Urkullu eta Aragones ados jarri dira harremana «indartzeko»

Generalitateak Jaurlaritzaren esku utzi du Pirinioetako Lan Elkarteko lehendakaritza. Bi lehendakariak aurreneko aldiz batzartu dira

Iñigo Urkullu eta Pere Aragones, atzo, Alpen (Girona). JORDI BEDMAR / EFE.
Oihane Puertas Ramirez.
2021eko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Pere Aragones Generalitateko presidenteak bi aldeen arteko lehen bilera egin zuten atzo, Alpen (Girona), PLE Pirinioetako Lan Elkartearen39. osoko bilkuran. Bileran, Kataluniak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zion PLEren lehendakaritza, eta elkartearen etorkizuneko erronkak finkatzeaz gain, «orientabide estrategiko eta politikoak» jasotzen dituen dokumentu bat sinatu zuten. Hala ere, bi agintari politikoak bat etorri ziren arlo batzuetan: besteak beste, bien arteko harremana «indartzeko» eta estatu eredua «birpentsatzeko» beharrean.

Aragonesek «lankidetza osoa» eskaini zion Urkulluri, Pirinioek eta bertako herritarrek lankidetza hori «merezi» dutelako. Horrekin batera, Urkulluk adierazi zuen «ilusioz eta anbizioz» aurre egingo diola etapa berriari, eta, gaineratu zuenez, lehendakaritza eskualdatzea aukera bat izan daiteke lurraldea «suspertzeko».

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak nabarmendu zuenez, Pirinioetako Lan Elkartearen lehentasun orokorrak bultzatzeko asmoa du: «Bizi kalitatea eta gizarte kohesioa hobetzea; Europako Batasunaren etapa berrian parte hartzea, eta klima aldaketaren eta eraldaketa digitalaren erronkak aukera bihurtzen saiatzea». Izan ere, PLEren helburua da Pirinioen garapenean laguntzea, «haien erronkak kontuan hartuta eta indarguneetan oinarrituta». Gaineratu zuenez, lankidetza izango da «arrakastaren bermea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.