Ximena Peralta. Convergencia Socialeko lehendakariordea

«Prozesu sozialaren pujak ekarri ditu Boricen urte honek»

Boric Txileko presidenteak urtebete egin du karguan, eta haren alderdiko lehendakariordeak dio «zumardi handiak» irekitzen ari direla. Peraltaren ustez, lorpen bat da prozesu konstituziogilearekin jarraitzea.

BERRIA.
jon ordonez garmendia
2023ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Duela hamar urte, Zuzenbideko ikaslea zen Ximena Peralta (Santiago, 1993) Txileko Unibertsitatean. Orain, Convergencia Social alderdiaren presidenteordea da, Gabriel Boricen alderdiarena. Urtebete da Boricek kargua hartu zuela, eta tarte horretan konstituzio bat idatzi, atzera bota eta beste bat idazten hasteko prozesua abiatu dute txiletarrek. Maiatzaren 7an hautatuko dituzte Kontseilu Konstituziogileko hautetsiak. Gu Gabe Ezer Ere Ez plataforma feministako kide izan zen Peralta aurreko prozesuan, eta, irailaren 4ko plebiszituko kanpainarako, idazkari nagusi hautatu zuen konstituzio berriaren aldeko koalizio nagusiak.

Salvador Allenderen hitzak gogoratuz, kargua hartzeko ekitaldian Boricek esan zuen zumardi handiak irekitzen ari zaretela berriro. Espero baino gehiago kostatzen ari al da?

Gure ustez, demokraziaren irekitzearekin eta ongizate sozialarekin lotuta dago zumardiak zabaltzea. Eta urte honetan pauso handiak eman dira. Batetik, prozesu konstituziogilearekin jarraitzen dugulako, plebiszituan Biltzar Konstituziogilearen konstituzio berria atzera bota zuten arren. Bestetik, justizia soziala ardatz duten erreformek ere fruitua eman dutelako: bizi baldintzak eta enplegua hobetu dira, delinkuentzia murriztu, eta hautsita zegoen herrialde bat bere onera ekarri. Prozesu sozialaren pujak ekarri ditu urte honek.

Txiletarrek ikusten dituzte puja horiek? Nola dago gizartea?

Uste dut gizartea ikusten ari dela gobernuak arlo horietan egindako lana eta horren emaitza. Azken inkesten arabera, Boricen gobernuaren irudia gorantz doa, eta egindako lana ontzat jotzen da.

Boric zer moduz dago?

Oso sendo, lidergo argi batekin, bai oinarri politikoan baita sozialean ere.

Zein izan da haren gobernuaren lorpenik handiena, zure ustez?

Berrordainketa kentzea izan da niri gehien gustatzen zaizkidanetako bat. Lehen, hemen, erabiltzaileak ere ordaindu behar zituen osasungintza publikoko zenbait zerbitzu, estatuarekin batera. Hori kenduta, diru asko aurreztu dute familiek.

Eta hutsegiterik handiena?

Ez da hutsegitea, baina azpimarratuko nuke asko kostatu zaigula gobernuaren oinarri politikoa osatzen dugun alderdien artean harreman osasuntsu bat izatea. Lehentasunetako bat da aurten.

Bigarren prozesu konstituziogilea abiatu berri da, eta bada hori kritikatzen duenik: horren zilegitasuna zalantzan jartzen dutenak eta alderdien gehiegizko parte hartzea salatzen dutenak. Saihetsezina izango da aurrekoarekin alderatzea.

Gure iritziz, horri jarraipena ematen ari gara, testu hura atzera bota arren prozesu konstituziogilea ez zelako hasi 2019ko protestekin, eta ez zelako amaitu iazko plebiszituarekin. 1980ko konstituzioa ezarri zenetik ari da Txileko herriaren parte handi bat demokrazian oinarrituko den eta beste ezaugarri batzuk izango dituen paktu sozial bat lortu nahian.

Aurreko konstituzio proposamena onartzearen aldeko zirenen kanpainako idazkari izan zinen. Zerk huts egin zuen?

Herritarrek ez zuten bere egin Biltzar Konstituziogilearen proposamena. Oraingoan, desberdina izango da: badakigu zertan gauden ados eta zertan ez. Horregatik, prozesu honetan ez gara orrialde zuri batetik abiatzen, baizik eta adostasuna duten oinarri konstituzionaletatik. Convergenciarentzat, aurrerapauso bat da eskuinak ere —baita eskuin gogorrak ere— onartzea prozesu honen abiapuntua estatu sozial bat izango dela; estatu ordezkatzailearen ideia kanpoan geratzen da.

Damu al zara zerbaitez?

Ez dakit damua den, baina gauzak bestela egingo nituzke orain. Biltzar Konstituziogilearen osaketa ezohikoa izan zen, eta ez zuen lortu herritarrak modu transbertsalean ordezkatzea. Hautagai independente asko aukeratu ziren, proiektu kolektiborik gabekoak. Proiektu konstituzional batekin baino gehiago, euren kausarekin joan ziren horiek Biltzarrera. Horrek zaildu egin zuen konstituzio proposamenaren lehentasunak argi eta garbi zehazteko gehiengo konstituzionala artikulatzea.

Artikulazio hori orain lortu daitekeela uste duzu?

Ni alderdi bateko militantea naiz, eta asko sinesten dut alderdietan; ez egitura burokratiko gisara, baizik eta gure ametsen alde borroka egiteko sare kolektibo gisara. Orain Kontseilu Konstituziogilean aliantza zabalago bat izateko lanean ari gara. Akordioak lortzeko borondatea duen jendea aukeratzera eramango gaitu horrek, eta ondorioz, Kontseilua osatuko duten norbanako horiek amets kolektiboak ordezkatuko dituzte. Biltzarraren etsairik handienetako bat barreiamendua izan zen. Testu berria herritarren begietan zilegi izan dadin, hor dago gakoa.

Eskuinak emaitza hobea lortu izan balu Biltzar Konstituziogilerako bozetan, bestelakoa izango zen orain egoera?

Bai, hain izan zen eskasa emaitza, ezen prozesua utzi eta ezezkoaren aldeko kanpaina egiten hasi baitziren. Emaitza hobea lortu izan balute, hori kudeatuko zuketen.

2020an erakunde konstituziogile misto baten kontra bozkatu zuten herritarrek, baina alderdiek izendatutako Adituen Batzorde bat egongo da orain.

Guk ez genuen hori nahi, baina prozesu konstituziogilearekin jarraitzeko akordio hori egin genuen. Irailaren 4ko emaitzaren ondoren, batzuek prozesua bera lurperatu nahi zuten, eta guk zerbait egin behar genuen hori ez gertatzeko.Akordioa ez da perfektua, baina bideragarria bai. Gainera, herritarrek aukeratzen dituzten konstituziogileen menpe egongo da Adituen Batzordea. Gure eskaeretako bat zen hori.

Aurrekoan konstituziogile izan ziren zenbait buruzagi maputxek kritikatu egin dute hau. Konparazio horiek kalterako izango direla iruditzen zaizu?

Argi eta garbi. Horrek zalantzak eta etsipena sor ditzake. Maiatzeko hauteskundeetan egongo dira herri indigenetako hautagaiak, baina ez dute leku bat gordea izango; guk hutsune hori aitortzen dugu. Baina aurreko prozesuan sinesten genuenok barneratu behar dugu testu hark ez zuela arrakastarik izan. Indigenen parte hartzea ere ez zen nahikoa izan komunitate horietan irabazteko. Edonola ere, konstituzio berrian indigenen identitatea eta eskubide kolektiboak jasotzea ezinbestekoa dela proposatuko dugu.

Aurreko proposamena feministatzat jo zen. Zeintzuk dira zuretzat marra gorriak?

Parekidetasuna batetik, eta politikaren ikuspegi feministatik eratortzen diren oinarrizko eskubideak bestetik: zaintza eskubidea, emakumeen ugalketa eta sexu eskubideak eta indarkeriarik gabeko bizitzak izateko eskubidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.