Nazioarteko Diru Funtsak uste du hazkundeak moteltzeari utzi diola

Hamarren bat jaitsi du 2020rako iragarpena, baina zehaztu du Indiaren erruz izan dela. NDFk onartu du tentsiogune batzuk baretu direla

Kristalina Georgieva NDFko zuzendaria, atzo, Davosen. GIAN EHRENZELLER / EFE.
Iker Aranburu.
2020ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Hiru hilabete igaro dira Nazioarteko Diru Funtsak bere iragarpen ekonomikoak egin zituenetik. «Moteltze sinkronizatuaz» hitz egin zuen orduan, hau da, herrialde aberatsen hazkundea ez ezik, pobreena eta tartean daudenena ere txikitu egingo zela. Urritik hona gertatutakoa ikusita, moteltzea geratzen ari dela eta hazkundea, «maila apalean bada ere», egonkortu egin dela esatera ausartu da NDF. Aho txikiarekin badaezpada ere. «Ez dago lekurik lasaitasunerako; munduak elkarren arteko kooperazio eta politika nazional indartsuagoak behar ditu, denei mesede egingo dien suspertze bati eusteko», azaldu zuen Gita Gopinath NDFko ekonomisten buruak, atzo, Davosen (Suitza), Kristalina Georgieva NDFko zuzendariarekin batera eskainitako prentsaurrekoan.

Berez, urrian egindako hazkunde iragarpenak jaitsi ditu NDFk: munduko barne produktu gordina aurten %3,3 haziko dela dio orain, orduan esandakoa baino hamarren bat gutxiago. 2020ari dagokionez, 0,2 puntu kendu dizkio iragarpenari, %3,4ra arte. Baina berrikuspen horiek Indiari soilik zor zaizkiola azaldu zuen Gopinathek.

Beste herrialdeetan eta eremuetan elementu positiboak ikusi ditu NDFk. Batetik, AEBek eta Txinak beren arteko merkataritza gerraren bolumena jaitsi dute, eta brexit gogor baterako aukerak «txikitu» direla iritzi dio erakundeak. Eurogunea %1,3 haztekoa da 2020an eta %1,4 2021ean; Frantzia, %1,3 urte batean zein bestean, eta Espainia %1,6 bi urteetan.

Industriaren gainbehera amaitzen ari den arrastoak ikusi ditu NDFk, «hobekuntzak izan direlako autogintzan isurketa arau berrien eragina ahuldu ahala».

Zerbitzuei dagokienez, NDFk nabarmendu du oro har hedatzen ari dela, «kontsumitzaileen gastu indartsua bultzatzen baitu soldaten hazkunde sendoak».

Arriskuak

Hazkundearen aurkako arriskuak «atzera egiten» ari diren arren, arriskuen falta ez dagoela onartu zuen Gopinathek. AEBen eta Europako Batasunaren arteko merkataritza «tentsioak» sor daitezkeela aipatu zuen, eta Txinaren eta AEBen arteko merkataritza gerra itzul daitekeela.

Gomendioei dagokionez, funtsa ez da urrundu azken urteetan gehien zabaldu den iritziaz. Inflazioa apal dagoenez, babestu egin du interes tasak maila apalean jarraitzea, jarduera ekonomikoari laguntzeko. Kontu publikoak saneatuak dituztenei eskatu die inbertitzeko «giza kapitalean eta ingurumenaren aldeko azpiegituretan»; kontu desorekatuak dituztenei, berriz, defizitak txikitzeko eta zorrei eusteko eskatu die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.