Berreraikitzeko planerako 126 proposamen egin ditu Nafarroako Parlamentuak

Gobernuari eskatu zaio zor eta defizit helburu berriak zehazteko Madrilekin, eta «gizarte elkarrizketa bidez enplegu plan bat lantzeko»

Unai Hualde parlamentuko presidentea eta Sanchez Muniain, atzo. BERRIA.
joxerra senar
Iruñea
2020ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Bi astez, 168 proposamen aurkeztu dituzte Nafarroako Parlamentuko sei taldeek, eta azkenean 126 onartu dira. Denetariko neurriak eta asmoak jasotzen ditu, eta norabidea markatzen dio datozen hilabeteetan Nafarroako Gobernuak aurkeztu behar duen Suspertu planari begira. Hona neurri nagusiak.

FINANTZA - AUTOGOBERNUA

Azkenean, finantzaketak baldintzatuko du berreraikuntza. Hartara, «hitzarmen ekonomikoak ematen dituen aukerak baliatuz», Nafarroaren errealitate ekonomikora egokituko den «zorpetze politika berria» aldarrikatu dute Navarra Sumak ez beste talde guztiek. Espainiako Gobernuarekin zorpetzeko muga eta defizit helburu berriak zehazteko eskatu dute, eta «gastu araua gainditzeko, baita udaletan ere».

Zerga politikari dagokionez, batetik, zerga iruzurraren aurkako borrokan behatoki bat sortzea eta jarduera horretarako langile eta baliabide gehiago jartzea eskatu dute. Halaber, Ahal Dugu-k proposatu du aberastasunaren zerga ezartzeko aukera azter dadila. Sozietate zergan kenkarien eraginkortasuna aztertu nahi dute. Enpresei likidezia bermatzeko, zergen dirua itzultzeko sistema eta prozedura bizkortzea galdegiten dute, batik bat BEZaren kasuan.

Oraindik Espainiako Gobernuak ez du trafiko eskumena itzuli, eta alderdi guztiek aho batez onartu dute, horrez gain, espetxeetako osasun zaintzaren, ikerketa eta garapenaren, eta beken eskumenak lekualdatzeko akordioa lortzea.

AZPIEGITURAK

Nafarroako Ubidearen lehen fasearen zabaltzea amaitzearen alde egin dute Navarra Sumak, PSNk eta Geroa Baik; era berean, bigarren fasea egitearen alde azaldu dira. PSNk eta Geroa Baik AHTa «bultzatzera eta garatzera» dei egin diote gobernuari—Navarra Suma abstenitu egin da eta gainerakoek aurka bozkatu dute—. Errepide sarean lehentasunezko obrak dira AP-15ean Soria eta Tutera arteko konexioa, N-121ean 2+1 eredura egokitzea eta Tafallako saihesbidea. Udalek berreraikuntza planean parte hartu behar dutela ere argi utzi dute.

ZERBITZU PUBLIKOAK

Hezkuntzan, larrialdi ekonomikorako plan bat eskatzen dute behar handieneko ikasleentzat, jantokiak irekiz eta kanpalekuak eta bestelako jarduerak antolatuz. Inbertsioen arloan, beharrezkotzat jotzen da ikasle guztientzat ekipamendu teknologikoak bermatzea, batik bat baliabide gutxien dituztenen kasuan. Ikastetxe bakoitzaren beharrak aztertzera dei egiten zaio gobernuari. Beste olde bat izango balitz prest egoteko plan bat egituratzeko eskatu zaio, segurtasun neurri guztiak hartuz, eta testak eginez eta babes materiala banatuz.

Osasungintzan berrikuntza eta ikerketa biomedikoa garatu behar direla deritzote. Zerbitzu epidemiologikoak indartu behar direla nabarmendu dute, eta kutsatuen kontaktuak garatzeko proiektu teknologikoak bultzatu behar direla—Ezkerra, kontra—. Legealdi amaierarako oinarrizko arretaren sarearen aurrekontua bikoiztu behar dela azaldu dute, batik bat erizain ratioa handituz, osasun etxearen menpe diren zahar etxeen osasun arreta hobetu dezaten.

Halaber, etxeko arreta zerbitzuak hobetzera dei egin diote gobernuari, eta adinekoei egoitzez gain bestelako alternatibak eskaintzera eta indartzera. «Hilabete baten buruan» zahar etxeetarako eta menpekotasuna duten pertsonen egoeretarako kontingentzia plan bat aurkezteko eskatzen diote. Era berean, zahar etxe guztien gaineko zaintza, koordinazioa eta lan ikuskaritza egiteko erremintak sortzeko eskatu dute.

ENPLEGUA -BERRIKUNTZA

Gobernuari eskatu zaio «gizarte elkarrizketaren emaitza izango den enplegu plana» lantzea—PSNk, Navarra Sumak eta Ezkerra, alde; Geroa Bai, abstenitu; eta EH Bildu eta Ahal Dugu, kontra—. Espainian gutxieneko diru sarreren errentaren bidez lortuko den aurrezkia pobreziaren aurkako neurriak indartzera bideratu dadila galdegin dute.

Adimen artifizialeko nazioarteko zentro bat sortzeko deia egin diote gobernuari. Ikerketa bultzatu nahi dute, batik bat biomedikuntzan, industriaren dibertsifikazioan eta ekoberrikuntzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.