Aurrez aurre direla bi ildoak

EAren ezohiko batzar nazionala izango da gaur, primarioen faseari nola heldu erabakitzeko. Ildo kritikoak datu basea izan nahi du lehendabizi

Pello Urizar —eskuinean—, atzo, Bakion, Martin Garitano eta Rebeka Uberarekin, Alkartasunaren hitzaldi batean. BERRIA.
enekoitz esnaola
2019ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
EAko bi ildoak aurrez aurre direla egingo dute alderdiaren ezohiko batzar nazionala gaur, Gasteizen (19:00); zuzendaritzaren arabera, idazkari nagusia hautatzeko primarioekin nola jarraitu erabakitzeko. Ildo kritikoak, ordea, alderdiko afiliatuen datu baserako sarbidea izan nahi du primarioen fasea hasi aurretik —datu guztiak eduki nahi ditu eskuragai—, baita kuota ordaintzetik salbuetsita dauden afiliatuen zerrenda gainbegiratzea ere; bestela, ez du ontzat joko primarioen faseari ekitea. Bi ildoen arteko auzia duela urte batzuetatik dator, baina jendaurrean aste honetan lehertu da, kritikoek prentsaurreko bat emanda.

Batzarrean ordezkariek dute parte hartzeko aukera, ez afiliatu guztiek —aldiz, primarioetan bai—. EAren azkeneko kongresuan hautatu zituzten ordezkariak, duela bi urte. Denera, 75: ildo ofizialeko kideak 60, eta kritikokoak 15. Beste ordezkariak udalerrietako EAk hautatzen ditu —bi ildoek ez dute eman zifrarik—. Ekainaren 13an batzar nazionala egin zuten, eta Pello Urizarren ordez jarduneko idazkari nagusia aukeratzeko bozketan ia ehun boto izan ziren. Joseba Gezuragarena izan zen hautagaitza bakarra, eta ez zegoen ezezkoa emateko aukerarik: baiezkoak boto zuriak baino hamabost bat gehiago izan ziren orduan.

Datuetarako sarbideari buruzko bi txosten daude EAn: zuzendaritzarena eta kritikoena. Aholkularitza juridikoko enpresari banatan enkargatu zituzten, eta BERRIAk biak eskuratu ditu. Ildo kritikoaren txostenak —iazko urriaren 4ko data du— garbi dio EAko zuzendaritzakide guztiek dutela eskubidea datu basera sartzeko. Zuzendaritzarenak —joan den uztailaren 15eko data du— ez du zehazki halakorik esaten; dioena da badagoela datu basearen arduradun bat —EAn, Antolakuntza idazkaria: Mariano Alava—, eta «datuetara sartzen diren pertsona guztien» esaldia ere badakar.

Zuzendaritzaren txostenak dio afiliatuen fitxategiaren arduradunak «neurri tekniko eta organizatiboak» ezarriko dituela «erabilera datuen babeserako araudiarekin bat datorrela bermatzeko»; hau da, idatzi ofizialak nabarmendu duenez, afiliatuen datuak alderdiaren barne «kudeaketa» lanetarako baino ez dira erabili behar, «ez helburu desberdin baterako, afiliatu bakoitzaren berariazko baimena ez badago salbu; eta horrelakorik ez dago». Lehenago, Txosten hau egiteko arrazoia izenburupean, ohartarazten du afiliatuen datuak gestioaz besteko zerbaitetarako erabiltzeko «asmoa antzeman» dela.

EAko ildo kritikotik Miren Aranoa Nafarroako koordinatzaileak, Iratxe Lopez de Aberasturi Arabakoak eta Mikel Goenaga Gipuzkoakoak eskatu zuten txosten juridikoa —zuzendaritzan sei dira ildo ofizialekoak, eta hiru haiek kritikokoak—. Idatziak dio datuen erabilera ez duela Antolakuntza idazkariak soilik izan behar, eta zuzendaritzakide denek dutela sarbiderako eskubidea, baita afiliazioaren kontrolerako eta jarraipenerakoa ere. Alderdiko Berme Batzordeak arrazoi eman zien martxoaren 11ko ebazpenean. Iker Ruiz de Egino EAko eledunak atzo kazeta honetan azaldu zuen «bideratua» dutela datuak emateko prozedura.

Urizarren lehen agerraldia

Pello Urizarrek atzo egin zuen aurreneko agerraldi publikoa EAko idazkari nagusi gisa duela lau aste dimisioa eman eta EAEko legebiltzarkide postua utzi zuenetik: Bakion (Bizkaia) izan zen, EAren Alkartasuna fundazioak antolatutako hitzaldi batean, abertzaleen arteko elkarlanari buruz aritzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.