Madrilek beste 145 milioi euro inbertituko ditu AHTa «Iruñeraino irits dadin»

Bernardo Ziriza Nafarroako Lurralde Kohesioko kontseilariak iragarri du Castejongo trenbide zatia «Europako funtsen bidez» finantzatuko dela

Geroa Baiko Uxue Barkos, eta, atzean, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2022ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
AHTa Nafarroako agenda politikoaren erdigunean jarri da berriro. Navarra Sumak PSNri aurpegiratu dio azpiegitura horren gaineko ikuspegia aldatu duela bestelako interes politiko batzuen ondorioz: «PSOEk ez du Nafarroan inbertitu nahi, eta EH Bilduk ez du obra hori egin nahi». Salaketa horren aurrean, Bernardo Ziriza Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko kontseilariak erantzun zuen azken hiru urteetan Madrilek 74 milioi euro jarri dituela AHTaren trenbide zatien obretarako, eta datozen urteetan beste 145 milioi euro inbertituko dituela, «Iruñeraino irits dadin».

Zirizak aurreratu zuen 105 milioi euroko aurrekontua dutela Tafalla eta Campanas arteko 15 kilometro inguruko zatia egiteko. Haren esanetan, Castejonen egitekoa den beste zatia —40 milioi eurokoa— «Europako funtsen bidez» finantzatuko da. Iruñeko geltokiaren kasuan, gogora ekarri zuen Garraio Ministerioak, Adif-ek eta Nafarroako Gobernuak hasieran hari lotutako hirigintza proiektutik at uztea hitzartu zutela, eta horrek «arazoa desblokeatu» duela. Zirizaren arabera, «lehentasunezkoa» da geltokia Etxabakoitz auzoan kokatzea, eta orain lau proiektu daude mahai gainean. Garestiena 67 milioi eurokoa da. «Hitzartu dugu geltokia nasa gainean eraikiko dela, eta solairu bat edo bi izango dituela. Datozen bileretan zehaztuko dugu eraikinak zer azalera izango duen».

Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak «udan» egingo dute Nafarroako trenbidearen eta euskal Y-aren arteko loturari buruzko bilera. Bi aukera daude mahai gainean: Ezkio (Gipuzkoa) bidezkoa eta Gasteizkoa. Horri buruz, Zirizak aipatu zuen «diskrezioz» ari direla lanean, eta gaineratu zuen «garrantzitsuena» dela AHTa Nafarroara iristea. Nahiz eta zuzenean proposamen baten alde ez egin, gogora ekarri zion Ezkiokoan 21 kilometroko tunela aurreikusten dela eta zailtasun tekniko ugari dituela.

Egunotan, Navarra Sumak eta Geroa Baik presio egin diote PSNri eta Lurralde Kohesioko Departamentuari, Ezkioko aukeraren alde egin dezan. Ezkioko loturak 2.000 milioi euroko aurrekontua du, eta Gasteizkoak, berriz, 704 milioi eurokoa; Uxue Barkos Geroa Baiko eledunak uste du Madrilek «merkeena» nahiago duela. Esparzak zein Barkosek defenditzen dute Ezkiokoak egingo liokeela «kalterik txikiena» ingurumenari, eta, trenaren konexio orduak kontuan hartuz, «aukera hoberena» dela Nafarroarentzat. Barkosek gogora ekarri zuen hamarkadotan guztiotan nafarrek 864 milioi jarri dituztela ekarpenen bidez Espainiako abiadura handiko trenaren egituran, eta garaia dela estatuak Nafarroan gauza bera egin dezan.

Argudio horiek zalantzan jarri zituen EH Bilduko Adolfo Araizek. Haren irudiko, Aralarretik barrena joango litzatekeen tunel batek ingurumenari kalte nabarmena egingo lioke: «Ezkiokoa aukera hobea dela diotenek ingurumen eraginari buruzko ezezagutza handia dute. Natura, hidrogeologia edo biologia adituekin, edo proiektu horren aurka diren plataforma ekologistekin hitz egitea besterik ez dago hori gezurra dela jakiteko». Espainian luzera bereko tunelek eragindako kaltea jarri zuen adibide gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.