Ehunek nazio batzarrera deitu du maiatzerako

Euskal errepublikaren aldeko mugimendu herritarra eta gehiengo zabala sortu nahi ditu. Ekitaldiak egin dituzte hainbat udalerritan

Euskal errepublikaren aldeko ekitaldia, atzo, Galdakaon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
enekoitz esnaola
2020ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Joan den azaroan Ehun herritar mugimendu nazionala aurkeztu zuten, euskal errepublikaren alde aritzeko; atzo, hamabost udalerri eta auzotan, ekitaldiak egin zituzten; eta, hurrengo pauso gisa, Ehunek maiatzaren 16rako nazio batzarrera deitu du. Hala iragarri du atzoko egunaren balorazioa egiteko zabaldutako prentsa oharrean. Bilkura irekia izango da, eta [email protected]-en izena eman beharko da. Oraindik ez du tokiaren berri-eta eman. Haren helburua da, euskal errepublikaren aldeko «gehiengo zabala» sortzea, lehentasuna emanik «behetik egindako lanari eta konfrontazioari». Haren arabera, lan jarduera horrekin, «gehiengoari gustagarria zaion aurpegia» jartzen zaio aldarrikapenari. «Goitik ehundu nahi den independentismoak ez du independentistarik sortzen; behetik ehuntzen denak, bai». Ondorioz, «agenda eta erritmoa markatzeko gaitasuna duen euskal errepublikaren aldeko mugimendu herritarra» behar dela iritzi dio.

Ekitaldiak Bizkaian Mungian eta Galdakaon egin dituzte, Lapurdin Larresoron, NafarroaBeherean Donibane Garazin, Nafarroan Beran, eta Gipuzkoan Aizarnazabalen, Oñatin, Zumaian, Hernanin, Pasaian eta Donostiako auzo batzuetan (Igeldo, Amara Zaharra, Amara Berri, Egia eta Antigua). «Politika egin dugu», esan du Ehunek oharrean, uste baitu «eguneroko arazo eta kezketatik abiatuz» euskal errepublikaren beharra mahai gainean ipini duten ekitaldiak izan direla. «Burujabetzarik eza jarri dute agerian. Bokazio eraldatzailea duen politika egin dugu. Politika eraldatzailearen iparrak jendarte osoari bizitza duina ematea izan behar du. Horretarako, euskal errepublika derrigorrezko erreminta da».

Maiatzeko batzar nazionalaren aurretik ere udalerrietan izango da ekinbiderik, oraindik zehazteke badituzte ere, Ehunek dioenez. «Ekintzaz egingo dugu bidea».

Azpeitian, apirilaren 25ean

Naziogintza Taldeak baieztatu du apirilaren 25ean egingo dutela Euskal Errepublikaren EgunaAzpeitian (Gipuzkoa). Duela aste batzuetatik data hori zuten jarria, baina Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak EAEko hauteskundeak noizko aurreratu egon dira. Urkulluk bozak apirilaren 5erako deitu dituenez, Naziogintzak eutsi egin dio datari. Batetik, «oroimen historikoa berreskuratu» nahi du, eta, bestetik, euskal errepublikaren «beharra sozializatu». Nazio mailako izaera emango diote apirileko egunari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.