Ertzain bat hil da Donostian, eta beste bat zauritu, autoa itsasadarrera erorita

Ibilgailuan harrapatuta geratu da hildakoa; 47 urteko gizon donostiar bat da. Goizaldean izan da istripua, Maria Kristina zubiaren ondoan

Ertzainen autoaren erreskate lanak, Urumea ibaian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Maria Ortega Zubiate
Donostia
2020ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Ertzaintzaren auto bat Urumea ibaira erori zen atzo goizaldean Donostian, eta barruan zihoazen bi polizietako bat hil egin zen, ibilgailuan harrapatuta. 47 urteko gizon donostiar bat zen, eta hainbat urtetako esperientzia zuen Ertzaintzan eta Udaltzaingoan. Beste ertzaina, 33 urteko gizon zumaiarra, erreskatatzea lortu zuten, eta zaurituta eraman zuten ospitalera. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak azaldu zuen autoak barandaren jo zuela, eta, hura hautsita, uretara erori zela. Sailburuaren esanetan, «ezbeharra» izan zen gertatutakoa.

Istripua 03:30 aldera gertatu zen, Gipuzkoako hiriburuko Maria Kristina zubitik gertu. Zergatik ez dakitela, Ertzaintzaren autoa itsasadarrera erori zen, Renferen tren geltokia dagoen aldetik. Erkorekak adierazi du «zorte txarraren» ondorio izan zela istripua, eta gaineratu du autoak barandaren «zati ahulena» jo zuela. Era berean, Segurtasun Sailak adierazi du ertzainak ohiko lanak egiten ari zirela, hau da, istripua gertatu zenean ez zegoela operazio berezirik martxan.

Arin zauritutako ertzainak bere kabuz lortu zuen autotik irtetea, eta Donostiako ospitalera eraman zuten, hipotermia sintomak zituela, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak Onda Vascan adierazitakoaren arabera. Ertzainaren osasunaren eboluzioa ona izan dela erantsi zuen. Era berean, gertatutakoa argitze aldera, ikerketa bat abiatu du Ertzaintzak. Halere, Zupiriak nabarmendu du zauritutako ertzainaren «indarberritze prozesua errespetatuko» dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.