Jon Mikel Fernandez Elorz. Zinemagilea

«Samurtasunez egiten saiatu naiz»

'Bi arnas' dokumentala aurkeztuko du Elorzek larunbatean, Zinegin festibala kari. Iratxe Sorzabalek pairatu zituen torturak tabu bilakatuak ziren ama-alaben artean, eta obrak lortu du hori puskatzea.

BI ARNAS.
Ainize Madariaga
2022ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Arnasketak salatzen du bizi marka. Gabeziak, berriz, herioren isiltasuna. Bien artean, egon daiteke bizia utzi eta heriorengana joateko gogo pizle bat: tortura. Iratxe Sorzabal euskal preso politikoaren kasuak hatsik gabe utzi zuen bat baino gehiago, elektrodoek eragin zizkioten markak iruditan zabaldu baitzituzten 2001ean.

Jon Mikel Fernandez Elorzek (Donostia, 1983) Bi arnas dokumentalean erakutsi ditu torturaren ez-ageriko zauriak: Sorzabalenak, torturak jasan zituenarenak, baina baita amarenak ere. Obra maiatzean estreinatu zuen, eta, larunbatean, lehen aldiz hedatuko dute Ipar Euskal Herrian:16:00etan izanen da, Hazparneko (Lapurdi) Haritz Barne zinema aretoan, Zinegin festibala kari, zuzendaria lagun.

Nondik partitu zen ideia?

Imanol Arzuaga Sarratea Kima nirekin harremanetan jarri zen duela urte eta erdi. Iratxe Sorzabalen lagun mina da, eta hura laguntzeko beharra sentitu zuen dokumental batean haren historia kontatuz, Sorzabalen epaiketaren inguruan. Egin zizkioten torturen ondorioz Espainiaratu baitute duela hilabete zenbait, eta baliteke bizi osoko espetxe zigorra jartzea.

Sorzabal deiturak badakar torturaren konnotazioa.

2001ean atxilotu zutelarik pairatu zituen torturen irudiek oihartzun oso handia ukan zuten, gutxitan bezala, markak agerikoak baitziren. Besteak beste, elektrodoenak. Askatu ondoren, torturen beldurraren ondorioz, ihes egin zuen, 2015ean Baigorrin [Nafarroa Beherea] atxilotu zuten arte. 2022ra arte Frantzian bete du zigorra. Aurten, Espainiara igorri dute, 2001eko torturapekolekukotasunen ondorioz sinatu zuen guztia betetzeko.

Argazkiaz bertze, nola planteatu duzu dokumentala irudi aldetik?

Ohartu nintzen historia ez zela Iratxerena bakarrik, baizik eta bere amarena ere bai: Mari Nieves Diaz. Sekulako borraka eraman baitu alabaren kasua eta sufritutako torturak salatzeko. Ohartu nintzen ama-alaben arteko tortura zauriak tabu bilakatu zirela bien artean, bost egun horietan gertatu zen guziaz ez zutela sekula hitz egin. Dokumentalak zera egiten du, biak hizketan jarri irekitako zauriaz. Bi arnasak dira protagonistak: torturatu dutenaren ama, zauritua delako, eta Iratxe bera, bere larruan sufritu duena.

Putzu bateko ur tanta bat erakutsi nahi izan duzue?

Ama-alaben tortura historia kontatzen dut, baina, aldi berean,tortura bera eta hura pairatu duten guzien errealitatea islatu eta salatu nahiko nuke, baita herri batek duen zauria ere.

Izenburua poltsaren tortura metodotik ere hartu duzu, ezta?

Bai, arnasa falta edo asfixia egin zitzaidan tortura metodorik bortitzenetakoa: heriotzaraino eramaten baitzaitu. Horregatik Bi arnas: ama eta alaba irudikatzeko. Itsasoa hartu dugu irudi protagonista gisa, baduelako arnasa faltaren elementua, itotzearen beldur hori.

Pragmatikoki, nola eraman ahal izan duzue aitzina dokumentala, Sorzabal preso izanik?

Bagenuen oztopo gaindiezin bat: Iratxeren zuzeneko lekukotasuna ezin genuela bildu. Beraz, batetik, aurtengo [Espainiako] Auzitegi Nazionaleko bere epaiketako hitzak sartu ditugu, zeinetan berriz oroitu baititu 2001eko tortura egun haiek. Bestetik, 2001ean torturak sufritu eta berehala, elkarrizketa bakarra eman zuen Sorzabalek: Euskaldunon Egunkaria-ko Eneko Bidegainek egin zion, eta Torturen Aurkako Taldeko kamerariak grabatu zuen, EITBn zabaltzekotan. Azkenean, EITBk ez zuen hedatu. Eta bideo hori digitalizatu eta sartu dugu. Sekulako indarra eman dio dokumentalari. Hirugarrenik, Iratxek iragan abenduan antzerki obra bat egin zuen preso diren kideekin batera;bere min hori metaforikoki kanporatzeko baliatu zuen.

Ez dira horiek entzuten diren ahots bakarrak.

Ez, batetik, Paco Etxeberria erreferente bat da torturaren kontrako borrokan. Hark egin du Jaurlaritzak enkargatutako ikerketa, eta Iratxeren kasua oso ongi ezagutzen du. Bestalde, Serge Portelli Frantziako Estatuan erreferentea da torturaren kontrako borrokan, eta Iratxe defendatu du euroagindu batean behintzat. Azkenik, Nekane Txapartegi ere sartu dugu Iratxeren ahotsaren hutsune hori nolabait betetzeko, bien historiek paralelismo asko baitauzkate.

Torturak agerikoak ez diren zauriak ere uzten ditu.

Isiltasun behartua edo tabua da torturaren zauriak sortzen duena; besteari min egiteko edo ez egiteko beldurra da sindrome hori.

Dokumental honek badua helburu terapeutikorik?

Bai, isiltasun hori apurtu baitute ama-alabek dokumental honetan. Badakit on egin diela, edo, gutxienik, lagundu du gaia zabaltzen, eta ez dira bakarrik sentitzen. Iratxe espetxean egonda, dokumentala bizigarri bat da. Eta Mari Nievesentzat, Donostiako Zinemaldira iristea ezin pentsatuzkoa zen; ez da aitortza ofizial bat, ez erreparazio bat ere, baina horrelako leku esanguratsu batean agertzeak laguntzen du, ziur naiz.

Zer zailtasun izan duzu?

Lehen lan batean sentitzen den segurtasun falta sentitu dut, lehen dokumentala baitut hau. Gero, gaiaren gordintasuna, mina eta zauria azaleratu nahi nituen, baina samurtasunez egiten saiatu naiz, bai Iratxe eta bai Mari Nieves zainduz; arinkerian edo gauza oso agerikoetan erori gabe. Horregatik erabili dut asko itsasoaren metafora; torturaren bortizkeria azaleratzeko: ur korronteak, zurrunbiloa, ur kolpeak...

Lehen dokumentala duzu, baina ez lehen esperientzia.

Urte asko pasatu ditut kazetaritzan: irratigintzan, prentsa idatzian zerbait... Egia da honek lagundu nauela. Oraindik, deskubritzeko daukat zergatik etorri zen Kima niregana [barrez]!

Kazetariaren eta biktimen arteko distantzia atxikitzea zaila izan zaizua?

Maila pertsonalean gogorra izan da, Iratxe eta Mari Nievesen kasuan gordeta zeramaten zauria berriz ireki behar izan baitugu, eta, hain zuzen ere, zauri horiek sendatzeko helburuarekin ere egiten baitugu dokumental hau. Horregatik, kontu eta samurtasun ahalik eta handienarekin egiten saiatu naiz: erronka nagusia izan da. Gero, prestutasun osoa izan dut hasieratik.

Arras denbora laburrean, ez?

Bai, esprint betean egin dugu! Ideia duela urte eta erdi aipatu zidan Kimak, eta hilabete gutxi batzuetan egin behar izan dugu, epaiketari begira. Horregatik, oso garbi izan behar genuen zein izanen ziren protagonistak, eta ezin ziren asko izan. Horrek ere lagundu digu.

Lana auzolanean egina dela azpimarratu izan duzu.

Modu militantean hasi bai, baina, gero, modu profesionalean bukatu ahal izan dugu, dirua edo laguntza eman duen jendeari esker, diru laguntza publikorik gabe. Pentsa, auzolanean egindako dokumental hau Zinemaldira iritsi da! Azpimarratzekoa da!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.