Donostiako 80. Musika Hamabostaldia. Lucia Lakarra. Ballet dantzaria

«Dantza bizitzeak egiten zaitu benetako dantzari»

'Antigona' interpretatuko du Musika Habamostaldian, Victor Ullate Balletarekin batera, gaur eta bihar, Kursaalean. Duela sei hilabete, konpainiako zuzendari artistikoaren kargua utzi zuen.
JERO MORALES / EFE

Alba Cabrera Jauregi -

2019ko abuztuak 17
Hiru urte besterik ez zituela, Lucia Lakarrak (Zumaia, Gipuzkoa, 1975) ballet dantzari izan nahi zuela esaten zuen. Donostian eman zituen lehen pausoak, Menchu Medelen gidaritzapean, eta 15 urterekin Madrilera joan zen dantza egitera; geroztik, hainbat konpainiarekin aritu da nazioartean. 2018ko irailean, Madrilgo Victor Ullate Ballet konpainiako zuzendari artistiko izendatu zuten, baina otsailean kargua uztea erabaki zuen. Musika Hamabostaldiaren barruan, Antigona, Sofoklesen tragedia, dantzatuko du Kursaalean, gaur eta bihar, ballet konpainia berarekin.

Zertan datza interpretatuko duzun Antigona obra?

K.a. 441. urtean estreinatu arren, gaurkotasuna duen pieza bat da. Antigonaren istorioa kontatzen du; pertsonaiak kontzientziaren eta obedientziaren artean duen barne borroka da antzezlanaren oinarria. Haren izaerak, sinesmenek, pentsaerek eta balioek talka egiten dute garai hartan ezarritako arau sozialekin. Anaietako bat hil egiten da, baina ezin dute lurperatu, traidoretzat jotzen dute eta. Kontaketa horretatik abiatuta, Antigonak duen barne gatazka lantzen du obrak, eta horrek bere buruaz beste egitera bultzatzen du.Askotariko gaiak jorratzen dira ikuskizunean: legeak, boterea eta sinesmenak, besteak beste. Gaiek gaurkotasuna dute; izan ere, egunerokoan aurki ditzakegun auziak mahai gainean jartzen dira: legeen bidegabekeria, gizarteak zuzentzat eta okertzat jotzen dituen jarrerak eta ohiturak...

Grezia Klasikoan estreinatu zen obra. Nola lotzen da garai hartan idatzitako lan bat gaur egungo ikusle batekin?

Istorioak ez du garai zehatzik; eszenografia nahiko abstraktua da. Jantziek Grezia Klasikoan kokatzen dute kontakizuna, baina musika garaikidea da, hau da, ez da obra estreinatu zen garaikoa. Elementu guztiak bateratuta, atmosfera berezia sortzen da.

Ikuskizunean Antigona interpretatuko duzu, Ediporen alaba. Nolakoa da pertsonaia?

Emakume indartsua da. Bere burua ondo ezagutzen du, eta prest dago bere printzipioak defendatzeko. Asko gustatzen zait horrelako pertsonaia bat interpretatzea. Oso gazte nintzela joan nintzen etxetik, eta bidean erabaki zailak hartu behar izan ditut; baina zerbaitetan sinesten duzunean hori defendatu egin behar dela pentsatzen dut. Asko gustatu zait pertsonaia honen barruan sartzea. Bere istorioa eta nirea oso ezberdinak dirs, baina identifikatua sentitzen naiz Antigonarekin.

Nolakoa da pertsonaia zure egiteko lan hori?

Hori da dantza egiten dudanean gehien gustatzen zaidana: pertsonaien larruan jartzea. Pertsonaiak egoera jakinetan zer pentsatzen duen eta zer sentitzen duen jakin behar dut, ezagutu. Ondoren, nire buruaren eta bihotzaren barruan sartzen ditut, nire emozioekin eta pentsamenduekin bat egin dezaten. Horretarako, oso garrantzitsua da istorioa ezagutzea, baita koreografoak istorioari berari buruz egin duen irakurketa ezagutzea ere. Oholtza gainean nagoenean, pertsonaiek hartzen dituzten erabakiak interpretazioa dira, baina emozioak nire barrutik ateratzen dira, eta benetakoak dira. Beti esan ohi dut: interpretatzen ditudan pertsonaiei asko ematen diet nire nortasunetik; baina nik berez, ez dut zerikusirik haiekin.

Victor Ullate konpainian hasi zenituen dantza ikasketak, eta 2018ko irailean zuzendari artistiko izendatu zintuzten. Nolako esperientzia da hori?

Irakasten baino gehiago, laguntzen aritu naiz. Daukadan eskarmentuarekin, beti esaten dut ona dela jendea laguntzea. Konpainian egon naizen denboran, nire helburu nagusia hainbat gauza aldatzea izan da. Izan ere, denak berdin jarraitzen du 30 urteren ostean. Hori zen nire asmoa, baina ez zen posible izan. Antigonari antzezlanean gertatzen zaion gauza bera gertatu zait niri: gauzak zuk nahi bezala egiten ez direla ikustean, eta gainera, zure lana egiten uzten ez dizutenean, erabaki bat hartu beharra dago; nire kasuan konpainiako zuzendari artistikoaren kargua uztea izan da erabakia.

Roland Petiteko Ballet Nazionalarekin, San Frantziskoko Balletarekin eta beste hainbat herrialdetako konpainiekin batera dantzatu duzu. Zer eman dizu konpainia ezberdinekin aritzeak?

Esperientzia handia eman dit. Herri bakoitza mundu bat da, konpainia bakoitza mundu bat da. Askotariko taldeekin dantzatu ostean, modu ezberdinetan lan egiten ikasi dut; lagundu dit ikusten gauzak nola egin behar diren eta nola ez diren egin behar. Nire gorputzarekin eta buruarekin esperimentatzeko aukera eman dit. Ohitura eta lan egiteko modu berriak ezagutu ditut, eta horrek ikuspegi orokorrago bat edukitzen lagundu dit. Balleta ulertzeko moduari dagokionean, oso ezberdina da herrialde batetik bestera. Ameriketako Estatu Batuetan, esaterako, diru pribatuarekin kudeatzen dira emanaldiak, eta balleta negozio hutsa da. Europaren kasuan, sentimenduek berebiziko garrantzia dute dantzan, eta balleta ikuspegi artistikoago batetik begiratzen da.

Dantzari on bat ez du teknikak bakarrik egiten; emozioak ere azaleratu behar direla esan ohi da. Zer garrantzia dute horiek gorputz adierazpenean?

Niretzat izugarrizko indarra daukate. Dantzariak gorputzarekin bakarrik dantzatzen baldin badu, gimnasta bat da; ez da dantzari bat. Dantza arte bat da, eta, artea izateko, emozioak behar dira tartean. Jende askok egiten du dantza ondo, baina, benetako dantzari bat izateko, sentimenduak transmititu behar dira; zerbait kontatu behar da, eta publikoak sentitu egin behar du. Dantza bizitzeak egiten zaitu benetako dantzari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna