Koronabirusa

Sindikatuek diote ez direla itzuliko eskolara baldintzak negoziatu ezean

ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGTk «aldebakarreko» erabakia hartzea eta «inprobisatzen» aritzea leporatu diote Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari

Edurne Begiristain.
2020ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, herenegun, iragarri zuen osasun egoerak bide emanez gero hainbat mailatako ikasleak ikasgelara itzultzen hasiko direla maiatzaren 18an. Sindikatuak oso kritiko agertu dira Jaurlaritzaren asmoekin, eta, atzo, erantzun bateratua eman zioten Cristina Uriartek zuzentzen duen departamenduari. Atzo arratsaldean kaleratutako oharrean, ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek ohartarazi zuten ezen, ikastetxeetara itzultzeko baldintzak negoziatu eta langileen osasuna bermatu ezean, maiatzaren 18an ez direla joango lanera.

Uriartek, herenegun, jakinarazi zuen hilaren 18an itzuliko direla Batxilergoko bigarren mailako ikasleak, eta maiatzaren 25ean DBHko laugarren mailakoak eta Batxilergoko lehen mailakoak, besteak beste. Aurrez aurreko eskoletara itzultzeko zenbait neurriezarriko dituztela iragarri zuen Uriartek; tartean, metro eta erdiko distantzia «eskola postuen» artean, eta maskarak erabiltzeko betebeharra ikasleentzat, irakasleentzat eta hezkuntzako gainerako profesionalentzat.

Sindikatuak, baina, erabakia jakin bezain pronto oso kritiko agertu dira Jaurlaritzaren asmoekin. Atzo, plana aztertzeko bilera egin zuten ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariek, eta berretsi egin zuten kritika: salatu zuten Uriartek ikastetxeetara itzultzeko aurkeztutako plana ez dela negoziatu langileen ordezkariekin. «Osasun krisi honen kudeaketa guztian bezala, aldebakarreko beste erabaki inposatu bat izan da». Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza sistemaren egoera ezagututa, ondorio argi bat atera dute sindikatuek: «Gaur-gaurkoz, langileen eta ikasleen osasuna bermatzeko baldintzarik ez dago maiatzaren 18tik aurrera itzulera abian jartzeko».

Behar adina mobilizazio

Datozen egunetan, sindikatuak hezkuntzako eragileekin harremanetan jarriko dira egoerari buruz gogoeta egiteko eta erantzun bateratua emateko. Halaber, ohartarazi dute behar adina mobilizazio abiatuko dituztela langileen eta ikasleen osasuna bermatzeko.

ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuen ustez, Hezkuntza Sailaren plana «motz» geratzen da, eta segurtasun irizpide orokor batzuk baino ez ditu jasotzen. Gainera, Uriartek zuzentzen duen departamenduari aurpegiratu diote segurtasun irizpide horiek ikasteetxeekin adostu gabe erabaki direla, eta ez direla aurreikusi neurriak abian jartzeko beharrezkoak diren baliabideak.

Neurriak «inprobisatzen» aritzea eta osasun eta segurtasun protokoloak haiekin adostu gabe erabakitzea leporatu diote sindikatuek Hezkuntza Sailari. Horregatik, uste dute «arduragabekeria» litzatekeela ikasleak maiatzaren 18an bueltatzea ikasgelara. «Arrisku larrian jarriko litzateke langileen eta ikasleen osasuna eta, beraz, gizarte osoarena».

Hori horrela, oharra sinatu duten sindikatuek Hezkuntza Sailari eskatu diote ez dezala ikasgeletara itzultzeko plana abiatu osasun eta segurtasun neurriak negoziatu aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.