanosek ere parte hartu zuten, Casadok abortuaren inguruan egindako azken adierazpenak, migrazioaren inguruan diskurtsoa gogortu izana... «Badirudi tonua igo nahi dela, hala dagoelako giroa, baina PPren proposamenak ezagunak dira, eta ez dago aldaketarik. Alderdiak ez du planteatu haurdunaldia etetearen legedian aldaketak egitea. Nik behintzat defendatzen dut oraingoa. Migrazioarekin berdin: uste dut erregulatu behar dela, baina gizatasunez».

Joan den ekainean PPk barne prozesu bat abiatu zuen alderdiko presidente berria hautatzeko. Senper Soraya Saez de Santamariaren hautagaitzaren alde agertu zen, eta, Casadok irabazi zuenez, alderdi barneko postuetatik kanpo gelditu zen. Madrilgo hauteskundeetara ez joatea eta diskurtso propioa izatea ez da, ordea, horren ondorio: «Errespetatzen ditut barne prozesuak, eta ez da aldagai erabakigarria nik egindako hautuan».

Orain begiz jota dauzka udal hauteskundeak, eta buru-belarri arituko da datozen hilabeteetan. Jabetzen da nolako zailtasunak izango dituen hori haurrekin hori bateratzeko, baina gurasotasunak batez ere andreei eragiten diela dio: «Emakumeei aukera eman behar zaie lanbidean segitzeko ama izanda ere, eta diruarekin eta kultura politikoa aldatuz lortzen da hori. Politika publikoak behar dira».

Hain justu, bere burua «liberal» gisa definitu du Senperrek, «baita poltsikotik gora ere». Kritikak jaso ditu hautagaitza aurkezteko bideoan bi andre elkar musukatzen azaltzeagatik, besteak beste: «Uste dut homosexualen ikusgaitasunean urrats handiak egin diren arren lesbianenean ez dela hainbeste lan egin. Hori irudikatu nahi nuen, Donostia hori ere errepresentatu nahi dudalako». Hori da Senperri «gustatzen» zaion PP, baina aitortu du ohartarazpenak ere jaso dituela: «Badakit kanpaina korapilatsua izango dudala, eta alde guztietatik jasoko dudala».

Alegia, kanpaina «pertsonalista» egitea da Senperren hautua: «Harro sentiarazten nau Euskadiko PP den horrek, baina profil propioaren ekarpena egin nahi dut». Haren iritziz, udal politikagintzak hala beharko luke: alderdietatik aldenduta hiri ereduaren inguruko akordioak osatzeko.

Beraz, hauteskundeetan emaitza onak lortuz gero, prest dago gainontzeko alderdiekin hitz egiteko: «Kanpaina egiteko ez badauzkat eskuak lotuta, ez dauzkat lotuta izango akordioak egiteko». Halere, aitortu du zaila dela Ahal Dugu-rekin eta EH Bildurekin akordioak osatzea: «Hiri ereduaren ikuskera antagonikoa dugu. Baina denekin hitz egingo dut». Lehenik eta behin, ordea, azken udal hauteskundeetan EAJra joandako botoak berreskuratzea du lehentasuna. Eta nahikoa boto lortuta, prest dago akordioak lotzeko: «Akordiorako tartea badago EAJrekin eta PSErekin». Baldintza bat jarri du: Donostia beste egitura instituzionaletako eztabaida politikoetatik aldentzea. Besteak beste, iragarri du ez duela onartuko udalak babes ematea Gure Esku Dago-k joan den azaroan egindako herri galdeketaren antzekoei. «Jakina da ez naizela independentista, baina errespetatzen dut egitasmoa. Uste dut udalen funtzionamendua distortsionatzen duten elementu batzuk direla».

Aro berria Euskal Herrian

Halere, aitortu du eztabaida politikoa «normalizatua» dagoela orain, ETA desagertu zenetik: «Biolentziak ez zituen soilik hildakoak utzi: bereizketa politiko handia utzi zuen, eta gainditzen ari da hori». Instituzioetan baino gehiago, kalean bertan sumatzen du nahi hori: «Gizarteak beharra zuen orria pasatzeko». Presoen egoerari dagokionez, legea bete behar dela dio, eta presoen biktimek diotena kontuan hartuta Coviteren lerroa bere egiten du Senperrek, uste du apurka normalizatuko dela espetxe politika ere.

Normalizazio horren adibide da euskararen auzia: «Garai batean, politikoki erabiltzen zen hizkuntza, eta orain nik ulertu dut badela euskara maitatzeko beste modu bat, eta, jakina, zaindu eta landu egin behar dela uste dut». Hurrengo elkarrizketan euskaraz aritzea jarri dio erronka bere buruari.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Usansoloko herritarrek egindako mosaikoa. ©OSKAR MATXIN / FOKU

Bizkaiko 113. udalerria izateko azken urratsak ari dira egiten Usansolon

Iñaut Matauko Rada

Prozesuari buruzko erakusketa eta herri mosaikoa egin dute. Ondo bidean, urrian onartuko dute Bizkaiko Batzar Nagusiek desanexioa

 ©RAUL BOGAJO / @FOKU

«Gure ereduaren oinarrietako bat da printzipio komunitarioa»

Iosu Alberdi

Urtebete igaro da Espainiako Gobernuak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kartzelen kontrola Eusko Jaurlaritzaren esku utzi zuenetik. Estrategia berria fintzen ari diren arduradun nagusietako bat da Artetxe.
Etxerat-ek antolatutako mobilizazio bat, Donostian. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Salbuespena desmuntatzen hasi den urtea

Iosu Alberdi

Euskal presoen %68,5 Euskal Herriko espetxeetan daude, eta gradu progresioak jasotzen hasi dira. Foro Sozialak uste du azken urtean «aurrerapauso sendoak» eman direla

Iñaki Larramendi: belaunaldi baten azkenetakoa

Iñaki Larramendi: belaunaldi baten azkenetakoa

Julen Aperribai

Txillardegi, Albisu, Gantzarain, Benito del Valle eta beste zenbaitekin batera Ekinen sortzaile izandakoa hil da, 93 urterekin. EGIrekin erabat hautsi, eta ETAren eratze batzarra egin zuen belaunaldi hark, 1958an.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.