Albistea entzun

Koronabirusa. Miguel Angel Gastelurrutia. Gipuzkoako Farmazialarien Elkarteko presidentea

«Erabilgarria izan daiteke antigeno testak farmazietan egitea»

Beharrezko formakuntza eman eta farmaziak ere COVID-19aren baheketarako erabiltzeko eskatu du Gastelurrutiak.
JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Irati Urdalleta Lete -

2020ko urriak 27

Koronabirusaren baheketak egiterakoan farmaziak ere kontuan hartzeko eskatu du Miguel Angel Gastelurrutiak (Eskoriatza, Gipuzkoa, 1956), Gipuzkoako Farmazialarien Elkarteko presidenteak. Nabarmendu duenez, badute esperientzia beste gaixotasun batzuen baheketan.

Eskatu duzue COVID-19aren baheketetan farmaziak kontuan hartzeko. Zer eskatzen duzue zehazki?

Beti saiatzen gara ematen kolektibo moduan eman dezakegula uste duguna. Farmazia Antolamenduko Legea daukagu, zeinak ez duen baimentzen farmaziak pilatzea. Guk, hori aprobetxatuz, uste dugu osasun establezimendu moduan tresna oso erabilgarria izan daitekeela farmazia; kasu honetan, koronabirusaren testak egiteko. Jada iritsi dira, adibidez, antigeno testak, sentsibilitate oso handikoak. Uste dugu erabilgarria izan daitekeela horrelako testak farmazietan egitea, beti koordinatuta eta administrazioarekin kolaboratuz, guztia erregistratuz eta dena administraziora bidaliz.

Zer baliabide dauzkazue testak egiteko?

Guk osasun establezimendu bat daukagu, eta osasun arloko profesional unibertsitarioa: farmazialaria. Farmazia guztiek daukate arta pertsonalizaturako leku bat, konfidentzialtasuna izateko, eta, segur aski, hori izango litzateke probak egiteko tokia.

Zenbat profesional eta farmazia dituzue?

Euskadin, 838, eta Gipuzkoan, 287. Farmazia bat dago 2.000 biztanleko, eta, gainera, oso ondo banatuta. Herri txikienak ere farmazia bat dauka.

Zergatik uste duzue orain arte ez zaituztetela kontuan hartu proba horiek egiteko?

Orain gripearen txertoarekin ari gara; ez dute nahi jendea osasun etxera joatea, eta beste leku batzuk antolatzen ari dira. Agian, izan liteke erabiltzeko baliabide bat farmazia. Beti da errazagoa zureekin lan egitea, zure taldearekin, zure langileekin, baina aurrekoan irakurri nuen Erresuma Batuan koronabirusaren aurka dentistek, farmaziek eta eskura dituzten osasun langile guztiek txertatuko dituztela. Iruditzen zait neurri egokia dela. Ahalik eta jende gehienarengana iritsi behar bada, erabil ditzagun dauzkagun baliabide guztiak: hori eskaintzen ari gara.

Zuek PCRak eta antigenoen testak egiteko prest al zaudete?

PCRak ezin ditugu egin, PCRak egiteko lagina hartu baizik, eta, gero, laborategi batera bidali. Antigeno testa, ordea, jada merkaturatzen ari dira, eta egin genezake, emaitza ordu laurdenean edo hogei minutuan emanez. Gainera, testa askoz merkeagoa da. Egia da sentsibilitate pixka bat galtzen dela, baina uste dugu nahikoa dela herritarren baheketa baterako.

Baliabideren bat beharko zenukete horretarako?

Egokitzapena, formakuntza eta prestakuntza beharko genituzke, baina gero egin ahal izango genuke, eta ondo egingo genuke, proiektu gehienak egiten ditugun bezala.

Beste baheketaren batean ere parte hartu duzue, ezta?

GIBa azkar atzemateko programa bat daukagu, eta uste dut oso ondo funtzionatzen duela. Egin ditugu programa batzuk diabetesaren arriskua atzemateko ere, eta oso ondo funtzionatu dute. Araban, giltzurrunetako gaixotasunen egunean, baheketak egiten dituzte, eta arrakasta handia izaten dute. Baheketen kontua oso gurea da, banaketa geografikoarengatik eta pazienteek farmaziara joateko duten erraztasunarengatik.

Zer ikasi duzue horietatik?

Ikasi dugu egin dezakegula, konfidentzialtasuna mantendu dezakegula eta horrelako testak ondo egin ditzakegula, egin behar diren modura.

Gutxietsita sentitu al zarete?

Alde batzuetan, bai; beste batzuetan, ez. Guk beti ulertzen dugu administrazioak baloratzen gaituela, baina ez gaituela aintzat hartzen. Aintzat hartzen gaitu gauza asko batera egiten ditugulako, baina ez gaitu nahikoa aintzat hartzen edo gehiago har gaitzake.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Miravalles-Redin ikastetxe, Iruñean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Nafarroak batxilergoko ituna eten die ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxeei

Ion Orzaiz

Hezkuntza Departamentuaren esanetan, Opus Deiren bi eskolek, Miravalles-Redinek eta Irabia-Izagak, «ez dituzte betetzen itunerako baldintzak»

Pilar Alegria PSOEko eledun eta Hezkuntza ministroa, gaurko agerraldian. ©FERNANDO ALVARADO / Efe

Sexu askatasunaren legea aldatzeko proposamen bat aurkeztuko du PSOEk Espainiako Kongresuan

Maite Asensio Lozano

'Soilik baietz da baietz' legearen aurreko zigorrak berreskuratu nahi ditu Espainiako Justizia Ministerioak, baina Berdintasun Ministerioko iturriek zehaztu dute erreforma batek ez dituela geldiaraziko kondena berrazterketak, eta legea ondo aplikatzean dagoela giltza; horretarako, «premiazko» neurri sorta bat proposatu du. 

Haurren futbol partida bat. ©Maialen Andres / FOKU

«Arrazakeria» salatu dute Arrigorriagan jubenilen futbol partida batean gertatutakoarengatik

Edu Lartzanguren

Haur sikh bati buruko zapia kenarazi nahi izan dio epaileak, eta Federazioak 300 euroko isuna jarri dio taldeari

Donostia ospitaleko zerbitzuburuen protesta, abenduan. ©Jon Urbe / FOKU

Donostia ospitaleko zerbitzuburuek protestan segituko dute negoziazioa «bideratuta» egon arte

Julen Aperribai

Elkarretaratzea egin dute gaur ere Donostia ospitaleko atarian. Azken bileraren aktarekin batera, «kronograma» bat bidali zioten Osakidetzako zuzendaritzari, eta erantzuna jasotzeko zain daude.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...