Edu Ibernia. Tubacexeko enpresa batzordeko burua

«Gurea ikusita, bitan pentsatuko dituzte lan erregulazioak»

Urte erdia beteko du bihar Tubacexeko greba mugagabeak. Iberniak uste du ezohiko iraupena izaten ari den mobilizazio horrek patronalaren «gose aseezina» gelditzeko balio izan duela.

BERRIA.
jokin sagarzazu
2021eko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Negoziazioak etenda daude; abuztu amaieran helduko diete berriz. Edu Iberniak(Bilbo, 1972), langile batzordeko presidenteak (ELA), uste du orain arteko epaiek akordiorako oinarriak ezarri dituztela.

Bihar sei hilabete greba hasi zenutenetik. Nola daude indarrak?

750 langile gara eta %90 inguruk jarraitzen dugu greban. Hainbeste denboran era guztietako sentimenduak izaten dira, eta norberaren egoera ekonomikoa ere oso garrantzitsua da. Gainezka egin eta lanean hasi diren lankide batzuk baditugu, eta errespetagarria da.

Duela urtebete, BERRIAri eskainitako elkarrizketan, esan zenuen zuen borroka erreferente bihurtu nahi zenutela enpresa handiek COVID-19a aitzakia hartuta har zitzaketen erabakien inguruan. Helburua bete duzue?

Uste dut balio izan duela patronalen gose aseezina eusteko. Gurea bezalako egoerak izan dira PCBn, Aernnovan... baina askoz ere gehiago izan zitezkeen. Gure borroka ikusita, orain bitan pentsatuko dituzte lan erregulazioak.

Epaile batzuek onartu dituzte (Aernnova), beste batzuek ez (PCB, Tubacex). Patronalak segurtasun juridikorik eza salatu du. Sentitzen duzue halakorik?

Hori soilik esaten duten epaiak haien kontrakoak direnean. Uste dute inpunitate osoz aritu daitezkeela. Duela urtebete, kaleratzeak saihesteko aldi baterako lan erregulazioak planteatu genizkienean, barrez lehertu ziren gure aurrean, eta ohartarazi ziguten epaileak arrazoia emango ziela.

Baina EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dizue. Uste duzue horrek akordiorako atea zabaldu duela?

Guk argi dugu baietz. Baina hasi gara berriz negoziatzen eta ikusi dugu duela urtebete bezala jarraitzen dutela: mahaira haiek kozinatutako menua ekartzen dute, eta gustuko ez baduzu, hor konpon.

Zuzendaritzak Espainiako Auzitegi Gorenera jotzea baztertzen ez badu, auzibidea gutxienez beste sei hilabete luza daiteke. Zeinek du denbora alde?

Puntu honetara helduta, esango nuke inork ez duela alde. Zilegi da auzibidearekin jarraitzea, baina egoera ez da inorentzat ona.

Eta Gorenetik zer espero duzue?

Hemengo epaileek erakutsi duten koherentzia bera. Baina presio asko egon daitezke. Denen hobe beharrez auziak ez luke hara iritsi behar. Zuzendaritzaren eta lantaldearen arteko harremanak oso-oso gaiztotuta daude, eta Gorenaren epai batek, alde batekoa ala bestekoa izan,enpresan zauri sakon bat utziko luke luzarorako.

Halako gatazketan batasun sindikala oso garrantzitsua da. Nolakoa izaten ari da zuenean?

Ez dut ukatuko zenbait unetan eta bereziki fase honetan desadostasunak daudela, baina batzordearen bilera guztietatik iritzi bateratuarekin irteten gara.

Duela aste batzuk EAEko CCOOko idazkari nagusi Loli Garciak erreferendum bat eskatu zuen langile guztien artean grebari buruz. Zergatik ez duzue egiten?

Tubacexen hala funtzionatu izan dugu: sindikatu bakoitzak bere afiliazioari galdetzen dio. CCOOn hori erabaki zuten, batzordera ekarri zuten, gehiengoak ez zuen onartu, eta haiek ere bat egin zuten. CCOOkoak erakusten ari diren indarrak meritu izugarria du. Beste kontu bat da haien gainekoek egiten dituzten adierazpenak.

ELAkook baduzue erresistentzia kutxa, beste batzuek ez. Nabaritu duzue hori afiliazio berrietan?

Sindikatu bakoitzak bere tresnak ditu. Egia da gehiago etorri direla gurera, baina ez nuke esango soilik erresistentzia kutxagatik izan denik, uste dugu bereziki gure zerbitzu juridikoengatik izan dela.

Greban jarraitu nahi ez duten anonimo batzuek presioak salatu dituzte sare sozialetan-eta.

Izen-abizenik gabeko testigantzei ezin diet sinesgarritasunik eman. Gertutik ez dut halakorik ezagutu. Aitortu behar dut piketeetan egiten diren ekintza batzuk ez ditudala gogoko izan, baina hainbeste jende biltzen den mobilizazioetan halakoak gertatzen dira.

Zer deritzozue EuskoJaurlaritzaren orain arteko inplikazioa?

Hitz politak eta ekintza gutxi. Uste dugu enpresa handiei gehiago eska diezaiekeela, baina inpresioa daukagu ez duela gaitasunik ezer eskatzeko. Kezkagarria iruditzen zaigu herri batentzat hain funtsezkoak diren gaietan halako jarrera izatea.

Jakin da azken asteetan bitartekaritza lanak egin dituela.

Guk dakigula, behin. Ustez enpresak egindako akordiorako proposamen bat eman zigun, orri batean, hamabost lerrokoa. Guri ez zitzaigun serioa iruditu.

Enpresak urteko lehen erdialdeangalerak izan ditu, baina ez ditu grebarekin zuzenean lotu.

Bere bezeroei ezkutatu nahi die hori, baina aitortu izan du min egiten diola. Dena den, bi planten bideragarritasuna zalantzan balego, enpresaren jarrerarengatik izango litzateke, ez grebarengatik.

Txostenaren arabera, aurreikuspenak ez dira txarrak.

Ez. Epaiketan saiatu ziren justifikatzen sektoreak egiturazko krisi bat bizi duela, baina epaileek ez zuten arrazoibide hori aintzat hartu. Gainera, lan erregulazioa aurkeztu aurretik ere mezu itxaropentsuak ematen ari ziren, eta esaten ari dira industria plan bat dutela.

Negoziatzeko funtsezkoa informazioa da hori: jaso duzue?

Ez dira batere argiak. Egingo liratekeen doikuntzen arabera, plan bat dute ala beste bat. Susmoa daukagu ahalik eta gehien murriztu nahi dutela lantaldea, unean-unekora egokitzen joateko.

Zuek eta enpresa prest agertu zarete lantaldea txikitzeko neurri ez traumatikoen bidez. Non dago aldea?

Haiek behartutako kaleratze batzuk egin nahi dituztela: ez oraingo 128ak, baina bai batzuk, eta guk bakar bat ere ez dugula onartuko. Uste dugu borondatezko bajen bidez eta erretiro aurreratuekin murriztu daitekeela, eta aldi baterako lan erregulazioekin eutsi. Horrekin batera, proposatu dugu guk uko egitea lan hitzarmenean adostu genituen kontratazio berriei, eta enpresak, ordainetan, azpikontrataziorik ez egitea.

Abuztuko azken astean bilduko zarete aldi baterako erregulazioa negoziatzeko. Inflexio puntua izan daiteke hori?

Oso garrantzitsua izango da, uste baitugu aldi baterako erregulazioen bidez konpon daitekeela egoera, guk duela urtebete esaten genuen moduan eta berriki EAEko Auzitegi Nagusiak bere epaietan esan duen bezala.

Lan hitzarmena urte amaieran iraungiko da. Gatazka luzatzeko arriskua ikusten duzue?

Zorionez ultraaktibate klausula dugu. Gure ustez, kaleratzeen bidez saiatu direna hitzarmenarekin lortzen saiatuko dira: langileen gainean jartzea produkzio kostuen murrizketa. Hala bada, beste fronte bat zabal daiteke eta gatazka hau amaierarik gabekoa bilakatu. Hala ez izatea espero dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.