Koronabirusa

Arabak 29 milioi jarriko ditu ekonomia suspertu eta enplegua bultzatzeko

Enpresei eta autonomoei laguntza zuzenak emango dizkie, eta herrialdeko produktuak kontsumitzeko bonuak aterako ditu

Ramiro Gonzalez, atzo, Gasteizen, planaren aurkezpenean. JAIZKI FONTANEDA/FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2020ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Arabako Aldundiak 29 milioi euro jarriko ditu osasun larrialdiak eragindako krisiari aurre egiteko. Ekintza plan bat onartu du ekonomia suspertzeko eta enplegua «berreskuratzeko», Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak adierazi duenez. Epe laburreko premiazko neurri ekonomikoak dituen plan bat da, eta erdia baino gehiago zuzeneko laguntzen bitartez emango da.

Denera 50 neurri jasotzen ditu planak, eta atzo aurkeztu zuten. Aldundiak 11,5 milioi euro gorde ditu enpresa txikiei eta ertainei eta autonomoei laguntzeko. Zuzeneko diru laguntzak emango dizkiete digitalizaziorako eta oinarrizko gastuei aurre egiteko. Laguntza jasoko dute, halaber, emakumeei eta 45 urtetik gorakoei kontratu mugagabeak egiten dizkietenek.

Tokian tokiko merkataritza eta herrialdeko produktua bultzatzeko kontsumo bonuak aterako ditu, baita barne turismoa sustatzeko ere. Bestalde, milioi bat euro erabiliko ditu kultura arloko enpresei laguntzeko,eta beste milioi bat gordeko du ingurumenari lotutako proiektuetarako. «Orain, inoiz baino garrantzitsuagoa da tabernan Arabako Errioxako ardo bat edo Aiarako txakolin bat eskatzea, oporrak Arabako landa etxe batean erreserbatzea, eta gure herriko dendetan Arabako patata erostea», esan du Gonzalezek.

Izan ere, ahaldun nagusiak iragarri du 540 milioi euro gutxiago bilduko direla aurten zergen bitartez Araban, hots, iazko diru bilketan baino %20 edo %22 gutxiago. Bilketa apaltzearen ondorioz, diputazioak aurrekontua 100 milioi txikitu behar izango duela uste du ahaldun nagusiak. Erantsi du, baina, obra publikoei eutsi egingo zaiela. Aldundiak 60 milioi euroko inbertsioa zuen aurreikusia. Horiez gain, beste 248 milioi ere gehitu behar zaizkie, neurri fiskalei lotutakoak. Izan ere, zergen ordainketen atzerapenak eta zerga kenkariak onartu baititu Foru Ogasunak herritarrentzat eta enpresentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.