Casadok ez du galaraziko Navarra Sumak Sanchezen inbestidura ahalbidetzea

PPko buruaren ustez, Nafarroan eskuinak gobernatzea erraztu dezake horrek. Pedro Sanchez prest dago Esparzaren eskaintza entzuteko
Maria Txibite, atzo, bilera hasi aurretik.
Maria Txibite, atzo, bilera hasi aurretik. IÑIGO URIZ / FOKU

Joxerra Senar -

2019ko ekainak 7
Javier Esparzaren mugimendua begi onez hartu dute PSOEk eta PPk. Herenegun, UPNko presidentea prest agertu zen Pedro Sanchezen inbestidura erraztuko lukeen bidea esploratzeko, «independentistek Nafarroan zein Espainian erabaki dezaten galarazteko». Atzo, Jose Luis Abalos PSOEko Antolakuntza idazkariari «oso arduratsua eta zentzuzkoa» iruditu zitzaion gobernabidea bermatzeko proposamen hori, baina trukean ezer ez eskatzea galdegin zion: «Bestela, interes orokorraren aurretik alderdiaren interesak lehenetsiko lituzke». Arratsaldean, PPko presidente Pablo Casadok ezustekoa eman zuen. Ez dio arazorik ikusten Navarra Sumako bi diputatuek Sanchezen inbestidura ahalbidetzeari. «Ez dugu abstentzioa galaraziko; batez ere, Navarra Sumak foru gobernua eta Iruñeko alkatetza lortzen baditu. Erabat funtsekoa da batasun nazionalaren mesedetan».

Adierazpen horiek islatzen dute sakoneko mugimenduak daudela atzean. Espainian, gobernua osatzeko bilera sortak egin ditu azken bi egunetan Felipe VI.a erregeak alderdi guztietako hautagaiekin. Amaitutakoan, Pedro Sanchez izendatu zuen atzo presidentegai. Gauean, Moncloan egindako prentsaurrekoan, «ohore handitzat» jo zuen ardura hori Sanchezek. Galderen txandan, Nafarroako egoerak hartu zuen protagonismo osoa, agerian utziz uneotan fokuaren erdigunean dagoela.

Zehazki, galdetu zioten ea prest dagoen Nafarroan eskuinaren gobernua ahalbidetzeko, bere inbestiduran Navarra Sumako bi diputatuen abstentzioaren truke. «PSNk eta PSOEk posizio bera dugu. Bildurekin ez da ezer negoziatzen», erantzun zuen. Hurrengo astean, Unidas Podemos, Ciudadanos eta PPrekin bilduko da, gero beste alderdiekin; tartean, UPNrekin. Sanchezen arabera, orduan entzungo du Esparzaren proposamena, baina bere inbestidurara mugatu du. Ez du argitu Nafarroan zer egingo duten. Modu horretan, Nafarroan zein Espainian agintari sozialistek denbora irabaziko dute alde batean zein bestean egoerak norantz egiten duen ikusi arte.

Ahal Dugu-rekin bilera

Hori guztia argitu zain, PSNk aurrerantz jo du. Atzo eguerdian Nafarroako Ahal Dugu-rekin bildu zen. Eduardo Santos Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak zuhur jokatu nahi du, baina konfiantza eman nahi izan zion PSNri. «Ez dugu zertan mesfidati izan», esan zuen. «Aurrekariak zein diren badakigu, baina ezin dugu negoziazio mahai batera joan pentsatuz ez dela aterako. Hori esatea da pentsatzea Navarra Sumarekin soilik egin daitekeela gobernua».

Santosek azaldu zuen «gutxienez 23 parlamentarik» babestutako akordio programatikoa hitzartu beharko litzatekeela, eta, behin hori lortuta, Ahal Dugu-ren Herritarren Kontseiluak berretsi beharko lukeela azken emaitza. Alta, hasiera-hasieratik PSNk argi utzi du negoziazio mahai horretatik kanpo geratuko dela EH Bildu. «23 parlamentarirekin ez dago gehiengo osorik eta beharrezkoa izango da beste indarrekin hitz egitea. Begi bistakoa da. Guk bi eserleku besterik ez ditugu. PSNri dagokio lidergoa eta hark esan behar du norekin elkartu gehiengoa osatzeko. Beraien eskubidea eta ahalmena da».

Ramon Alzorriz PSNko Antolakuntza idazkariak bereari eusten dio. Ez dute EH Bildurekin negoziatzeko asmorik. «Ez da aurrerakoia, nazionalista eta independentista baizik, beste lehentasun batzuk ditu». Aldiz, PSNk bai jotzen ditu aurrerakoitzat EH Bilduren bazkide izan diren hiru indarrak: «Gobernu batean zaudenean, besteen gauzak zure egin eta zenbaitetan amore eman behar duzu. Ondorioz, ezin dituzu proposamenetako asko aurrera atera. Uste dugu 23 hauekin, beste alderdi batzuek beste sinergia eta askatasun batzuk izango dituztela», arrazoitu zuen.

Herenegun Geroa Bairekin zein atzo Ahal Dugu-rekin izandako bileratan, ahalik eta gehien lortzeko borondatea azaldu zuen PSNk. Alzorrizek aurreratu zuen, ekainaren 19an osatuko den parlamentuko mahaiari begira, presidentea sozialista izatea bilatuko dutela. Hala ere, Alzorrizen arabera, «goizegi» da oraindik ezer aurreratzeko.

Navarra Sumaren proposamenari begira, Alzorrizek nabarmendu zuen «goi traizioan ohorezko matrikula» atera duela Esparzak: 2012an, UPNren eta PSNren arteko gobernua haustea edo iazko zentsura mozioan Pedro Sanchezen alde egin ez izana aurpegiratu zion. «Orain bere bazkideei egin die traizio. Esparza ez da sinesgarria, eta ez da lurralde honetako presidente izango». Beste behin, esan zuen PSNk ez duela Esparza presidente egingo, eta irmo esan zuen ez diotela PSOEri erronka bota. «Ferrazek ez digu ezezkorik eman».

Hauteskunde gauean Joseba Asiron alkate ez dela izango oihukatu ostean, atzo Maite Esporrin Iruñeko hautetsi sozialista Geroa Baiko Itziar Gomezekin bildu zen. Bien artean zazpi zinegotzi dituzte, EH Bilduk adina. «Gaur-gaurkoz», Esporrinek bere buruari bozkatzeko asmoa du. Horrek Enrique Maia egingo luke alkate.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna