Andrea Gabilondo Cuellar. Osakidetzako psikiatra

«Ez da nahikoa suizidioen prebentzioa osasun arloan lantzea»

Suizidioei aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak iaz onartutako estrategia lantzeko taldean jardun zuen. Ezin izan dute plana «nahi bezainbeste» garatu. «Komunitateak» prebentzioan duen garrantzian jarri du arreta.

JON URBE / @FOKU.
Igor Susaeta.
2020ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Beren burua hil dutenen senideek edo ingurukoek sortu dituzten elkarteek antolatuta, suizidioaren «errealitateaz» aritu ziren EHUren udako ikastaroetan. Andrea Gabilondo Cuellar (Donostia, 1974) Osakidetzako psikiatrak hitzaldia eman zuen suizidioa prebenitzeko Eusko Jaurlaritzak iaz onartutako estrategiaz. Hori landu zuen taldeko kidea izan zen Cuellar, eta planean aurreikusitako neurrien garapena ere gertutik jarraitzen ari da. OME Osasunaren Mundu Erakundeak suizidioaren prebentzioaz duen ereduari jarraitu zioten EAEkoa osatzeko. «Herritarra ere inplikatzen du, ez soilik profesionala».

Eusko Jaurlaritzak iazko ekainean onartu zuen suizidioei aurre egiteko estrategia. Zer balantze egiten duzu azken urteaz?

Balantzea apur bat gazi-gozoa da. Alderdi askotan lan egin ahal izan dugu, eta gauza dezente egiten hasi gara, baina ez guk nahi bezainbeste. Kontuan hartu behar da nolako zailtasunak eragin dituen pandemiak elkartzeko, taldean aritzeko, protokoloak garatzeko, gauzak adosteko... Tira, neurri batean pozik gaude, egoera oso zail batean hasi ahal izan garelako, gutxienez, neurri batzuk lantzen.

Hau da, COVID-19ak eragindako guztiarengatik ezin izan duzuela estrategia nahi beste garatu, ez beste arrazoi batzuengatik.

COVID-19ak eragindako zailtasunei aurre egin behar izan diegu, bai, eta, gainera, aurreikusita geneuzkan arren, suizidioaren prebentzioan agertu ohi diren zailtasunei aurre egin behar izan diegu.

Zeintzuk dira zailtasun horiek?

Suizidioaren gaiak estigma handia eragiten du, ezagutza falta bat dago, eta, orduan, ohikoa da, edo gutxienez ez da arraroa, zailtasunekin topo egitea planteatzen dugunean gai hau lantzea buruko osasunaren eremutik kanpo.

Gainera, gai konplexua da, elkarren oso diferenteak diren hainbat sektoretako eragileen esku hartzea eskatzen duelako. Berez da zaila sektore bereko profesionalak ados jartzea, eta, hori hainbat sektoretakoekin egin behar dugunean, zaildu egiten da.

Eta baliabideen gaia ere aintzat hartu behar da. Oro har, baliabideengatik lehiatzen ibili behar dugu, eta orain, COVID-19a dela eta, zailagoa da gustatuko litzaizkigukeen baliabideak edukitzea gauzak errazago egin ahal izateko.

Planaren beste lehentasunetako bat da pazienteen historia klinikoan suizidio arriskuari buruzko kode bat erabiltzen hastea.

Kode horren helburua da Osakidetzaren zirkuituetan, informazio sistemetan, identifikatzea arrisku handiko egoeran dauden pertsonak, eta artari jarraitutasuna ematea.

Arrisku handiko egoeran dauden pertsonak dira duela oso gutxi suizidio saiakeraren bat egin dutenak. Badakigu pertsona horiek arrisku handiagoa dutela epe motzera jarrera bera izateko. Beraz, garrantzitsua da pertsona horiei arta ahalik eta azkarrena eta koordinatuena eskaini ahal izatea. Izan ere, larrialdietara jotzen dutenetik psikiatra bat edo psikologo bat izendatzen dieten arte, tarte horretan beste saiakera bat egiteko arriskua dagoela badakigu.

Osakidetzan hasi zarete kode hori erabiltzen?

Ez. Profesionalen lantalde bat eratu zuten, eta bilera bakarra egin ahal izan dute. Protokolo bat eratu zuten, eztabaidatua izan zain dagoena. Behin hori onartuta, protokolo hori legalki eta etikoki bideratu behar da. Eta, prozesu hori bukatuta, orduan ospitaleren batean probatu beharko litzateke, ikusteko ondo funtzionatzen duen.

Zuen ustez, prebentzioa osasun eremutik kanpoko esparruetara hedatu behar da, ikastetxeetara, gizarte zerbitzuetara eta lantokietara, esaterako. Baina lehen adierazi duzu zaila dela ados jartzea hainbat sektoretako eragileekin.

Suizidioaren prebentzioaz dakiguna da sektore asko kontuan hartuta lan egin behar dugula bere onena eman dezan. Ez da nahikoa osasun eremuan lantzea: komunitatean ere landu behar da. Izan ere, bere burua hil duten pertsona asko ez zeuden tratamendu batean psikologo batekin; baizik eta bizitza normala egiten ari ziren komunitatean. Profil oso ohikoa da buruko arazoez gain zaurgarritasun aldagaiak dituzten pertsonak, arrisku sozioekonomikoa dutenak. Hau da, izan daiteke, esaterako, arazoren batengatik agian gizarte zerbitzuekin kontaktuan zegoen pertsona bat. Pertsona horiek ez daude identifikatuta suizidio arriskuan egongo balira bezala, baina badira une jakin batean beren burua hil dezaketenak.

Garrantzitsua da, horrenbestez, kolektibo kalteberekin ohiko harremana duten komunitateko profesionalek formakuntza bat edukitzea, arrisku egoerak identifika ditzaten. Arrisku identifikazio eta esku hartze hori txertatu egin beharko litzateke kolektibo kalteberentzako ohiko arta protokoloetan.

Suizidioaz kontzientziazio lana egiteko orduan, zeintzuk dira zailtasunik handienak?

Gaiak beldur pixka bat eragiten du, errespetua, eta iruditzen zaigu hobe dela horri buruz ez hitz egitea. Norbaitek arrisku egoera bat eduki dezakeela pentsatzen badugu, ohikoa da, ideia nahiko zabaldua da hobe dela ez sartzea, ez hitz egitea gaiaz, suizidioaz mintzatzea arriskutsua izan daitekeelako, horretara bultza dezakeelako. Antza, buruko osasunean aditua izan behar duzu norbaiti suizidio bat prebenitzen laguntzeko. Baina badakigu ez dela horrela. Nazioartean egiten ari diren kanpaina askok, hain zuzen, ildo horri jarraitzen diote; hau da, herritarrak kontzientziatu behar dira, jakin dezaten baliagarriak izan daitezkeela suizidio bat prebenitzeko orduan.

Ez da formakuntzarik behar?

Formakuntza zentzu hertsian baino gehiago, informazioa behar da. Hau da, nahikoa da erne egotea, entzutea. Eta alarma edo susmo seinaleak nabaritzerakoan, ihes egin beharrean, aurrerapauso bat eman, gerturatu, eta galdetu egin behar da; are suizidioaz beraz zuzenean galdetu, enpatia eta gertutasuna erakutsiz. Pertsona horri lagundu egin behar zaio, profesional batengana jo dezan. Hori denok egin dezakegu.

Aurrepausoa litzateke gizarteak hartzea suizidioa osasun publikoko arazotzat, eta ez pertsona batek bakardadean hartutako erabaki baten gisara?

Aurrerapauso bikaina litzateke. Bat egiten du, nolabait, gizarte moduan genero biolentziaren fenomenoa ulertzeko orduan egiten ari garen aldaketarekin. Lehen, familia baten edo harreman baten pribatutasunean gertatzen zen zerbait balitz bezala hartzen genuen, eta orain, aldiz, gizartean eragiten duen arazo gisa ikusten dugu, eta ulertzen dugu denok dugula esku hartzeko aukeraren bat.

Suizidioaren arazoak, beraz, horren bide paralelo bat ibil dezake.

Bai, alderdi askotan antzekotasunak daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.