Sonia Olivella. Iridia elkarteko abokatua

«Kontuak eskatu behar zaizkie torturaren egileei»

Bartzelonako Via Laietanako 43.eko komisarian torturak izan ziren frankismoan. Iridia eta beste elkarte batzuk kanpaina bat bultzatzen ari dira eraikinak polizia etxe izateari utz diezaion eta memoria gune bihur dadin.

IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2022ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Sonia Olivella (Bartzelona, 1991) duela bost urte hasi zen Iridia giza eskubideen defentsarako zentroan.Gaur egun, indarkeria instituzionalaren inguruan Iridiak esku artean dituen 56 kasuak koordinatzeaz arduratzen da Olivella, baita memoria historikoaz ere —Ateneu de la Memoria elkarteko kide erebada—.

Iruñera etorri zara jazarpen zentroak memoria gune bihurtzeko kanpaina baten berri ematera. Zertan datza kanpaina hori?

Bartzelonako erdigunean, Via Laietanako 43.ean dagoen Espainiako Poliziaren komisaria oso toki ezaguna da, frankismoko eta trantsizioko torturaren gune sinboliko bat izan zelako. Helburua da polizia etxe izateari uztea eta memoria gune, artxibategi eta torturaren interpretazio zentro bihurtzea. Ez dugu iragana ahaztu nahi. Aitortza egin nahi diegu izuaren topografia horretan jazarpena jasandako horiei.

Zergatik da garrantzitsua memoria gune bihurtzea?

Mundu guztiak daki zer gertatu den, baita frankismoa eta trantsizioa ezagutu ez zituzten belaunaldiek ere. Hala dela dakigu errepresaliatutako pertsonek hala kontatu zigutelako, edo mundu akademikoak txosten bat egin duelako; baina, nazioarteko erakundeek gomendatu bezala, erakundeek ezer egin ezean, ezerezean geratzeko arrisku larria dago.

Zailtasunak daude erakundeek leku horiek memoria gune gisa aitortzeko?

Bai, handiak. Espainiako Estatuan ez dago memoria gune bihurtu den jazarpen eta tortura eremurik. Justizia trantsizionalaren prozesua izan duten herrialdeetan, berriz, egin dira halako ekinaldiak. Argentinako, Hego Afrikako, Txileko eta Kanbodiako jendearekin hitz eginez gero, zur eta lur geratzen dira Espainiako Estatuan gertatutakoa kontatzean.

Nazioartean zer adibide daude?

ESMA atxilotzeko eta torturatzeko gune handi bat zen Argentinan. Gaur egun, eraikin askoko parke hori memoria zentro bat da: ESMA ohia deitzen diote. Polizia etxe izateari utzi zion: ikasketa akademikorako interpretazio zentro bat dago, han egiten denari buruzko parte hartze soziala dago, bertako basakeriak azaltzeko museo bat dago, biktimak gogoratzen dira... Ikastetxeak bertara joaten dira ikasleek han gertatutakoaren berri izateko. Beste adibide asko daude. Txilen, gure ekimenaren antzeko bat dago: Londres 48. Han komisaria bat zegoen, eta mobilizazio handien ostean lortu zuten poliziak handik ateratzea. Orain, memoria eremu bat da.

Bartzelonakoa komisaria da oraindik ere?

Bai. Erdigune zaharreko bide nagusietako bat da Via Laietana, eta ez du zentzurik bertan komisaria bat izateak: erabat garaiz kanpo dago. Ez da funtzionala, eta poliziek eurek ere hala onartzen dute. Han, lau tramite baino ez dira egiten. Azken urteetan, Kataluniako prozesuaren testuinguruan, mobilizazio asko egin ziren han, komisariaren aurrean. Berriki izandako errepresioaren sinbolo berri bihurtu da. Talka bat dago.

Kanpainan zer urrats egin dituzue orain arte?

Elkarte memorialistek 20 urte daramate hori aldarrikatzen. Asko kostatu da. Lehenik, borroka antifrankistaren elkarteek sinadurak biltzeko manifestu bat egin zuten, eta lortu zuten hainbat parlamentutan onartzea eta eskatzea tokiak komisaria izateari uzteko: Bartzelonako Udalean, Kataluniako Parlamentuan eta Espainiako Kongresuan. Azken hori legez besteko proposamen bidez egin zen, eta 2019an onartu zen. Hala eta guztiz ere, ez da ezer egin. Bederen, Bartzelonako Udalak onartu egin du memoria gune izendatzea, eta eraikinaren historia azaltzen duen plaka jarri zuten haren aurrealdean. Azaroan, Via Laietanako hiru tortura kasuren kereilak aurkeztuko ditugu. Haren inguruan mobilizazioak bultzatuko ditugu, eta memoria demokrazia dela aldarrikatuko dugu.

Aitortza hori egitea Madrilen eskuetan dago?

Barne Ministerioari dagokio erabakia; han dago oztopoa, ez baitu borondate politikorik. Espainiako Gobernuko memoria arloko zuzendari nagusiak bileretan aitortu izan du memoria gune izan beharko lukeela.

Iruñean, berriki, egitasmo bat aurkeztu da hiriko Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren bi komisariaren aurrean plakak jartzeko, bertan torturatu egin zela azaltzeko. Zer balio dute ekinaldiok?

Funtsezkoa da egia, erreparazioa eta justizia izatea bermatuko duten politika publikoak egitea, eta horretarako urrats guztiak dira onak. Bartzelonan 2019an jarri zen plaka, eta, geroztik, hamazazpi aldiz hautsi edo margotu dute. Espainiako Poliziaren egoitza aurrean dago, eta, handik hiru metrora, beti bi polizia daude atarian. Espainiako Estatuan esan ohi da hobe dela memoria ez egitea, horrek gauzak mugiarazten dituelako eta atera beharko ez liratekeen kontuak azaleratzen dituelako. Guztiz alderantziz da. Trantsizio bat isilpean eginez gero,politika publiko eraginkorrik gabe, egoera enkistatu besterik ez da egiten.

Zer neurritan du zerikusia memoriak egia izateko eskubidearekin?

Herren gaude alor horretan. Biktimak aitortu behar dira, baina, era berean, kontuak eskatu behar zaizkie jazarpenaren eta torturaren egileei. Aspaldidanik hori da arazo nagusia Espainiako Estatuan. Bartzelonan, urtean bi egunez kontzentrazio bat egiten da: errepidea ixten da, eta polizia etxearen atarian euren lekukotza ematen dute errepresaliatuek. Beti amaitzen dute torturatzaileen izenak irakurriz. Zergatik ezin dute hori instituzioek egin? Ezin duzu esan biktimarioa nor den. Abokatu gisa, badakit ezin diozula inori torturatzaile bat dela esan epaitu ez badute, baina halako epaiketarik egiten ez duen estatu batean, zer egin behar da?

Justizia da oztopo nagusia?

Ez da ikertu frankismoko tortura kasurik, ezta bortxaz desagertutakoen kasurik ere. Tortura horien egileak eta biktima gisa aitortu beharko liratekeen pertsonak aurki ez dira egongo. Orain egiten ez bada, ez da egingo. Kereila asko jartzen dira, baina berehala artxibatzen dute. Auzitegiak ikertzera behartzeko neurri legegileak ezar daitezke, baina, gaur egungo esparru juridikoarekin, frankismoaren krimenak ikertu beharko lirateke. Nazioarteko zuzenbidea oso argi mintzo da.

Iraganeko kontua izanagatik, orainaldiari ere eragiten dio?

Erabat. Iraganeko kontua da, baina oraingoa, are eta gehiago. Via Laietanatik igarotako pertsonak gertatutakoarekin adiskidetu dira. Hutsegitea gerokoa da. Trantsizioa egin zen bezala egin zen, baina zer egin da geroztik? Trantsizioa ez da marra finko bat. Espainiakoaren moduko gatazka luze baten ondotik gertatutakoak trantsizio luze eta eraginkor bat eskatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.