Klima larrialdia. Deforestazioa

Deforestazioaren aurkako EBren araudia, azken negoziazioetan

Europako Parlamentuak Bruselaren hasierako testua moldatu du, ekologisten zenbait eskari jasota. Batzordeak, kontseiluak eta parlamentuak adostu behar dute orain araudia

Amazoniako baso eremu bat laboreetarako moztuta, Kolonbiako Buena Vistan, Tacana lurralde indigenan. RAFAEL ACUÑA / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
EB Europako Batasuna da munduko «deforestazio inportatzailerik» handienetan bigarrena, WWF Naturarentzako Mundu Funtsa erakundearen ikerketa baten arabera. Soilik Txinak gainditzen du nazioarteko merkataritzarekin lotutako baso soiltzean. Hark inportatzen ditu baso suntsitzearen bidez ekoitzitako produktuen %24, EBk %16, eta horien atzetik dira India (%9), AEBak (%7) eta Japonia (%5). Blokeak deforestazioan, klima aldaketan eta biodibertsitatearen galeran duen erantzukizuna murrizte aldera, EBk araudi proposamen bat bultzatu du. Horren bidez, batasunaren merkatutik kanporatu nahi ditu deforestazioarekin estuen lotuta dauden produktuak.

Ikusi gehiago: «Jokoan dagoena da lehengaiak ekoizteko paradigma aldatzea»

Europako Batzordeak proposamen bat egin zuen 2021eko azaroan, europarlamentuaren eskariz, deforestazioari aurre egiteko araudi bat ontzeko. Proposamen hori oinarri hartuta, berea egin zuen Europar Kontseiluak —EBko estatukideen izenean—, joan den ekainean; eta gauza bera egin zuen parlamentuak irailean, Batzordearen proposamenari aldaketa batzuk onartuta. Egitasmoa hiru aldeen arteko negoziazioan dago orain. Batzordeak, Kontseiluak eta parlamentuak adostu behar dute azken bertsioa. Bruselak adierazi du urte amaierarako onartu nahi duela.

Deforestazioa gelditzea ezinbesteko baldintza da Parisko Hitzarmena betetzeko, eta, hark jaso bezala, planetaren berotzea mende amaierarako gehienez ere 1,5 gradura mugatzeko. EBren egitasmoak xedetzat du bide horri ekarpena egitea, eta blokeak munduko basoen suntsitzean duen ardura arintzea. FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritzako Erakundearen esanetan, munduko deforestazioaren %90 nekazaritza industrialak eragindakoa da, eta baso suntsitzearen bi heren sojaren eta palma olioari ekoizpenari dagozkio.

Batzordearen hasierako proposamenak debekatu ahalko lituzkeen produktuen zerrendan jaso zituen soja eta palma olioa, behi haragiarekin, kakaoarekin eta egurrarekin batera, baita produktu horiek erabiliz ekoizten direnak ere: larrua, txokolatea eta altzariak, besteak beste.

Araudiaren eztabaida gertutik jarraitu dute elkarte ekologistek, eta salatu dute EBk presio handia egin dietela produktu horiekin lotutako industriek. Ekologistek kontseiluari eta hark ordezkatzen dituen estatu kideei egotzi die presio horiei men egitea, eta batzordearen hasierako testua urardotzea, ekainean aurkeztu zuten proposamenean.

Aldiz, txalotu egin dituzte europarlamentuak onartu dituen zenbait moldaketa, Batzordearen proposamena hobetzen dutela iritzita, nahiz eta ohartarazi oraindik hutsune garrantzitsuak gelditzen direla. Besteak beste, onartu du debekatu ahalko liratekeen produktuen zerrendara gehitzea txerri, ardi, ahuntz eta oilasko haragia, artoa eta kautxua.

Horrez gain, ekoizleei exijitu nahi die beren produktuen ekoizpenean herri indigenen eskubideak eta giza eskubideak errespetatzea. Araudiak puntu hori jasoko balu, deforestazioari hurbilenetik aurre egiten diotenek, basoetan bizi diren komunitate indigenek, aukera izango lukete beraien eskubideen kontrako erasoak salatzeko EBko erakundeen aurrean.

Europarlamentuaren proposamenarekin, Bruselak eskubide horiekiko errespetua galdegingo lieke EBn errotuta dauden inbertsio funtsei ere, beren diru poltsei ematen dieten erabileran.

Elkarte ekologistek itxaropenez hartu dituzte Europako Parlamentuak onartu dituen aldaketa gehienak, parlamentariak lobbyen presioari aurre egiteko gai izan direla iritzita. Baina ohartarazi dute oraindik gabezia garrantzitsuak dituela, deforestazioaren kontrako neurri eraginkorrak hartuko badira. Horietako bat da deforestazioaren definizioa bera. EBko erakundeek orain arte landu dituzten proposamenetan basoen babesa aipatzen da, eta elkarte ekologistek eskatu dute aintzat hartzeko nekazaritza industrialaren presioz suntsitzen ari diren beste ekosistema batzuk ere. Esaterako, sabanak, hezeguneak eta zohikaztegiak. Parlamentuak ez du jaso eskaria, eta ekosistema horiek egitasmora gehitzeko aukera atzeratu du araudia indarrean sartu eta urtebete pasatu arte.

Araudia betearazteko kontrol neurrietan atzeman dute beste ahulguneetako bat. EBko erakundeen proposamenek jasotzen dutenez, konpainiak arduratuko dira beraien salgaiek deforestaziorik eragiten ez dutela ziurtatzeaz. Beharrezkoa zaien informazioa bildu beharko dute, eta gardentasuna bermatu ekoizpen kate osoan. Ekologistek salatu dutenez, ordea, enpresa saltzaile handiei —besteak beste, supermerkatuei— baimenduko zaie konpromisoei buruzko azterketak beren kabuz egitea, ikuskaritza independenteak gainditzeko beharrik gabe.

Zerrenda publikoa

Europarlamentuak bere egin zuen enpresen kontrolerako beste puntu bat. Araudia betetzen ez duten enpresen zerrenda publiko bat egitearen alde agertu zen. Konpainiei presio egiteko neurri bat da, zerrenda horretan agertzeak beren irudiari kalte egingo diolakoan.

Meridian Institutek joan den irailean EBren araudi egitasmoari buruz egindako inkestaren arabera, herritarren %73 prest legoke deforestazioa eragiten duten produktuak saltzen dituzten enpresak zigortzeko.

EBk azken negoziazioetan zehaztu beharko du non ezarriko duen baso soiltzearen denbora muga. Batzordearen proposamena da 2020ko abenduaren 31tik aurrera deforestazioa eragin duten produktuak debekatzea. Parlamentuak urtebete atzerago kokatu nahi du hasiera puntua, 2019ko abenduaren 31n.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.