Primarioak gardenak izango direla dio EAk

Ildo kritikoak dio ez dagoela baldintzarik barne bozetarako. Datu basea eguneratu ostean ere, zuzendaritzak zuhurtzia izan nahi du lege aldetik

EAren ezohiko batzar nazionala, pasa den ostiralean, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
enekoitz esnaola
2019ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
EAren joan den ostiraleko ezohiko batzar nazionalak handitu egin du bi ildoen arteko lubakia. Batzarrean onartutako ebazpenari jarraikiz, zuzendaritzak dio alderdiak irailaren 16rako deituko duela idazkari nagusi berria hautatzeko primarioetara. Ildo kritikoak aurrez sarbidea izan nahi du afiliatuen datu basera; kuota ordaintzetik salbuetsita daudenen zerrenda ere eduki nahi du, eta, harentzat, datu horiek guztiak izan ondoren hasi beharko lukete primarioen fasea. Datu baserako sarbidearen aferan, ildo bakoitzak irekia dauka bide bat: kritikoek auzitara joko dute , epaileak ebazpen bat eman dezan; zuzendaritzak, berriz, AEPD Datuak Babesteko Espainiako Agentziara jo zuen duela hilabete pasa, galdera batzuk egiteko. Ildo kritikoak iritzi badio ez dagoela baldintzarik primarioen prozesua «demokratikoa» izateko, han parte hartu ala ez aztertuko du, baina gaur-gaurkoz zail ikusten du gauzak berak nahi bezala garatzea. EAko zuzendaritzako iturriek azaldu dute prozesua «gardena, zuzena eta bidezkoa» izango dela deritzonean baino ez dutela abiatuko alderdiko buruzagi berria hautatzeko mekanismoa, eta hitzeman du halakoak izango direla barne hauteskundeak. Oraintxe bertan ez dago bi ildoen arteko elkarrizketarik.

EAko zuzendaritzak espero du irailaren 16rako bukatuta izatea datu basearen «egokitzapenak eta eguneratzea», baina nabarmendu du gero ere «lege eta segurtasun aldetik zuhurtzia» izan beharko dela zerrenda hori erabiltzeko. Egun, EAko lurralde arduradunek beren eremuko afiliatuen datu basea izan dezakete, baina ez besteetakoena. Zuzendaritzak dio erabilerak betiere alderdi barruko lanetarako izan behar duela, «eta ez kongresu garaian edo orain primarioetan kanpaina propioa egiteko».

Aldiz, ildo kritikoak exijitzen du zuzendaritzako kide guztiek lehenbailehen izatea datuak, «gardentasuna eta berdintasuna» bermatzearren. Aldiz, eskatu du salbuetsien zerrenda irailaren erdirako argitzeko, eta idazkari nagusi berria abendua amaitzerako hautatzeko. Halaber, konpromisoa agertu du joan den martxoaren 11ren aurretik «gerta zitezkeen irregulartasunak ez begiratzeko» —EAko Berme Batzordeak martxoaren 11n ebatzi zuen zuzendaritzakide denei dagokiela datu baserako sarbidea—. Bilkuran 81 ordezkarik hartu zuten parte: ildo ofizialaren alde bozkatu zuten 49k, eta batek, kontra; kritikoek botoa ez ematea erabaki zuten, bozketa «iruzurtzat» jota, eta uste dute auzitara jotzera behartuta daudela; abokatuekin aztertzen ari dira noiz, non, nork eta nola sartu parte.

Aste gutxitako prozesua

Batzar nazionalak Berme Batzordeari eskatu dio irailaren 6rako primarioetako prozedurako ebazpenak argitu eta argudiatu ditzala, eta gero deituko litzateke EAko barne bozen fasera: hauteskunde batzordeak erroldaren berri emango du, hautagaien onarpena edo bazterketa egingo du, kanpainarako aldia zehaztu eta bozketa eguna finkatu, posta bidezkoarena barne. Aste gutxi batzuetako prozesua litzateke.

Zuzendaritzak dioenez, hautagaiek kanpainarako afiliatuen izen-abizenak eta haien administrazioaren berri izango dute; «ez gehiago, ez dagokielako». PSOEren Zaragozako (Espainia) primarioetako ebazpen bat jarri du adibide modura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.