Dioxinak eta furanoa «ohiko mailetara» itzuli dira Zaldibarren

Otsailaren 22tik 26rako neurketen berri eman du Eusko Jaurlaritzak. Talde bat arakatu gabeko eremu batean hasiko da bilatzen asteburuan

Sololuzeren eta Beltranen aldeko lore eskaintza, atzo. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
jon olano
2020ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Zaldibarko Verter Recycling 2002 SM zabortegiaren (Bizkaia) inguruko dioxina eta furano mailak hiri esparruetako ohikoak dira berriro, azken laginen emaitzen arabera. Hala jakinarazi zuen atzo Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, ohar batean. Maila horiek azaleratu dituzten neurketak otsailaren 22tik 26ra bitartean egin zituzten.

Atzo bete zen hilabete zabortegia amildu eta bi langile harrapatuta geratu zirenetik, eta, atzo arratsaldean, lore eskaintza egin zuten Eitzagako plazan, Zaldibar Argitu plataformak deituta, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltranen alde. Hilabete daramate desagertuta, baina, haiek bilatzeko Koordinazio eta Jarraipenerako Mahai Teknikoaren arabera, bi beharginak topatzea da operatiboaren «amaiera bakarra», «denbora» beharko bada ere. Mahaia atzo batzartu zen Ermuan, eta, ondoren Pedro Anitua Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariak jakinarazi zuenez, beste bide bat zabaldu dute, modu seguruan ailegatzeko B1-3 eremura. Hortaz, asteburuan zehar, talde bat bilaketa lanetan hasiko da «hildakoetakoren bat topatzeko aukera dagoen» eremu batean. Horrez gain, B4 gunean ari dira arakatzen; 10.600 metro kubiko kendu dituzte handik.

Bestalde, PPk Europako Batzordeari zuzendutako zenbait galdera erregistratu ditu Europako Legebiltzarrean, jakiteko Espainiari informazio zabalagoa eskatuko dion gertatutakoaz, eta zer neurri hartuko dituen ziurtatzeko hondakinak «giza osasunerako eta ingurumenerako arriskurik gabe» kudeatzen direla Euskal Autonomia Erkidegoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.