Andreu Van den Eynde. Abokatua

«Epaileek ez diote galdetu nahi CNIri ea Pegasus erabili duen»

'Pegasus auzia' «Europako espioitza kasurik handiena» dela salatu du Van den Eyndek. Hura ikertzeko borondate falta nabarmendu du, baina ziur da Espainiak azalpenak eman beharko dituela azkenean.

BERRIA.
Gorka Berasategi Otamendi.
Donostia
2022ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Andreu van den Eynde Kataluniako abokatua (Paris, 1975) Donostian izan da aste honetan, Pegasus auziari buruz hitz egiteko, Goldatu Francoren diktaduraren errepresaliatuen elkarteak gonbidatuta. Okendo kultur etxean eskaini zuen hitzaldia, astelehenean, Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidearekin batera, Estatuak espiatzen gaituenean izenburupean. Van den Eynde Pegasus programarekin zelatatu dituztenetako bat da, The Citizen Lab ikerketa zentroak ondorioztatu duenez. Apirilean, 65 kalteturen zerrenda eman zuen zentroak. Ia denak Kataluniako independentismoarekin lotutakoak, eta beste bi EH Bildukoak: Arnaldo Otegi eta Jon Iñarritu. Van den Eyndek argi du bera «zeharkako helburu bat» izan dela, ERCEsquerra Republicanako zenbait buruzagiren abokatua izaki, bere bezeroen gaineko informazioa eskuratzeko.

Nola erreakzionatu zenuen jakin zenuenean zure telefonoan espioitzarako software bat instalatu zutela?

Esan zigutenean, susmo bat baieztatzen deneko erreakzioa izan genuen. Eragina erlatiboa da, errepresioa oso orokortua dagoen honetan gertatu baita. Batzuetan, energia bilatu behar dugu horretara ez ohitzeko.

Eta zelatatzeen dimentsioaren berri izan zenuenean?

Ezin daiteke imajinatu norbaitek baliabide horiek bideratuko dituenik eta arrisku politiko eta juridiko hori hartuko duenik ia mundu guztia zelatatzeko. Espioitza politiko selektibo bat izan baita, baina masiboa aldi berean. Europako espioitza kasurik handiena da.

Zergatik uste duzu espiatu zaituztela?

Ni zelatatu naute nire bezeroak zelatatzeko. Eta ziurrenik pandemiako itxialdiko tarte batean espiatu nindutenez [2020ko apiril hasieratik maiatzaren bukaerara], litekeena da erbestearekin lotutako espioitza izatea, Marta Rovirarekin lotutakoa [ERCko idazkari nagusia], nire bezeroa baita. Uste dut jakin nahi zutela Rovirak zer egiten zuen Suitzan.

Espioitzaren atzean CNI Espainiako zerbitzu sekretuak daudela adierazi izan duzu. Zergatik?

NSOk, Pegasus espioitzarako softwarea saltzen duen Israelgo enpresak, behin eta berriz esan du soilik gobernu agentziei saltzen diela programa. Horrez gain, froga zirkunstantzial asko daude. Adibidez, CNIko burua zenaren dimisioa. Bestetik, [telefonoen] infekzioak askotan SMS mezu baten bidez gertatu ziren, eta mezuetan datu ofizialak erabiltzen zituzten; esaterako, Gizarte Segurantzaren zenbakia. Eta, finean, gobernuak aitortu du Pegasus auziko hemezortzi pertsona CNIk zelatatu dituela. La Directa agerkariak publikatu zuen Auzitegi Nazionalak dozenaka lagun espiatzeko baimena eman zuela [Kataluniako ezker independentistako, CDR Errepublikaren defentsarako batzordeetako eta Errepublikaren Kontseiluaren hurbileko ekintzaileak]. Datu asko daude CNI izan dela pentsarazten dutenak. Hori hala den argitzeko, galdetu besterik ez dago, baina epaileek ez diote galdetu nahi CNIri ea Pegasus erabili duen.

Espainiako Gobernuak esan zuen CNIk epaileen zaintzapean jarduten duela, baina zuek legez kanpoko espioitza salatu duzue.

Kontakizunean emaitza onak lortu dituzte esanez hori «baimenduta» dagoela, nahiz eta inork ez duen oraindik baimen bat bera ere ikusi. Baina gauza bat argi dago: auziko 65 espiatuetatik hemezortzi baimenduak izan direla adierazi dutenez, 47 falta dira, eta horiek ziurrenik ez daude baimenduta.

Eta baimendu diren zelatatzeei dagokienez ere ezin da ziurtzat jo epaile baten baimenak halako jarduera bat legezko bihurtzen duenik. Ziur nago epaile bat esku hartze horiek baimentzera ausartu bada prebarikatu egin duela. Zergatik? Erreminta hauen erabilera legera egokitu behar delako.

Noraino hel daiteke halako esku hartze bat?

Gaur egun, ez dago oinarrizko eskubideen kontrako esku hartze handiagorik smartphone baten monitorizazioa baino. Hor dauzkazu zure datu pertsonal guztiak: ekonomikoak, osasunari buruzkoak, sexu orientazioari eta sinesmenei lotutakoak, baita zure geoposizionamendua ere, dokumentazio pertsonala, eta profesionala nire kasuan, zure seme-alaben argazkiak... Ez dago beste lekurik munduan zure intimitatea kondentsatuago dagoenik. Horregatik dio legeak bonba bat lehertzear dagoen terrorista bat geldiarazteko soilik esku hartu daitekeela, eta ez kasu hauetarako.

CNIren eta NSO enpresaren aurkako kereilak aurkeztu dituzue. Zergatik bi horien kontra?

Gure tesia da NSOk arma bat egin duela, eta arma bat ezin daiteke edozein modutara saldu. Azaldu behar dute nola saltzen duten eta nola kontrolatzen duten arma hori, eta ba al dakiten erosleak zer egiten ari diren harekin. Eta, bestetik, bezeroak ere azalpenak eman behar ditu.

Zer erantzun dizuete orain arte?

Epaileek esaten didate hipotesi bat asmatzen ari naizela. «Nola dakizu CNI dela?». Nik ez dakit, baina epaileek lagundu behar digute hori argitzen. Zergatik ez diote galdetzen CNIri Pegasus ba al duen? Karpeta bat baldin badute nire datu guztiekin, bulego batean egongo da.

Zein da fiskaltzaren jarrera?

Ez du ikertu nahi. Guri eskatzen digu gertaerak frogatzeko. Esaten du: «Nola ikertuko dugu CNI ez badakigu bera izan den?». Zer nahi du, guk ekartzea froga? Froga epaileak lortu behar du.

Espainiako Gobernuak ere ez du ezer argitu, Europako Batzordetik informazioa eskatu arren.

Justizia komisarioari erantzunik eman ez dion herrialde bakarra da Espainia. Duela bi aste, komisarioa Espainian izan zen, eta errieta egin zien estatuko agintariei Pegasus auzia-ri buruzko eskutitzari ez diotelako erantzun. Espainiak pentsatzen du Europan ibil daitekeela etxeko harrokeriarekin, baina han zailagoa du. Halere, Europan ere oztopoak dauzkagu. Pegasus auzia ikertzeko europarlamentuko batzordean, adibidez, Jose Ignacio Zoido dago [Espainiako Barne ministro ohia]; hau da, Pegasus erosi zuena, ziur aski.

Pedro Sanchez Espainiako presidentea eta Margarita Robles Defentsa ministroa ere espiatu zituzten Pegasusekin. Horien salaketak aurrerapauso gehiago eman ditu auzibideetan?

Askoz ere azkarrago doa. Epaileak erreguzko eskaera bat egin dio Israeli, eta hara joango da. CNIko burua deitu du deklaratzera; guk ere eskatu dugu hori, baina ez digute onartu. Auzi perituak jarri ditu lanean, deklaratzera deitu ditu hainbat lagun... Ziztu bizian doa, eta gu geldi gaude.

Espioitzarako erreminta berriak erronka bat dira ikuspuntu juridikotik?

Zalantzarik gabe. Badira teknologia batzuk garaiezinak direnak. Pegasus eguneratzen badute, urte batzuk pasatuko dira eta atzemanezina izango da. Beraz, arma horien erabilera kontrolatzeko, estatuko botereen gaineko kontrol mekanismoak ezarri behar dira. Horrek bi dimentsio ditu: batetik, legala, arautzea; eta bestea, politikoa. Uste dut eztabaida oso global baten parte dela. Ziurrenik arautuko da, baina ikusi beharko da zenbat luzatzen den eta nola ezartzen den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.