Departamendu eta eskualde bozak. Jean Jacques Lasserre. Forces 64ko hautagaia

«Inkoherentea da departamendua ezabatzeko aurkeztea»

Departamenduak desagertzear zirela instituzioari «distira eman» diola dio Jean Jacques Lasserre Kontseilu Nagusirako presidentegaiak. Adierazi du herritarren beharrei erantzuten dien ezinbesteko egitura dela.

BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2021eko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Departamendu Kontseiluko presidente izaten segitu nahiko luke Jean Jacques Lasserrek (Bidaxune, Nafarroa Beherea, 1944) ondoko sei urteetan. Orain arte egindakoaz harro, aurkariei ziztadak botatzeko baliatu du elkarrizketa.

Zer bilan egiten duzu azken sei urte hauetako agintaldiaz?

Departamendua kokatu dugu instituzionalki. Duela sei urte desagertze arriskuan ziren; entseatu gara bere distira guzia ematen, eta gure ezkerreko lagunek arriskuan jarritako finantza egoera bere onera ekartzen. Lerratze hori gelditu behar zen: zorpetze maila, aurrezkiaren desagertze progresiboa, kudeaketa mailako axolagabekeria andana. Eta, horrez gain, gure konpetentziak betetzen entseatu gara, arloz arlo.

77 urte dituzu; 83 izanen dituzu hemendik sei urtera.

Galdera hori kazetariek egiten didate hautagaiek baino gehiago. Betidanik izan dut departamenduaren pasioa. Senatari izan nintzen, eta senatua utzi nuen departamendura etortzeko. Erabakia ez dut bakarrik hartu, nire zerrenda kideek bultzatu naute. Niretzat ohore bat da: ezkerra erabat zatitua da; gu, erabat batuak. Baina zintzoki: zeren izenean adin bat dugunean ez dugu zer erranik? Departamenduak belaunaldi guzientzat lan egiten du, nirearentzat ere bai. Laburbilduz: gustu pertsonal bat da, eta hautu kolektibo bat.

Abstentzio handia iragartzen dute. Kezkatzen zaitu?

Abstentzioak beldurtzen nau. Badira egun batzuk kanpaina pixka bat animatzen hasia dela. Herri guzietara goaz, eta sentitzen dugu jendea interesatzen hasten dela.

Hostopil instituzionalak ez ote ditu herritarrak urruntzen?

Instituzio bakoitzak bere buruari egin behar dion galdera da. Herri gehiegi ote da? Ez dut uste. Eskualdeek zentzurik ba ote dute? Uste dut baietz. Gain-dimentsionatuak dira, ez dute nahiko nukeen bezala funtzionatzen, baina ez dira desagertu behar. Helep-ek zentzua badute? Bai. Departamendu honetan neurri ezberdinetakoak ditugu: handienak 300.000 biztanle ditu, [Ipar] Euskal Herria da, eta txikienak 13.000 biztanle. Eta departamenduena ez da gehiago gai bat. Jendea beharbada ez da ohartzen, baina sozial arloan departamenduak duen presentzia ikusten dugularik... Beren lekua dute osorik. Mendebaldeko gizarte guzietan badira hainbeste egitura: Alemanian, Espainian... Galdera da bakoitzak bestearekin zer harreman duen. Eta arlo horretan partaidetza andana egin ditugu beste instituzioekin.

Ipar Euskal Herrirako ez ote luke zentzu gehiago departamenduaren eskumenak bere eginen lituzkeen estatus bereziko lurralde elkargo batek?

Hori da EH Baien desira, eta ez da inorentzat sekretu bat zuen prentsa taldeak helburu hori duela ere. EH Bai aurkezten da Departamenduko Kontseilua ezabatu eta estatus bereziko lurralde elkargo bat sortzeko. Modelo bakarra dago Frantzian: Korsika. Departamendua eta eskualdea egitura bakarrean ematea erabaki dute. Ez dakit [Alain] Rousset presidenteak zer pentsatzen duen horri buruz. Proposamen hori aukera gisa ikusi nuen orain dela urte batzuk, departamenduak desagertze arriskuan zirelarik. Gaur egun, ez dut uste konponbide egokia denik. Anitzen begietan, eta bereziki alderdi nazionalistentzat, estatus bereziko lurralde elkargoa helburu bat da, baina etapa bat besterik ez da nazio eraikuntzaren bidean. Nik, pertsonalki, ez dut bat egiten. Korsikan gertatu denari begiratzen badiogu, analista guziek diote ez dela zinezko hobekuntzarik izan. Departamendura aurkezten banaiz, instituzioa distiratzeko da; inkoherentea iruditzen zait bozetara aurkeztea departamendua ezabatzeko... Hau dena idatziko duzu, ezta?

Osasun langileen protesta andana izan dira azken urteetan. Departamenduak aski baliabide ematen die?

Begiak irekiak ditugu. Departamendu Kontseiluan ehunka gizarte langile ditugu, eta ez dugu beste instituzio batzuetan ikus daitekeen arazo larririk: lansariak emendatu ditugu zahar etxeetan, hobekuntzak ekartzen saiatzen gara etengabe... Zinezko arazoa da bokazio krisi bat badela. Langile falta handia dugu, baina ez dugu zertan gorritu langileei eskaintzen dizkiegun baldintzekin.

Osasun krisiak krisi ekonomikoa ekarriko duela aipatzen da. Zer eginen duzue?

Gizarteratzean diren gazteak anitz dira, eta emendatzen ari dira. Gure araua hau da: zorroztasuna eta gizatasuna. Ez dugu inor bide bazterrean uzten. Diru anitz ezartzen dugu gazte horiek duintasunaren eta enpleguaren bidean ezartzeko. Guri ez dagozkigun beste gazte kategoria batzuk ere laguntzen ditugu. Eztabaida handia da errenta unibertsala ezarri behar den ala ez. Biziki engaiatuak gara gazteen laguntzan, eta, diru gehiegi ezartzen dugula diotenen iritziaren kontra, gehiago ezartzen segituko dugu.

Zer iritzi duzu errenta unibertsalaz?

Departamendu gutxi batzuek abiatu dute, baina ez dut modelo satisfagarri bakar bat ere atzeman. Errenta unibertsal automatikoa ez da aski. Gutxieneko errenta behar da, eta horrekin, banakako laguntza. Helburua ez da gaztea behin betiko segurtasun batean ezartzea, ororen buru ez baitzaio baliagarri izanen. Gutxieneko segurtasun bat eman behar zaio, oinarrizko kezkak kendu eta hobekuntzak egin ditzan, eta laguntza eskaini, anbizioaren eta bikaintasunaren bidean.

CIMADE elkarteak migrante adingabeei ematen zaien tratua salatu du maiz. Giza duintasuna errespetatua dela uste duzu?

Gai delikatua da. CIMADEko arduradunak aurrez aurre ezagutzen ditut, eta gertatu izan zait haiekin arazoak konpontzen aritzea. Baina gustura direnean ez dizuete erraten. Tratu txarren gaia ez da gure kulpa. Izan dira arazoak adinaren neurketarekin, baina, nik dakidala, ez ehunka. Artatzen ditugun ehunka gazteen artean, ez da ezinezkoa akatsak egotea. Baina hori Kontseilu Nagusiaren burugabekeriaren ondorioz dela erratea faltsua eta onartezina da.

EEPko kide da departamendua. Zer diozu Frantziako Estatuarekin diren tentsioei buruz?

Ez dut uste EEPn sakoneko krisirik dagoenik. Konstituzio Kontseiluko helegiteak ezinegona sortu du, baina EEPk funtzionamendu egokia du, eta ezinbestekoa da atxikitzea. Pertsonalki, biziki harro gara egin izan dugun lanaz; urteetan Seaska lagundu dugu. Formulak atzeman ditugu legearen debekuak gaindituz eskolen eta kolegioen instalatzea laguntzeko. Zailtasunak zailtasun eta PSren etengabeko oposizioaren gainetik, beti lagundu izan dugu. Gauzak aitzinatu behar dira: murgiltzea Frantziako Hezkuntzan sartu behar da, eta itunpekoak ere lagundu behar dira.

Zer laguntza izanen du Seaskaren bosgarren kolegioak?

Ikusiko dugu zertan izanen den legea, zertan izanen diren esku hartzea ahalbidetzen diguten tolerantziak, eta formula aurkituko dugu. Kolegio bakoitzarentzat formula ezberdinak atzeman ditugu, eta hor ere atzemanen dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.