Albistea entzun

Klima larrialdia. Deforestazioa. Elena Dominguez. WWFko Elikagai Programako kidea

«Jokoan dagoena da lehengaiak ekoizteko paradigma aldatzea»

Deforestazioa eraginez ekoitzi diren produktuak EBn debekatzeak «mezu indartsu bat» bidaliko dio elikagaien munduko merkatuari, WWFko kidearen iritziz; betiere, araudia «eraginkorra» bada.
WWF Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Berasategi Otamendi -

2022ko azaroak 2

Oraingoa «aukera historiko bat» dela uste du Elena Dominguez WWF Naturarentzako Mundu Funtsaren Espainiako Elikagai Programako kideak (Madril, 1977). «Aurrerapauso bat eman dezakegu elikagaien ekoizpen eredu jasangarri baterantz». Dominguezen iritziz, «sekulako urratsa» litzateke EB Europako Batasunak deforestazioarekin lotutako produktuak bere merkatuan debekatzeko «araudi eraginkor bat» onartzea. EBko erakundeen arteko negoziazioak «oso azkar doaz», eta posible ikusten du, Bruselak iragarri bezala, araudia urte amaierarako prest izatea.

Ikusi gehiago: Deforestazioaren aurkako EBren araudia, azken negoziazioetan

Kanpaina bat jarri duzue martxan #Together4Forests [Basoen alde, elkarrekin] lelopean, beste elkarte ekologista batzuekin batera. Zein balorazio egiten duzue?

Orain arte lortutakoari erreparatuz gero, bide egokian gaudela esan dezakegu. Urrats erraldoia da EBn lehengai mota hauen sarbidea galarazteko araudi bat eztabaidatze hutsa. Sojari eta palma olioari eragingo lioke, besteak beste, eta produktu horiek deforestazioa eraginez ekoizten dira askotan. Baina nahi duguna da araudi sendoa eta eraginkorra izatea, eta ez paper errea. Jakina da, deabrua xehetasun txikietan gordetzen da.

Abian daude Europako Batzordearen, Europako Kontseiluaren eta europarlamentuaren arteko negoziazioak araudia adosteko. Zer espero daiteke?

Kontseilua da orain arte jarrerarik kontserbadoreena babesten ari dena. Eskatzen duguna da parlamentuak erakutsi duen anbizioari eustea. Orain, gure kezka nagusia da kontseiluak parlamentuaren testua urardotzea, eta litekeena da hori gertatzea, estatu kideen orain arteko jarreran aldaketarik ez bada.

Parlamentuak bere proposamena bozkatu aurretik, sinadura bilketa bat egin zenuten europarlamentariek zuen eskariak jaso zitzaten. Orain nola ari zarete presio egiten?

Estatuetako gobernuetan eragiten saiatzen ari gara. Gure kasuan, lana da Espainiako Gobernuaren jarrera anbiziotsuagoa izaten saiatzea. Hori da negoziazio hauetan eragiteko daukagun bidea. Prozesuaren aldi honetan daukagu eragiteko tarte txikiena.

Nola baloratzen duzu europarlamentuak batzordearen hasierako testuari egin dizkion moldaketak?

Aurrerapauso handia izan da. Proposatzen duen aldaketetako bat da araudiaren irismena produktu gehiagotara zabaltzea. Funtsezkoak diren produktuak gehitu ditu, kautxua, kasurako; eta, behi haragiaz gaindi, baita ardi, ahuntz, txerri eta oilasko haragia ere. Paper inprimatuak ere zerrendan sartu ditu. Irismen horrek hobeto jasotzen du basoetan eta beste ekosistema batzuetan eragin kaltegarria duten produktu sorta.

Giza eskubideen eta komunitate indigenen eskubideen errespetuari pisu handiagoa aitortzea ere atal garrantzitsua da. Era berean, garrantzi handikoa da finantza erakundeak araudia bete behar duten eragileen artean kokatzea. Ondorioz, bermatu beharko lukete beraien inbertsioek ez dituztela proiektu baso suntsitzaileak finantzatzen.

Eta kanpoan utzitako eskarien artean zerk kezkatzen zaitu gehien?

Guretzat funtsezkoa da araudia beste ekosistema batzuetara ere hedatzea. Egia da basoak babestea sekulako aurrerapausoa dela, baina basoak bakarrik babestuz gero, presioa beste ekosistema batzuetara bideratuko dugu. Ekosistema horiek presio oso handia dute lehenagotik ere, eta balio ekologiko eta sozial oso handia dute. Adibide argi bat da Brasilgo Cerrado inguruarena [sabana tropikala da]. EBn kontsumitzen den soja gehiena bertan ekoizten da. Brasilgo Amazonia babesten badugu Cerrado babesgabe utzita, eragina hara lekualdatuko dugu.

Berdin gertatzen da produktuekin ere. Batzuk aintzat hartuz gero eta beste batzuk kanpoan utzi, ingurumen eragina batetik bestera mugituko da. Soja ekoitziko da ingurumenarekiko modu arduratsu batean, baina kalte ekologikoa merkatuko beste produktu batera bideratuko da. Horrela, ez da izango posible balantze positibo bat lortzea. Araudi holistiko bat behar dugu, ekosistemei eta produktuei dagokienez.

Kontseiluak bere iritzia eman zuenean, hainbat elkarte ekologistak salatu zuten estatuek men egin ziotela zenbait industriaren presioari.

Oso konplexua da. Jokoan dagoena da lehengaiak ekoizteko paradigma aldatzea, eta horregatik daude araudiaren aurkako horrenbeste erresistentzia. Adibidez, sojaren eta palma olioaren sektorean, enpresa handiei buruz ari gara, eta lidergo gaitasuna izan beharko lukete borroka honen buruan jartzeko, eta trantsizioa gidatzeko, baita beraien negozioen etorkizunerako ere, luzera begira.

Zein sektorek egin dute indar handien araudia lasaitzeko?

Ez daukat beste sektoreek egiten duten lobby lanaren berri. Baina lobby oso indartsuez ari gara. Aipatu dugun lehengaietako bakoitzak diru kopuru handiak mugitzen ditu merkatuan.

Nabarmendu duzue kontrol neurrietan ere hutsune garrantzitsuak daudela. Zein hutsune?

Araudiak aurreikusten du herrialdeak arrisku handiko eta arrisku txikiko eskalan sailkatzea. Arrisku txikikoetan enpresak kontrol neurrietatik salbuesten badira, deforestazioarekin lotutako lehengaiak herrialde horietatik iritsiko dira, eta merkatua desitxuratuko dute. Gure iritziz, garrantzitsua da arau berak ezartzea toki guztietan, zirrikiturik ez eskaintzeko.

Araudia mugarri bat izan daitekeela uste duzu?

Pentsa iraganera jotzen badugu, zuhaitzak moztu ez zitzaten ekologistok horietara kateatzen ginenera. EBn araudi eraginkor bat izatea lortzen badugu, aipatu dugun helburuarekin, mugarri bat izango da, eta mezu indartsu bat emango diogu elikagaien mundu merkatuari.

Batzuetan gertatzen da asmo handiko neurriak onartzen direla, baina gero ez direla helburuak betetzeko gai izaten, ez direlako eraginkorrak. Zer behar du araudi honek benetan eraginkorra izateko?

Edukia alde batera utzita, horri buruz hitz egin dugu, eta araudiak baliabideak behar ditu. EBn egurraren gaineko araudiaren adibidea daukagu. Haren bidez, ahalegin bat egin zen legez kanpoko jatorria zuen egurra EBko merkatuan debekatzeko. Araudia sendoa izanagatik ere, baliabide nahikoa ez badu, kontrolerako behar diren funtzionario kopuru nahikoa jartzen ez bada, ez da eraginkorra izango. Itxurakeria hutsean geldituko da, eta ez du merkatuan aldaketarik eragingo. Gauza asko beharko dira araudia benetan ezar dadin, eta bidea luzea da oraindik.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Alemaniako armadako bi soldadu, ariketa militarrak egiten, urtarrilen, Marienbergen, Alemanian. ©MARTIN DIVISEK / EFE

Alemaniak Leopard 1 tankeak bidaliko ditu Ukrainara

Mikel O. Iribar

‘Süddeutsche Zeitung’-en arabera, Berlinek 88 tanke emango dizkio Kievi. EBko zenbait goi kargudun Ukrainako hiriburuan dira, Zelenskirekin batera.

Italiako Polizia hilik aurkitutako zortzi migratzaileen gorpuak daramatzan ontziaren zain. / ©Concetta Rizzo, EFE

Kostazainek 42 pertsona erreskatatu dituzte Lampedusatik gertu

Arantxa Elizegi Egilegor

Zortzi lagun hilik atera dituzte ontzitik. Erreskatatutako migratzaileen esanetan, hotzez hil ziren. Beste bi desagertutzat jo dituzte.

Montanako zeruan ikusi duten ustezko globo espioia. ©BERRIA

AEBek Txinako ustezko globo espioi bat atzeman dute beren aire eremuan

Berria

Txinak «ez espekulatzeko» eskatu du, baina gertakariak korapilatu egin dezake igandetik aurrera Antony Blinken AEBetako Estatu idazkaria Txinara egitekoa den bi eguneko bisita.

Ukrainako armadako soldaduak, atzo, Kramatorsken, goizaldean Errusiak jaurtitako misilek eragindako hondakinen artean. ©SERGEI XESTAK / EFE

Bruselak ohartarazi dio Ukrainari EBko kide izateko bidea luzea dela

Igor Susaeta

Europako Batzordearen arabera, ez da «esprint bat» talde komunitarioan sartzeko prozesua, «maratoi bat baizik». Kievek berretsi du 2024ko abendurako egon nahi duela batasunean sartzeko prest

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.