Hauteskunde gau luzea izango da igandekoa hedabideetan

BERRIAk kontakizuna egingo du webgunean. Grafikoak eskainiko ditu. Paperezko edizioa argitaratuko du astelehenean, emaitzekin

Herritar bat botoa ematen, 2015ean, Nafarroako herri batean. IÑIGO URIZ / FOKU.
urtzi urkizu
2023ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Hauteskunde eguna izango da igandea Hego Euskal Herrian, eta egunkariek, irratiek eta telebistek luze eta zabal emango dute bozetan gertatzen denaren berri. BERRIAren webgunean, botoen zenbaketaren berri emango dute igande gauean bertan. Grafiko zein testu bidez informatuko du egunkariak Nafarroako Parlamentuko hauteskundeez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietakoez, eta hiriburu eta herrietakoez. Lehia estuen dagoen herri eta hirietan jarriko du arreta, eta akordio posibleen berri ere emango du egunkariak. Sare sozialetan ere emaitzen berri emango dute kazetariek.

Astelehenean, gainera, ezohiko zenbakia argitaratuko du paperean BERRIAk. Emaitza guztiez gain, analisi bereziak irakurri ahalko dira egunkarian. Analisi horiek ere webgunean egongo dira irakurgai.

Hamaika telebista igandeanhasiko da hauteskundeen berri ematen,18:00etan. Hamaikako kazetariak Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean egongo dira, zuzeneko konexioak egiten. Unean uneko datuak eguneratuz joango da Hamaika. Halaber, Naiz irratiaren Donostiako egoitzarekin bat egingo du Hamaikak, unean uneko analisi eta elkarrizketak jasotzeko. Saioan, emaitzen bilakaera eta datuak aztertuko dituzte. Analisi mahaian, Eguzki Urteaga irakaslea, Julen Mendoza aholkularia eta Estitxu Garai irakaslea egongo dira.

ETB1en, 19:30ean hasita

EITB taldeko hedabideei dagokienez, saio bereziak egingo dituzte ETB1ek eta Euskadi Irratiak. Xabier Usabiagak eta Nerea Reparazek aurkeztuko dute ETB1eko programa berezia, 19:30ean hasita. Analisi mahaiko solaskideak Endika Nuñez, Iñaki Galdos, Ainhoa Etxaide eta Pilar Kaltzada izango dira.

ETB2ko saioa Juan Carlos Etxeberriak, Africa Baetak eta Xabier Ormazabalek aurkeztuko dute. Solaserako mahai bat ez, baizik eta bi izango dira gaztelaniazko katean: batean, Eva Silvan, Braulio Gomez, Maite Ubiria eta Naiara Pinedo egongo dira, eta bestean, bost alderdi nagusietako ordezkariak.

Euskadi Irratiko saio berezia 19:45ean hasiko da. Analisiak egiten arituko dira Eneko Etxeberria, Josune Ariztondo, Nerea Azurmendi eta Felix Arrieta.

Radio Euskadin, berriz, emaitzen analisia egiteko, Ion Ansa, Natalia Rojo, Cristina Ruiz eta Iñaki Garcinuño gonbidatuko dituzte.

Webgune berezia izango du EITB.eus atariak, eta inkesten emaitzak, infografiak eta aurreko hauteskundeetako emaitzak jarriko dituzte bertan.

Igandean, 20:00etan, EITB taldeko hedabideek botoaren eta ordezkaritzaren lehen estimazioa egingo dute.

Euskalerria Irratia, irudiz

Euskal Herriko irrati ugarik egingo dituzte emankizun bereziak igandean, hauteskundeen berri emateko. Iruñerriko Euskalerria Irratiak, esate baterako, saio berezia egingo du 20:00etatik aurrera —irratiz entzuteaz gain, streaming bidez ikusi ahalko da, euskalerriairratia.eus webgunean—. Bi analisi mahai izango dituzte: aurrenekoan, Carlos Vilches Nafarroako Soziologoen eta Politologoen dekano ohia eta Amaia Alvarez NUPeko zuzenbidearen historiako irakaslea egongo dira; eta bigarrenean, Aingeru Epaltza idazlea, Edurne Egino medikua eta Patxi Zabaleta abokatua. Gainera, iritzia emango dute BERRIAko kazetari Joxerra Senarrek, Diario de Noticias-eko Miren Mindegiak eta Ibai Fernandezek, eta Gara-ko Martxelo Diazek. Gaizka Arangurenen eta Angel Erroren iritziak ere jasoko dituzte. Juan Kruz Lakastak gidatuko du saio berezi hori, eta alderdi nagusien egoitzetan lau unitate ibiltari izango ditu irratiak. Gainera, Nafarroako hainbat eskualdetan bideo konexioak egingo dituzte berriemaileek.

Iparraldeko Euskal Irratietan ere, Nafarroako eta Bidasoaldeko herrietako emaitzen berri emango dute igande gauean. BERRIAko Enekoitz Esnaola eta Joxerra Senar kazetariak eta Gaizka Aranguren ekoizle eta kazetaria ariko dira emaitzak aztertzen. Gidariak Juan Luis Aizpuru eta Koldo Nausia izango dira. 20:00etan hasiko dute emankizuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.