Odon Elorza. PSE-EEko diputatua

«Aurreko baldintzak badaude, oposiziora jo beharko luke PSEk»

Elorzak uste du PSE-EEren proiektua «lausotua» geratu dela Jaurlaritzan EAJrekin izandako koalizioan, eta, berriz egotekotan, baldintzak aldatu behar direla; bestela oposizio «arduratsu eta eraikitzailera» jo behar lukeela dio.

JAVIER LIZON / EFE.
enekoitz esnaola
2020ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrerako bozetako gauean, Twitterren mezu bat idatzi zuen Odon Elorzak (Donostia, 1955): bere alderdi PSE-EE oposizioan aritzeko eztabaida zabaldu behar dela. Asteon, gogoeta hori garatu du bere blogean. PSE-EEren emaitzen eta hark EAJrekin Jaurlaritzan izandako koalizioaren balorazio kritikoa egin du. Oraingoz, jendaurrean bakar samarrik dabil halako pentsamoldeekin.

PSE-EEren emaitzen balorazio kritikoa egin duzu.

Orain lau urte PSEk behea jo zuen emaitza elektoraletan. Oso txarrak izan ziren. Orain bagenuen itxaropena berreskuratzeko, baina lehendik aulki bakarra irabazi dugu. Ez aurrera ez atzera gaude. Idoia Mendiak kanpaina ona egin du, baina emaitzek dena esaten dute: EAJk botoen %39 lortu ditu; guk, ia %14; eta alde handia da hori haren alternatiba izateko. EH Bilduk bikoiztu egin gaitu. Elkarrekin Podemosen jaitsierak ez dit poztasun berezirik sortu; gainera, galdu dituen botoak ez ditugu guk eskuratu.

Zerk eragin du emaitza hori?

Nire ustez, bi faktore daude. Batetik, inkestek zioten EAJk erraz irabaziko zituela bozak, eta iritzi publikoan esaten zen berriz ere haren eta PSEren artean osatuko dela gobernua, eta horrek botoaren desmobilizazioa dakar. Bestetik, lau urteotan Jaurlaritzan egotea garrantzitsua izan da, egonkortasuna eman diogulako, baina oso menpeko egoeran egon da PSE, eta, hiru sail izanda ere, aurrekontuaren %4,3 soilik kudeatu genuen; bistan da ez zirela sailikgarrantzitsuenak. Baldintza horietan oso gutxiengoan geunden gobernuan, eta gure alderdia eta proiektua oso lausotuta zeuden. Hausnartu egin behar dugu.

2009tik ari da jaisten PSE-EEbototan. Orduan 318.000 lortuzituen; 2012an, 212.000; oraingo hauteskunde hauetan, 122.000.

Hainbat faktore daude. Podemosen sorrera [2014] da bat; puska handia jan zigun hasieran, eta boto emaile horiek ez dira gugana itzuli. Gazteen botoa ere aztertu behar dugu. Azken batean, gure proiektua lausotu egin da. Alderdi instituzionala da PSE; ondo egiten du gobernu lana, baina autogobernuaren eta ezkerraren proiektua ez da jendearengana behar bezala heltzen. Horrek garrantzia dauka hauteskunde autonomikoetan.

PSE-EEk zer baldintzatan eginbeharko luke ituna EAJrekin?

Lehenik eta behin, PSEk egonkortasunaren, elkarrizketaren eta akordioen zutabe izaten segitu behar du euskal politikan. Gero, gobernuan egon daiteke ala ez. Gobernuan badago berriro, beste baldintza batzuetan egon behar du, gure presentzia ezin baita berriz ere oharkabean geratu. Kasurako, Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin negoziatzen duenean, lan hori ez da soilik EAJrengan utzi behar; PSEk ere ordezkaritza izan behar du. Horrez gain, oraingo kasuan, PSEren babesarekin Jaurlaritzak gehiengo osoa luke, eta gure babesa kualitatiboa litzateke; hala, ez litzateke ulertuko lehendakariorde sozialista bat ez egotea. Eta gobernu programa ezin da izan EAJk ezarritakoa; PSErenak diren ardatzak ere jaso beharko lituzke.

Baldintza horiek ez baleude, zer egin beharko zenukete?

2016-2020ko baldintzak badaude, oposiziora jo beharko luke PSEk. Hori defendituko dut. Ez digu beldurrik eman behar aukera horrek.

Nolako oposizioa egiteko?

Oposizioa ez da hartu behar taktika modura. Gure proiektuari begiratu behar diogu, ea nola geratuko litzatekeen toki batean edo bestean egonda. Gainera, oposizioak arduratsua eta eraikitzailea izan behar duela uste dugu guk. Gobernutik kanpo ere gai garrantzitsuak negoziatu daitezke, eta egonkortasunaren ekarpena egin daiteke. Euskadik eta Espainiak akordio asko behar dituzte garai hauetan.

Mendiak dio akordio parlamentarioa egitea dela aukera bat.

Ongi, betiere elkarrizketarako eta akordioetarako borondatea izanda. Halako akordio bat izan daiteke legealdikoa, aurrekontuetakoa, unean unekoa, oinarrizko legeei buruzkoa... Ate hori irekia eduki behar da. Hutsegitea litzateke ixtea eta EAJrekin negoziazio itsu batean sartzea, ezin baitugu arriskuan jarri proiektua.

2016ko itunean, kanpoan utzi zuten estatutu politiko berriaren gaia.

Oraingoan, berriro ituna badago, ezin da autogobernuaren atala albo batera utzi, desadostasunen eremuan. Izan ere, hori ez bada itunean jasotzen, arriskua legoke EAJk abenturaren bat hasteko edo horretara jokatzeko. Modu arrazoizko batean lotu behar da gai hori. Gaur egun, gainera, lehentasunak COVID-19a gelditzea eta Euskadiren berreraikuntza sozioekonomikoa dira.

PSE zer baldintzatan dago Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiriburu eta foru gobernuetan EAJrekin?

Kasu bakoitza desberdina da, baina ez daude ezbaian. Nire ustez, horiek ez dute menpekotasunik Jaurlaritzako itunarekiko; PSErentzat funtsezkoa da egonkortasun instituzionala izatea edonon.

Zer harrera du zure gogoetak?

Nire iritzia PSOEren zuzendaritza federalaren bileran eman dut, eta han badago Euskadiko kide esanguratsurik. Euskadiko eta Gipuzkoako zuzendaritzetan ez nago.

Eta zer diote PSOEn?

Hori ezin da kontatu.

EPk kanpainan sarri esan zuen EH Bildu, PSE-EE eta hiruren arteko Jaurlaritza osatu beharko litzatekeela. Zer irizten diozu?

Ez dut sekula egingarri ikusi hori, eta ez diot matematika kontuagatik, baizik eta egun ez daudelako baldintza egokiak. Konfiantza eraiki behar da. EH Bilduk irmotasuna agertu behar du ETAren terrorismoaren ibilbidearen aurka. Gainera, Espainiako Estatuan eskuinaren eta eskuin muturraren manipulazioa eta jazarpena daude. Halako indar desberdinen arteko akordioak behetik eraiki behar dira, udalen arlotik hasita, eta oraindik badugu lanik. Prozesu bat da. Ea hurrengo hauteskundeetan itun lokalak egiten diren.

Hiru urte barru izango dira udal eta foru hauteskundeak.

Ez zait gustatzen espekulatzea, baina udalen esparruan egin daitezke akordioak, han beste alor bat jorratzen delako; hau da, udalerriaren kudeaketa, eta ez Euskadiren etorkizuna, autogobernua, estrategia politikoa eta horrelakoak. Ez lirateke desadostasun handiak egon beharko EH Bildurekin. Hiru urte ditugu aurretik bide zail bat egiteko, diferentzia politikoak eta zauri batzuengatiko konfiantzapolitikoaren falta baitaude udalerri jakin batzuetan, baina landubeharko den bide bat izango da.

PSOE eta PSN hasiak dira EH Bildurekin hizketan.

Garrantzitsua baita hitz egitea, eta ez dago arrazoirik harekin Euskadin, Nafarroan edo Madrilen ez hitz egiteko. Normalizazio politikorako pauso batzuk dira horiek.

Eta, PSE-EE oposizioan geratuko balitz, aukerarik ikusiko al zenuke EAJ-EH Bildu itunerako?

Ez dakit. Garbi dut Euskadiko gehiengo handi bati ez zaiola interesatzen katalan abenturaren antzeko bat hastea hemen. Eusko Jaurlaritza abertzale eta independentista bat ez litzateke ona izango herri honentzat; are gutxiago garaiotan. Gainera, elektoralki oso gaizki letorkioke EAJri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.