Koronabirusa. Maddalen Iriarte. EH Bilduko legebiltzarkidea

«Politika publikoek funtzio berezia dute ongizate komunerako»

Koronabirusari premiaz aurre egiteaz gain, Iriartek ezinbestekotzat jo du sistema publikoa berriz aztertzea eta «inor atzean ez geratzeko» plangintza bat osatzea. Bere taldeak lankidetzarako jarrera daukala esan du.

ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE.
enekoitz esnaola
2020ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Koronabirusaren krisi garaian proposamenak egiten dabil EH Bildu: Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak atzeratzeko eskatu zuen, konfinamendua gogortzeko... «Eta horiek behintzat bete dira», dio Maddalen Iriarte (Donostia, 1963) taldeko legebiltzarkideak. «Jende prestatuarekin gabiltza lanean. EH Bilduko idazkaritzetako ekonomialariekin, osasun adituekin... Baina gure proposamenak osatzeko.EH Bildukoak ez diren adituekin ere badauzkagu harremanak».

Krisi honetan iniziatiba daukazuela erakutsi nahi al duzue?

Logikoa zen guk egindako proposamenak egitea. Esan dugu, era berean, testak egitea garrantzitsua dela gaixotasuna geldiarazteko eta nondik nora doan aztertzeko. Aitzindari izan gara gauza batzuk aurrera eramateko orduan. Urkulluk oraindik ez digu plan bat aurkeztu osasun, enplegu edo zaintza aldetik. Izaera eraikitzailea izan behar dugu orain ere. Hala ere, zenbait lagun fribolitatez aritu da publikoki EH Bilduren aurka, erridikulizatu nahian gure planteamenduak, guk herri honentzat onena nahiko ez bagenu bezala.

Esaten da oposiziotik errazagoa dela proposamen batzuk egitea.

Jaurlaritzan ez gara egon oraindik, baina nik dakidana da Jaurlaritzan banengo legebiltzarreko ordezkaritza guztiak eta inteligentzia osoa mahai batean batzen saiatuko nintzatekeela. Eragile guztiok batera hartu behar ditugu erabakiak. Ez diot Confebask-i daukan garrantzia ukatuko, baina ezin du Jaurlaritza bahituta eduki. Bestetik, Espainiako Estatuarekin dugun harremanak ere kezkatzen gaitu: menpeko harreman bat daukagu, eta herri gisa aurrera egiteko gaitasuna behar dugu. EH Bildu indar independentista bat da, eta autogobernu lantaldean geltoki gisa planteatua dugu Madrilekin berdinetik berdinerako harremana izatea.

Zer ardatz dauka krisiari erantzuteko zuen planteamenduak?

Hainbat krisitan bizitzea egokituko zaigu, eta ezin da efizientzia ekonomikoaren eta gutxi batzuen irabaziak defenditzen dituzten patronalen presiopean politika egiten jarraitu. EH Bilduk egokitu beharko du proposamen ugari, baina krisi hau lehertu aurretik ari ginen esaten gu politika publikoak indartu behar direla, eta jendea politiken erdigunean jarri behar dela. Sistema publikoa berraiz aztertu behar da.

Nola?

Orain arte era batera antolatu izan ditugu osasuna, zaintza... Aparte joan dira. Antolaera integral batean pentsatu behar da, herritarrei hobeto erantzuteko. Horiei heldu egin beharko zaie.

Orain zer da lehentasuna?

Lehen faserako, herritarren osasuna eta ekonomia babesteko neurriak plazaratu ditugu, eta, bigarrengorako, konfinamendua bukatu ondorengorako neurriak. Inor atzean ez geratzeko plangintza da bat gurea. Prest gaude lankidetzarako, eta esan diogu Eusko Jaurlaritzari ere. Euskal estrategia bat behar dugu. Baditugu erremintak, baditugu baldintzak. Gure herri honek lehen ere erakutsi izan du gaitasuna egoera zailei aurre egiteko.

Zer datorkigu?

Krisi hau ez da parentesi bat izango. Ez ditu erakunde publikoen politikak bakarrik jarriko auzitan; gure bizitzeko moduak eta erabaki politikoak berriz pentsatzea ekarriko du. Adineko jendearen zaintzaren edota hondakinen sistemaren pribatizazioak kezkatzen nau, esaterako. Zaindu behar dugu planeta, zaindu pertsonak. Ongizate amankomuna bilatu behar dugu, eta politika publikoek funtzio berezia dute horretarako. Ezin dugu bi abiadurako gizartea eraiki; multzo handi bat ezin da atzean geratu, bazterrean. Nik uste dut EH Bilduk bide egokia hartua duela horri erantzuteko.

Adibide praktikorik jartzerik bai?

Alkatetza dugun udalerrietan, esate baterako, gauzak beste era batera ari gara egiten. Badugu proiektu bat. Aldiz, EAJren eredua, emaitza elektoralak alde batera utzita, ahituta dago. Haren gobernantza modua eta politikak ahituta daude. Eremu pribatuaren aldeko politika bat darama.

Osasun publikoa nola harrapatu du koronabirusaren krisiak?

Bereizi behar dira Osakidetzako langileak eta Osakidetza bera. Krisiak Osakidetza ahul harrapatu du, organizazio tenkatu eta estresatu baten moduan. Urruti gaude Europako beste herrialdeengandik. Jaurlaritzak, ordea, okerrago daudenengandik alderatzeko joera du. Ondoen daudenekin alderatu behar dugu, eta herritarrak zaintzeko zutabeei indarrez eutsi. Osakidetza ez dago horrela; indartsu balego, dudarik ez krisi honi erantzuteko zailtasunak lituzkeela, baina gutxiago.

EH Bildu Jaurlaritzan balego, zer egingo luke funtsezkoak ezdiren lan jarduerak gelditzeko dekretuarekin?

Lehenik eta behin, esparru ekonomikoko hainbat eragileren ordezkariekin bilduko ginateke: denda txikiekin, ostalariekin, autonomoekin, sindikatuekin, enpresariekin... Confebask-ek ez ditu EAEko enpresari denak ordezkatzen. Zientzialariak ere gonbidatuko nituzke. Eta eztabaidagai zera litzateke: zer da funtsezko lan jarduera eta zer ez? Pandemia azkar eten behar da. Horregatik azaldu gara konfinamendua gogortzearen alde. Herrialde batzuetan hartu dute neurri hori.

Eusko Legebiltzarra gaitzeko eskatu duzue. Posible al da?

Bai. Egoera anomaloa bizi dugu: Urkulluk hauteskundeak deitzean, legebiltzarra desegin zuen, baina artean krisi hau ez zen lehertu, eta krisia lehertu denetik behin bakarrik bildu da Diputazio Iraunkorra. Hura legebiltzar txiki bihurtzeko zailtasunak daude, prozedurazkoak-eta. Beraz, ez dugu eztabaidarako gune bat, eta eskatu dugu lehendakariak gaitu dezala berriro legebiltzarra. Badauka eskumena horretarako; dekretu bat indargabetu besterik ez du egin behar, hauteskundeak atzeratzeko egin zuenean bezala.

Ez du ematen gaituko duenik.

Gure helburua ez da gobernuari kontrola egitea bakarrik. Talde parlamentarioen artean ere hitz egin nahi dugu, eta, ahal bada, akordioetara iritsi. EAEko aurreneko indar progresista da EH Bildu, oposizioko lehen indarra gara, eta guri herritarrek krisiaz galderak egiten dizkigute. Kezka dute. Eta gu proposamenak egiten gabiltza. Baina legebiltzarra ez dago aktibo. Behar dugu gune bat. Bada ere, Urkulluk gure proposamenei erantzuteko han; orain arte ez digu ezer erantzun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.