Eskola ordutegiari, azterketa

Eskoletako ordutegia eztabaidagai da hezkuntza komunitatean. Txosten bat atera berri dute abantailak aletuz, baina beste batzuek negozioa egin nahia ikusten dute atzean.

Gasteizko Angel Ganivet ikastetxeko ikasgela bat, artxiboko irudian. JUANAN RUIZ / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Eskolak goizez soilik ala goizez eta arratsaldez eman. Hezkuntza munduan aspaldiko eztabaida da, azken egunetan hauspotu dena. EsadeEcPol politika ekonomikoetako zentroaren txostena izan da txinparta. Ondorioztatu dute, besteak beste, eskolan zenbat eta denbora gehiago igaro ikasleek lortzen dituzten emaitzak hobeak direla, baita jardunaldi jarraituak emakumeen lanaldian eta diru sarreretan eragin negatiboa duela ere. Baina bada ados ez dagoenik, tartean jardun jarraituaren aldeko plataforma.

Hego Euskal Herriko argazkia egiteko, honatx datuak: Nafarroan, zabaldua dago eskolak goizez soilik izatea. 2007-2008ko ikasturtean ekin zioten eredu hori ezartzeari, eta, egun, HH Haur Hezkuntzako eta LH Lehen Hezkuntzako 157 ikastetxe publikotan nahiz itunpekotan dago; alegia, eskolen %70etan. DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, eskola orok du eredu hori. Egoera bestelakoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eusko Jaurlaritzak ordutegi zatituaren alde egiten du apustu, eta, oro har, ikastetxeetan goizez eta arratsaldez aritzen dira. Eusko Legebiltzarreko lau alderdi nagusiek berretsi dute bidea, hezkuntza itunarekin. Hala dio: «Lanaldi zatitua finkatzea, behar bezala baimendutako salbuespenetan izan ezik».

Umeentzat zein da hobea?

Behin eta berriz aipatzen da hezkuntzaren erdigunean ikasleak egon behar duela. Eta zein da harentzat ordutegirik egokiena? Elkarrizketatu adina iritzi daude. Lucas Gortazar da EsadeEcPolen txostenaren egileetako bat, eta argi du eskolak goizez eta arratsaldez jasotzea hobeto egokitzen dela ikasleen erritmoetara. Haren esanetan, LHn, bi arreta gailur daude: goizaren erdian eta bazkaritik bi ordu edo bi ordu eta erdira. Goizaren amaieran, berriz, arreta gutxiago jartzen dute. DBHn ere egokiagotzat du jardunaldi zatitua: «Ebidentziak esaten du nerabeek lo erritmo atzeratuagoak dauzkatela eta arreta gailurra beranduago hasten dela. 09:00etan edo 09:30ean sartu beharko lukete institutuetan».

Arratsaldeak bestelako jarduera batzuekin osatuta, abantailak ikusten dizkio jardunaldi jarraituari EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle Esther Cruzek. Adina du gakotzat: «Uste dut DBHrako ja badaukatela heldutasun maila bat eta gauza direla sei ordu ia jarraian egiteko». Ez, ordea, LHn: «Ez da hain komenigarria, nekatzen direlako, eta ez direlako kapaz hainbeste denboran arreta mantentzeko».

Adin guztietan eskolak goizez soilik izatea defendatu du, berriz, Irene Fuentesek, Jardun Jarraituaren Aldeko Euskadiko plataformako kideak. «Gure arrazoi nagusia umeen bizi kalitatea da». Azaldu du umeek denbora behar dutela, jolaserako, ikasteko, sozializatzeko nahiz kirola egiteko. Galdera batekin defendatu du bere iritzia: «Helduei esaten diet: 'Zuk zer nahiago duzu, 09:00etatik 14:00etara lan egitea ala 09:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 17:00etara? Uste dut erantzuna argi dagoela». Orduan, zergatik egiten dute jardunaldi jarraituaren alde? Fuentesen irudiko, jangeletako enpresen negozioa dago atzean: «Jardunaldi zatitua ezarrita dago botere handia duten catering makroenpresen mesedetan».

Kontziliaziorako tresna

Eskoletako ordutegia ez da ordu kopuru jakin bat ikastetxeetan igarotzea bakarrik, umeen eta familien bizitzako alderdi ugariri eragiten die. Ezin da ukatu, esaterako, kontziliaziorako ezinbesteko tresna dela eskola. Fuentesen irudiko, lagungarria da jardunaldi jarraitua: «Irteera ordua izan badaiteke gaur egungoaren berdina, baina umea eskolatik lehenago atera badezakezu, ulertzen dut kontziliaziorako errazagoa dela». Gortazarrek, aldiz, eskola ordutegia goizera mugatzeak familientzat dituen desabantailak jarri ditu mahai gainean: «Jardunaldi jarraituak negatiboki eragiten die familien lanari eta diru sarrerei, bereziki amei, haiek baitira galeraren bi heren jasaten dituztenak». Hau da, Gortazarren esanetan, batez beste amek diru sarreren %10-20 galtzen dute.

Familien bizimoduan ez ezik, eskola orduek emaitza akademikoetan ere izan dezakete isla. Gortazarrek esan duenez, ez dago jardunaldien eta emaitzen arteko ebidentziarik: «Zerk sortzen ditu emaitza hobeak jardunaldi jarraituak ala jardunaldi zatituak? Gu oso argiak gara: erantzuna da ez dakigula». Ordea, aztertu dituzte umeek eskolan pasatzen dituzten orduak eta lortzen dituzten emaitzak uztartzen dituzten nazioarteko ikerketak. «Hau dakigu: irakastorduak diren eta ez diren eskolako orduak areagotzen dituztenean, emaitzak hobetzen dira».

Beste desabantaila bat ere ikusten dio Gortazarrek jardunaldi jarraituari: eskola segregazioari bide emateko moduetako bat dela: «Maila lokalera eramaten badugu, hiru ikastetxe badituzu etxetik gertu, eta bi publikoek jarraitua eta itunpekoak zatitua eskaintzen badute... Familien lan erabakiak baldintzatzen ditu». Esan duenez, itunpeko gehienek egiten dute ordutegi zatituaren alde, eta horrek badu eragina familien hautuan: «Ez dut esaten aldagai garrantzitsuena edo garrantzitsua den bakarra denik, baina oso garrantzitsua da». Fuentes ez dago ados: «Aitzakia bat da, oso ondo geratzen dena. Segregazioaz arduratuko balira, beste ekintza batzuk egiten ariko lirateke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.