Ahoztar Zelaieta. Kazetari eta idazlea

«Narkotrafikoan, ez diogu gure irudiari ispiluan begiratu nahi»

Zelaietak narkotrafikoaren gaia aztertu du bere azken liburuan; dioenez, horren inguruan, «ustelkeriaren kasuan bezala», euskal gizartean «autokonplazentzia» handia dago, arazoa beste batzuena balitz bezala.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2020ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Ahoztar Zelaietak (Bilbo, 1972) bide luzea egin du ikerketa kazetaritzaren arloan, Egin egunkariaren ikerketa taldean lehenbizi, eta Ardi Beltza eta Kale Gorria aldizkarietan geroago. Azken bolada honetan ustelkeriaren inguruko zenbait lan argitaratu ditu, baina azken liburuan, El narco-oasis vasco. Capos del narcotrafico y mafias policiales con impunidad politica (Euskal narko oasia. Inpunitate politikoa duten narkotrafikoaren buruak eta mafia polizialak; Txalaparta, 2019) hasieratik jorratu izan duen gai batera itzuli da ostera ere: narkotrafikora, alegia.

Aspaldi honetan ugaldu egin dira narkotrafikoaren inguruko liburuak, baina, zurea ez bezala, gehienek 1980ko hamarkadan kokatzen dute fenomenoa. Iraganeko kontua da narkotrafikoa Euskal Herrian?

Iruditeria sozialean badirudi itxitako kapitulua dela. Nire liburuan Osakidetzan, fiskaltzan, hemerotekan eta beste hainbat lekutan bildutako datuak jaso ditut, eta horiek erakusten dute, adibidez, gorakada heroinaren kontsumoan, eta Euskal Herriak Europako tasarik handienak dituela droga kontsumoan.

1980ko hamarkada aipatuta, ikerlari askoren iritzia da heroinaren orduko gorakadaren atzean Espainiako segurtasun indarrak eta estatuaren interes politikoak egon zirela. Zuk zer uste duzu?

Ni saiatu naiz alderatzen iritzi horretakoak zirenen datu eta iturriak, eta teoria hori ukatzen zutenenak. Eta ondorioztatu dut azken horiek nahiko iturri murri- tzak zituztela, eta iritzi hori sustatzen zuten eragile sozial, politiko eta judizialek, aldiz, iturri zabalagoak. Askagintza eta Salhaketa elkarteek, auzo elkarteek eta kaltetuen familien elkarteek salatzen zuten hori, zenbait kazetarik, [Luis] Navajas fiskalak, [Fernando] Andreu epaileak eta abarrek ikertu zuten, eta horren inguruan dokumentazio handia dago. Badaude hori ukatzen dutenak, are narkotrafikoa ETArekin lotu nahi izan dutenak ere, baina haiek aurkezturiko lanak oso eskasak dira besteenekin alderatuta.

Zer-nolako jarrerarekin heldu diozu lanari?

Saiatu naiz aurreiritzirik gabe jarduten. Ikerlari askok aldez aurretik finkatutako iritzi bat izaten dute gai baten inguruan, eta gero saiatzen dira aurreiritzi hori loditzen duten argudioak bilatzen, eta aurreiritzi hori argaltzen dutenak baztertzen. Ez da hori izan nire jarduteko modua.

Inoiz esan duzu Euskal Herria «gune estrategiko» bilakatu dela droga trafikoan. Zer esan nahi du horrek?

Nire liburuan hainbat datu jartzen ditut mahai gainean; esaterako, 80ko hamarkadatik hona, Poliziak Europan atzemandako droga kopuru garrantzitsuenak Euskal Herrian harrapatu dituela. Hori dokumentatuta dago, baina horrekin ez dute albistegirik zabaldu. Bilakaera horretan, Euskal Herriko sareak kasu askotan bitartekariak izan dira Galiziako eta Kolonbiako sareentzat, baina gero Galizia eta Andaluzia foku mediatikoaren azpian egon ziren, zarata handia atera zen, presioa ere areagotu zen, eta, ondorioz, 1990eko hamarkadaren amaieratik hurrengo hamarkadako erdialdera arte Euskal Herria gune alternatibo bilakatu zen.

Geroago, Galiziako eta Kolonbiako sareek erabaki zuten Euskal Herria ez zela izango bitartekaria edo gune alternatiboa, gune estrategikoa baizik. Hori oso argi azaltzen da aztertu ditudan agiri polizial eta judizialetan.

Gizartean, baina, ez dago horren kontzientziarik.

Ez. Hemen jendea Italiari, AEBei, Mexikori, Kolonbiari edo Galiziari begira egon da, narkotrafikoa herrialde horietako kontua balitz bezala. Ez dago alarma sozialik. Eta, ustelkeriarekin gertatzen den moduan, Euskal Herriak ez du erreminta zehatzik horri aurre egiteko. Ondorioz, Galiziako eta Kolonbiako sareek negozio aukera ederra ikusi dute, jakinda zaratarik ez zela aterako.

Galiziako eta Kolonbiako sare horiez gain, Euskal Herrian badago sare autoktonorik?

90etan, Galizian aritzen zirenek erabaki zuten Europarako bidean Euskal Herria leku interesgarria zela, eta horretaz badago informazio asko, bere garaian argitaratu zena. Baina hemen gure mafiako buru propioak ditugu, ibilbide luzea egin dutenak, eta Galiziako eta Kolonbiako sareekin harreman estua izan dutenak.

Zaila zen mafiako buru horien erradiografia egitea, eta pertsonaia bat asmatu dut, Karmelo izeneko bilbotar bat, Italiako mafiarekin harremana duena. Horren bitartez aurkeztu ditut gure mafiako buruak, geure-geureak direnak, izen-abizenak dituztenak. Galdera da zergatik Galiziako eta Andaluziako buruak ezagunak diren eta hedabideetan agertzen diren, eta hemengoak, aldiz, ez.

Zuk baduzu erantzunik galdera horretarako?

Hemengoek ez dituzte Galiziakoek eta Andaluziakoek izan dituzten oztopoak. Hemen, narkotrafiko sarearen inguruko informazioa agertu denean, Navajas auzian adibidez, informazio hori lurperatu egin da. Kale Gorria aldizkariak dokumental bat argitaratu zuen horretaz, eta orain ETBk egin duen beste dokumental baterako erabili dituzte orduan egindako elkarrizketa eta irudi batzuk, baina dokumental hura hogei urtez zentsuratuta egon da.

«Arrazoi politikoak» ere aipatu dituzu inoiz.

Hemen egon da euskal oasiaren ideia bultzatzeko nahia, baina, jakina, horretarako beharrezkoa zen narkotrafikoaren inguruko albisteak ezkutatzea, garrantzi handirik ez ematea, irudi hori lausotzen zutelako. Eta ondorioa izan da narkotrafikoaren hemengo buruek halako zigorgabetasun sentsazio bat izan dutela, eta Galiziakoek edo Andaluziakoek baino ibilbide luzeagoak egin dituztela.

Gizartean autokonplazentzia handia dago, ustelkeriarekin dagoen bezalaxe: narkotrafikoa espainolen arazoa omen da, ez omen da gurea. Ez diogu gure irudiari ispiluan begiratu nahi.

Hemengo narkotrafikatzaileek izen-abizenak dituztela esan duzu. Jakin al daitezke?

Haietako batzuekin eta haien konfiantzazko menpekoekin hitz egin dut, eta halako adostasun batera heldu gara: liburuan haien historiak agertzen dira, baina ezizenak erabilita. Haien ekarpena informatzaile gisa interesatzen zitzaidan. Haiek ez dira arrain handiak narkotrafikoaren itsasoan, icebergaren punta baizik. Narkotrafikatzaile handiak ez daude kartzelan.

Eta zer dago icebergaren ur azpiko zatian?

Bankuekin harremana duten narkotrafikatzaileak, prostituzio etxeak kontrolatzen dituztenak, mezenas aritzen direnak eta hainbat ekitaldi garrantzitsutan argazkian agertzen direnak ekitaldi horien babesle, eta abar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.