Mobilizazioen atarian, erregaien zergen igoerari eutsiko dio Frantziak

500 milioi euroko plana onartu du auto kutsatzaileenen ordezkapena laguntzeko. Jaka Horiek mobilizazio eguna dute larunbatean

Edouard Philippe lehen ministroa, artxiboko irudian. YOAN VALAT / EFE.
Irune Lasa.
2018ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Erregaien gaineko zergen gorakadak piztutako sumindura indarra hartzen ari dela, Emmanuel Macronen gobernuak neurri horrekin jarraitzeko asmoa agertu du, baina, aldi berean, ibilgailuen eta berokuntzaren inguruko beste zenbait neurri ere iragarri ditu, sare sozialetatik kaleetara jauzi egin duen haserrea nolabait baretu nahian.

Hala, Jaka Horien mugimenduak larunbat honetarako antolatutako mobilizazioen atarian, Frantziako Gobernuak ibilgailu eta berokuntza sistema zahar eta kutsatzaileenak sistema garbiagoekin ordezkatzea laguntzeko 500 milioi euroko plan bat onartu du atzoko Ministroen Kontseiluan. Plan horretan, besteak beste, joan-etorri luzeak egiten dituztenentzako zerga abantailak automobil txikiagoetara zabaltzearen aukera aipatzen dute. Era berean, Hauts-de-France eskualdean indarrean den erregai txekea zergapetzeari uztea erabaki dute, ziurrenez, laguntza hori Frantzia osora zabaltzeko aukera aztertzen ari direlako.

Planaren nondik norakoak atzo azaldu zituen Edouard Philippe lehen ministroak, telebista kate bateko elkarrizketan. Eta Philippek aukera baliatu zuen argi uzteko erregaien zergen igoerak ez dituztela baliogabetuko. Ez dira bertan behera geldituko jada indarrean dauden igoerak, ezta datorren urte hasieran indarrean ezarriko diren berriak ere. Urte hasieratik diesel litroaren gaineko zerga 7,6 zentimo handiagoa da Frantzian, eta gasolina litroaren gainekoa 3,9 zentimo handiagoa. Gainera, datorren urte hasieratik zerga horiek igo egingo dira berriz: sei zentimo diesel litroa, eta hiru gasolinarena.

Lehen ministroak larunbatean hainbat errepide blokeatzeko asmoa duten Jaka Horientzako hitzak ere izan zituen: «Frantsesei esaten diet, jakina, badutela manifestaziorako eskubidea, baina arduraz jokatu behar dute eta legea errespetatu». Herritarren segurtasunagatik kezkatuta agertu zen Philippe, eta esan zuen manifestazio legeak protestak aurretik deklaratzera behartzen duela.

Lehen ministroaren arabera, «atzerriko energia garesti eta kutsatzaile baten mende daude frantziarrak» eta gobernuak«neurri ugariren bidez» frantziarren kezkei erantzuteko «irteera plan bat» ekarri du.

Halere, ez dirudi Philippek aurkeztutako planak eta asteartean Macron presidenteak berak aipatutako garraiolarientzako laguntzen promesak baretu dituenik.

Euskal Herrian, larunbaterako bi deialdi dituzte oraingoz Jaka Horiek. Batzarrera deitu dute Miarritzeko Irati Aretoaren aparkalekuan, 08:30ean —Lurrama azoka egongo da han egun berean—, eta Hendaian ere batzarra dute ordu berean, Lidl merkataritza zentroaren aparkalekuan.

500 milioiko plana

Asko kutsatzen duen automobil zaharra txatarretara bota eta berria erosteko laguntzak 2.000 eurotik 4.000 eurora igoko ditu gobernuak bere plan berrian. Laguntza hori baliabide gutxiko herritarrek jasotzen dute (frantziarren %20). Aldaketa horrekin, bost urtean errepideetatik milioi bat auto zahar kendu nahi dituzte—orain arte helburua milioi erdi ibilgailukoa zen—.

Joan-etorri luzeak (60-70 kilometro eguneko) egiten dituzten ibilgailuentzako zerga abantailak zilindro txikiagoko ibilgailuentzako ere zabaltzea litzateke beste neurri bat. Horrek, lehen ministroaren ustetan, herritar askori egin diezaioke mesede.

Beste neurri bat Hauts-de-France eskualdean indarrean den erregai txekea zergapetzeari uztea da. Hilabeteko hogei euroko laguntza bat da, diru sarrera jakin batzuen azpitik dauden eta 30 kilometrotik gorako lanerako joan-etorria egiten duten gidarientzat, betiere lantokiaren eremuan garraio publikoa eskasa bada. Txekea herrialde osora zabaltzeko aukera mahai gainean dago.

Auto gidarientzako neurriez gain, etxeetako berokuntzen inguruko neurriak ere iragartzen ditu Frantziako Gobernuaren planak. Hala, energia txekea deiturikoa 50 euro inguru handituko da, batez beste 150 eurotik 200era, eta hura jasotzeko baldintzak aldatu egingo dira, 5,6 milioi lagunengana irits dadin—gaur egun 3,6 milioi herritar dira onuradunak—. Berokuntza sistemen berritzea bultzatzeko neurriak ere badaude, tartean fuel-oliozko berogailu eta galdarak ordezkatzeko kostuaren herena hartuko lukeen saria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.