Legebiltzarrean ere, EAJ eta PSE gehiengotik hur

Euskobarometroak 44 legebiltzarkide eman dizkie Jaurlaritzako koalizioko bi alderdiei, eta gehiengo osoa lukete, orain ez bezala

Markel Olano, Ramiro Gonzalez, Iñigo Urkullu eta Unai Rementeria, atzo, Gasteizen, Ajuria Enean. BERRIA.
gotzon hermosilla
2019ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Sendo dirau EAJk eta PSE-EEk Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako instituzioetan osatzen duten koalizioak, eta badirudi luzerako joango dela. Joan den maiatzeko udal eta foru hauteskundeen ostean, elkarren arteko ituna berriztatu dute bi alderdiek, eta, inkesten arabera, hilabete batzuk barru egitekoak diren Eusko Legebiltzarrerako bozetan ere aurreikuspenak baikorrak dira EAJ-PSE bikotearentzat, gehiengo osoa eskura izan dezaketelako. Izan ere, EHUren ekaineko euskobarometroak berretsi egin du aurreko inkestetan agertutako joera; Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiek handitu egingo lukete ordezkaritza —bi legebiltzarkide gehiago EAJk, bost gehiago PSEk—, eta aise gaindituko lukete 38 legebiltzarkideren langa gehiengo osoa lortzeko: 44 batuko lituzkete bien artean. Egun 37 aulki dauzkate.

EAJ izango litzateke EAEko herrialde bakoitzean boto gehien jasoko lituzkeena. Denera, 450.000 boto inguru, euskobarometroaren arabera. EH Bilduk 250.000 boto lituzke, eta 19 aulki, lehen baino bat gehiago. PSEk 200.000 boz lituzke. EP Elkarrekin Podemosek eta PPk lukete jaitsiera: EPk, 100.000 botorekin, bost aulki gutxiago —inkestaren arabera, sei lituzke—, eta PPk, 80.000 botorekin, hiru gutxiago —sei—.

2013tik dator EAJren eta PSE-EEren arteko oraingo adostasuna. Lehenago, 1987tik 1998ra, ohikoa izan zen jeltzaleen eta sozialisten arteko koalizio gobernua Jaurlaritzan, baina 1998an aurrera eten egin zen elkarlana. Urruntze hori 2013an bukatu zen, bi alderdiek «erakundeen egonkortasunerako ituna» sinatu zutenean, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariaren gobernuari aurrekontuak onartzeko bermea emateko. Geroztik, EAJren eta PSEren arteko adostasuna zabaldu baino ez da egin: 2015ean ituna egin zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundietan eta udal nagusietan batera aritzeko, eta urte hartan egindako Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ostean koalizio gobernua egin zuten. Nafarroako Gobernura ere heda daiteke elkarlana.

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak goretsi egin du adostasunean eta itunean oinarritutako eredua, eta «auzolanaren filosofiari» eusteko beharra aldarrikatu du: «Aurrean ditugun erronkak badira aski arrazoi elkarrekin lan egiten jarraitzeko, herritar guztien ongizatea hobetzeko helburua elkarrekin banatuz» Azaldu duenez, «elkarlanaren ereduari» eutsiko diote, «erakutsi duelako eraginkorra dela». Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiekin bildu ostean egin ditu adierazpenok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.