Kontuak negoziatzeko prest dago EH Bildu, «jendea» lehenetsita

Otegik dio EAJ «eroso» dagoela PSErekin, arlo nazionalean ez duelako «urratsik» egin nahi. Polemika «artifizialtzat» jo du presoen harrerena

Otegi, G7koen aurka Ficoban eginiko kontragailurrean, ostiralean. F. SCHEIBER / EFE.
jon olano
2019ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Datorren urterako aurrekontuen negoziazioa izango da urte politikoaren eztabaidagune nagusietako bat Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Jaurlaritzak luzatu egin zituen iazkoak, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk Jaurlaritzaren proiektua atzera botata. 2020ko kontuen negoziazioei begira, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak hitzeman du EH Bildurentzat «jendeak» izango duela «lehentasuna»: «Pentsiodunek, alargunek, gazteek, emakumeek, politika industrial alternatibo batek, soldata duinek eta abarrek». EH Bildu «jarrera guztiarekin» joango da akordio baten bila, akordioak egitea «ona» dela iritzita. Arlo horretan, ELArekin kritiko agertu da Otegi: «Sindikatuek negoziazio kolektiboak egiten dituzte, eta ez dute dena lortzen. Aurrekontuak gauza bera dira. Zergatik ezin da hitz egin?».

Euskadi Irratian eginiko elkarrizketa batean mintzatu da Otegi, eta «funtsezko» gaitzat jo du aurrekontuena. Aitortu du indar subiranistak ez daukala nahiko lukeen «indar harremana»nahiko lituzkeen aurrekontuak egiteko, baina erantsi du beren betebeharra dela «jendearen bizi baldintza materialak hobetzea». Halere, EAJ «eroso» antzematen du PSErekin duen aliantzan: «Ez dauka intentziorik urrats kualitatiborik egiteko termino nazionaletan, eta ez du gurekin akordiorik egin nahi, badakielako gurekin egiten diren akordioak ez direla PSErekin egiten direnak bezalakoak; badaki fundamentuzko edukiak behar direla».

Harrerak, «eraso lerro»

Azken asteetan euskal presoei espetxetik irtetean eginiko harreren inguruan sortu den ika-mikaz, berriz, nabarmendu du eztabaida «artifiziala» sortu dela eta «ezker independentistaren aurkako eraso lerro bat» eratzea dela horren atzean dagoen asmoa: «Horretaz hitz egiten da beste arazo batzuez ez hitz egiteko». Izan ere, Otegiren arabera, «eskandalua» da ETAk jarduera armatua behin betiko eten eta zortzi urtera indarrean egotea presoen sakabanaketa politika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.