Joseba Barandiaran Andueza.
Koronabirusa. EKONOMIA PENTSALDIAN

Eppur si muove

2020ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Europaz ari garela (eta arazo handiak ditugunero satelite horri so jartzeko joera badaukagu), sarri gelditzen zaigu betiberandu eta laurdenpurdi irudipen hori. Aurreko krisian beltzez jantzitako gizonek hezurmamitu zuten; Estrasburgoko auzitegien gazi-gozoak ere izan dira beste zenbaitetan, opor fiskaletatik hasi eta giza eskubide edo zibilen bortxaketetara. «Bai baina» kirasdun irudipen mingots hori.

COVID-19aren krisi honetan ere, Europako Banku Zentrala (EBZ) ez zen gertatzen ari zenaz lehen unean ohartu. Baina nahiko azkar esnatu zela aitortu behar zaio Christine Lagarderi, eta, ñabardurak ñabardura, azkenean sendo agertu da egonkortasun finantzarioaren defentsan. «SuperMario» italiarraren ordezkoak asmatu zuen, bigarrenean agidanez; baita Alemaniako Auzitegi Konstituzionalaren zangotraba tartean izanda ere.

Hala, osasun krisi gisa hasi eta ekonomiko bihurtu den hau ezda, epe laburrean, finantza krisi bihurtuko. Ez bankuen bidez, ez estatuen zorraren bidez. Finantza desorekak ez direlako, oro har, 2008an bezain handiak eta ekonomiaren shock hau, gainera, simetrikoa(goa) delako. Alegia, ez die herrialde batzuei bakarrik kalte egin (besteak mesedetuz): gutxi-asko, guztiei eragin die, ekonomia guztiak eta zerga bilketa guztiak higatu ditu, iparretik hegora eta buelta.

Euroa kaiola gisa ikus baliteke ere, onartu beharko genioke egoera honetan bereziki Espainiari eta Italiari eurogunean izateak ekarritako mesedea. Estatuok euren finantzaketa iturriak ez dituzte galdu (gehienez ere pittin bat garestitu), eta debaluazio bortitzik ere ez dute jasan, EBZren jardunari esker. Ikustekoa zatekeen COVID-19arena Hego Euskal Herrian eta Espainian pezeta bizirik balego. %10eko defizit publiko baterantz goazen honetan, debaluazioa eta interes tasen igoera bortitza saihetsezinak ziratekeen; 1993ko krisia gogoratzeko bezain zaharrak zaretenok gogoan izango duzue ordukoa.

Aldi baterako lan-erregulazio dosierrei eta bizitzeko gutxieneko diru sarrerari arnasa eman die euroguneko kide izateak. Ez du honek mundua konpondu, baina muturreko langabezia eta pobrezia arintzeko zumeak badira. Bestalde, joan den astean aurkeztu zuen Europar Batzordeak Next Generation EU plana. 750 mila milioi mugituko ditu (bi heren abal gisa, heren bat mailegu gisa), ardatz franko-alemanaren jiran. Europa Hegoaldeari lagundu behar lioke aurrera egiten, txeke zuria izan gabe eta deskarbonizazioa ere laguntzeko aukeraz. EBk gutxieneko elkartasun gaitasun bat baduen seinale, nonoiz zerga ahalmenen bat lortzeko aukera baztertzeke, gainera. Izan zitekeen eskuzabalagoa, baldintzagabeagoa eta handiagoa. Baina holakoxea da dugun Europa; gaitzerdikoa. Birusak argi laga baitigu berriro: erabakimena, egotekotan, estatu bakoitzean dago. Full point.

Eta serie honen zaleoi esan laster berpiztuko dela klasiko baten denboraldia; abendurako dugu zain... brexit-a! Gogoratzen?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.