Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Heriotza zigorra

2019ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Alberto Pedronek oso modu bitxian eta politean kontatzen du nola sortu zitzaion mahastizaintzarekiko eta ardoarekiko pasioa: 10 urte zituela, mahastia aurrean eta aita alboan izan omen zen. Aitak, goizaldean esnatu, eta elurtearen erdian mahastia ikustera eraman omen zuen, autoz; hara iritsi, eta ikusi zuen edertasunak betiko utzi omen zion mahastiarekiko eta ardoarekiko maitasuna. Orduan hasitako ametsak 2006an hasi ziren gauzatzen. Artean, Espainian mahastiaren berregituraketa lanak martxan zeuden. Orduan, familiaren mahasti asko errotik erabat atereak izan ziren, eta mahatsondo berriez birlandatuak, gaizki izendatutako mejorantes mahats motekin. Beraz, Pedronen birraitonak, aitonak eta aitak landutako eta zaindutako sei hektareatan hedatzen ziren mahastiak heriotza sententzia baten mehatxupean geratu ziren, eta hortik upategiaren izena: Sentencia.

Orduan erabaki zuen Pedronek erreleboa hartzea eta proiektu berri bat abiatzea, lurren zati txiki baten ardura hartuz, mahastiak hark nahi zuen filosofiapean lantzeko asmoz.

Pedronen hitzetan, «han, desagertzear zeuden bi partzela eskasetan, nire bizitzaren zati berri eta suspergarriaz ohartu nintzen: Sentencia».

Esan daiteke, beraz, familiaren mahasti ondarea babesteko jaio zela Sentencia, gaur egungo eredu produktiboa kontuan izanik jasanezina gertatzen dena.

Oso argi dute, beste ezeren gainetik, mahastizainak direla, eta bokazio hori familiaren eta lagunen mahastiak aztertu, zaindu, landu eta mimatuta datozela gero ardoak, izaera handiko ardoak, alegia.

Bitxia da, baina Albertoren abizenak eta haren sorlekuak izen berbera daramate (Pedron/ Los Pedrones). Han dago upategia, eta mahasti zatirik handiena ere (zortzi hektarea) hantxe dago. Klima mediterraneoa bada ere, ukitu kontinental nabarmena du, eta hori erabakigarria da mahastizaintzan eta, ondorioz, ardogintzan ere: udak epelagoak direlako inguruetan baino, eta horrek freskotasun handiagoa dakarrelako ardootan.

Bost ardo egiten dituzte, eta seigarren bat ere hor daukate zain. Lau beltzak dira, eta bosgarrena zuria: Las Bairetas, Alexandriako moskatel mahatsez egina.

Beltzetarako bobal, syrah, garnatxa eta royal mahatsak erabiltzen dituzte: Sentencia, Lluvia, El Indulto eta El Bosque Habitado. El Indulto ehuneko ehunean bobal mahatsez egina da, eta El Bosque habitado, %95ean syrah mahatsez. Beste biak nahasteak dira.

Las Bairetas ardo zuria bikaina da, eta ligekin egindako lana da azpimarratzekoa.

Beltzetan, El Indulto eta Sentencia nabarmenduko nituzke. El Indultok bobalaren alderik delikatuena eta dotoreena erakusten du; eta Sentencia ardoak, berriz, proiektuaren jatorria modu bikainean erakusten du, frutaren bikaintasuna erakutsiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.