Indarkeria matxistak umezurtz utziei laguntza emanen die Jaurlaritzak

Berdintasunerako Legea aldatzeko proiektua aurkeztu dute. Indarkeria matxista genero desberdinkeriaren «espresio goren» gisa jasoko dute

Mugimendu feministaren protesta bat, joan den otsailean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Auzitegiek eta administrazioak babesik gabe utzi dituen indarkeria matxistaren biktimei arreta eskaintzeko urratsa egin du Eusko Jaurlaritzak. Izan ere, Berdintasunerako Legea aldatzeko lege proiektuaren barnean sartuko ditu, bertzeak bertze, indarkeria matxistagatik umezurtz gelditurikoei laguntzak ematea eta justiziak kalte-ordainik gabe utzi dituen emakumeei ere babes ekonomikoa eskaintzea.

Espainiako Senatuan eta Kongresuan eztabaida ugari sortu dituen gai bat da indarkeria matxistaren ondorioz umezurtz geldituriko haurrena. Izan ere, duela gutira arte laguntza ekonomikorik gabe gelditzen ziren ume horietako anitz, indarkeria matxistagatik hildako amek ez zutelako batere edo aski kotizatu —hamabortz urteko gutxienekoa jartzen zien legeak—. Bi urtez eztabaidatu ondotik, indarkeria matxistaren ondoriozko umezurtz guziei pentsioa ematea deliberatu du Espainiako Kongresuak. Halere, diru gutiago emanen diete euren amek kotizatu ez edo gutiago kotizatu zutenen seme-alabei; eta, oro har, umezurtzek eskaera egin beharko dute laguntza jaso ahal izateko.

Indarkeriaren muinera

Iazko martxoaren 12an zabaldu zuen Eusko Jaurlaritzak Berdintasunerako Legea aldatzeko aurreproiektuari ekarpenak egiteko hilabeteko epea, eta, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak atzo jakinarazi zuenez, pozik daude jasotako ekarpenekin, laurehundik gora izan baitira. Indarkeria matxistaren alorrean lan egiten duten profesionalek, adituek, erakundeek eta gizarte eragileek parte hartu dute prozesuan, mugimendu feminista barne.

Indarkeria matxistari dagokion atala osatuko dute bereziki Berdintasunerako Legearen aldaketarekin, eta, ekarpenak jasota, osatuta dago jada lege proiektua. Eusko Legebiltzarrera eramanen dute orain.

Lege proiektuak, oro har, berdintasunik ezean jartzen du indarkeria matxistaren erroa, Landaidaren arabera horixe baita genero desberdinkeriaren «adierazpide gorena»; eta hori gainditzeko neurriak proposatzen ditu, biktimarengan arreta jarrita, bereziki. Hala, Istanbulgo Hitzarmenera egokitu dute legea.

Bertzeak bertze, emakumeen ahalduntzean, biktimen arretan, indarkeriaren biktimak artatzen dituzten profesionalen prestakuntzan, biktimen erreparazioan eta prebentzioan jarri dute arreta. Erraterako, jakinarazi dute bortizkeria matxistaren biktima izandakoei kalte-ordaina emanen dietela, epaitegiek errandakoetatik at —justiziak aintzat hartzen ez dituen kasuak Eusko Jaurlaritzak hartuko ditu bere gain—.

Berdintasunerako Legearen aldaketa proposamenak bikotekideak eragindako indarkeriatik haragoko bortxak ere hartuko ditu aintzat, hala nola indarkeria sexuala, familia barnekoa eta emakumeen eta nesken salerosketarena. Indarkeria jasan dutenen egia aitortzea eta berriro ez gertatzeko bermeak jartzea ere izanen ditu ardatz.

Ikerketa ere areagotu nahi dute indarkeriari buruzko datuak jasotzeko, eta, horretarako, Berdintasun Behatokia sortzea proposatzen du legeak. Horretan ere «ikuspegi polizial-judiziala» gainditzeko apustua eginen dute.

Guraso bakarren baimenak

Bertze berritasun bat ere iragarri zuen atzo Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Gobernu Kontseiluaren ondoko agerraldian: administrazio publikoan lan egiten duten aita eta ama bakarrei gurasotasun baimena 18 hilabetetik 24 hilabetera luzatuko diete, 2020ko urtarrilaren 1etik, gibelapenez. «Familia eredu berriekiko errespetuan aitzindaria» dela erran du Erkorekak, eta eremu publikotik pribatura «efektu eragilea» izatea espero duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.