Poliziaren gehiegikeriak eta arrazakeria salatu dituzte Eusko Legebiltzarrean

118 eragilek sinaturiko manifestu bat aurkeztu dute. Besteak beste, profil etnikoan oinarritutako identifikazioak amaiarazteko eskatu dute

Poliziaren arrazakeriaren aurkako protesta bat, iazko uztailean, Bilboko San Frantzisko auzoan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Iñaki Agirre Perez.
2021eko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Giza eskubideen arloan lan egiten duten hainbat eragilek agerraldi bat egin zuten atzo Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordean, Ertzaintzaren eta udaltzaingoen «gehiegikeriak» eta jokabide «arrazistak» salatu eta horiek amaiarazteko neurriak eskatzeko. 118 eragilek sinaturiko 29-M Stop Arrazakeria Poliziala manifestuan oinarrituta, «egiturazko arazo larri» bat azaleratzeko beharra azpimarratu dute, «publikoki ia agertzen ez dena eta erakundeek aitortzeari uko egin diotena».

Karen Brunel eta Ibrahima Bah Bizkaiko SOS Arrazakeriako kideek aurkeztu zuten manifestuaren kanpaina batzordean, iazko martxoaren 29an Bilboko San Frantzisko auzoan Ertzaintzak eginiko esku hartze baten harira abiatu zena. Egun hartan, Ertzaintzak mutil gazte bat eta haren ama jo eta atxilotu zituen, hainbat bizilagunek bideoan grabaturiko eta arrazistatzat jotako operazio batean, eta gertakariak oihartzuna izan zuen.

Bada, Poliziaren operazio hura, kasu bakan bat izatetik urrun, auzoaren «militarizazioaren» eta profil etnikoetan oinarrituriko identifikazio «sistemikoen» ondorio izan zela adierazi zuen Bahek Legebiltzarrean, gertakaria «icebergaren punta» besterik ez dela nabarmenduta. Hain zuzen, Poliziaren jokabide horiek, ohikoak izateaz gain, inpunitatea dutela salatu zuen SOS Arrazakeriako kideak, eta, ildo horretan, gogorarazi du oraindik ez dutela berririk izan Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburu ohiak San Frantziskoko kasuari buruz iragarritako barne ikerketaren inguruan.

Bestalde, Bizkaiko SOS Arrazakeriaren bulegoan iaz jasotako salaketen gehiengoa («ia %40») Poliziaren aurkakoa izan zela jakinarazi zuen Brunelek, eta arreta berezia jarri zuen profil etnikoan oinarritutako identifikazioetan: «[Pertsona arrazializatuak] funtsezko arrazoirik gabe gelditzen dituzte, soilik susmagarri izatearen pertzepzioan oinarrituta, [...] eta askotan iraindu eta gaizki tratatzen dituzte».

Halaber, profil etnikoan oinarrituriko identifikazio horien harira SOS Arrazakerian jaso dituzten salaketen %80 «egoera erregularrean» dauden pertsonenak direla azaldu zuen, eta uste du horrek jokabide «arrazista» bat frogatzen duela: «Jendea ez dute ekintzengatik gelditzen, ezaugarri fisikoengatik baizik».

Proposamen zehatzak

Poliziaren praktika «diskriminatzaile» eta «ilegal» horiek ezabatzeko eta «gure hiriak, herriak, auzoak eta kaleak pertsona guztientzako seguruak izan daitezen», Legebiltzarrean plazaratutako gaiari buruzko eztabaida sozial eta politiko «sakon» bati ekiteko beharra dagoela adierazi zuten agerraldian, horretarako lehen pausoa arazoa bera «onartzea» dela nabarmenduz.

Gainera, eztabaidari bide eman eta gehiegikeriak amaitzeko, segurtasun politikak aldatzeko hainbat proposamen ekarri zituzten mahai gainera M-29 Stop Arrazakeria Poliziala manifestuarekin. Besteak beste, agenteek eginiko identifikazio bakoitzean, gelditutako pertsonari bere identifikazioaren arrazoiak, profil etnikoa eta prozeduraren emaitza zehazten dituen jakinarazpen fisiko bat ematea proposatu zuten, «diskriminazio sistematikoak» estatistika zehatzen bidez ikusarazi ahal izateko.

Era berean, Ertzaintzaren eta udaltzaingoen prozedurak gehiago kontrolatzea, eta agenteen hautaketa eta prestakuntza prozesuak ere gainbegiratzea proposatu zuten, «aurreiritzi eta jarduera arrazistak zuzentzeko» helburuarekin. Eta, Poliziaren gehiegikerien «inpunitatea» desagerrarazi eta giza eskubideen defentsa babesteko, praktika arrazisten salaketak «ahalbidetzea eta bermatzea» exijitu zuten manifestuaren sinatzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.