Durangoko 53. Azoka. Sormen beka

ATOPIArpg euskarazko rol jokoaren egitasmoak jaso du lehen Sormen beka

Sormena sustatu asmo duen beka eman du aurreneko aldiz Gerediaga elkarteak. Etzi Portu Maritimoa taldearen proiektuak irabazi du 15.000 euroko saria. Urtebete izango dute gauzatzeko

Sormen bekaren irabazleak, atzo, Durangoko ekitaldian. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
aitor biain
2018ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Euskal kulturari egindako ekarpena saritu du Gerediaga elkarteak Argizaiola sarien bitartez azken 25 urteetan. Iraganera ez, etorkizunera begira jarri nahi du elkarteak aurrerantzean, eta sormena sustatuko du horretarako. Bada, sortzaile berriei bidea errazteko asmoz, euskarazko kultur produktu bat hasieratik amaierara garatzen lagunduko du elkarteak. Bide horretan aurrena ATOPIArpg euskarazko lehen rol jokoa izango da.

Lehen aldiz eman dute Sormen beka Durangoko Azokan, eta atzo eman zuten irabazlearen berri, Landako Guneko areto nagusian egindako agerraldian. Bertan izan ziren egitasmoaren bultzatzaileak, Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujika, Durangoko alkate Aitziber Irigoras eta Sormen bekako epaimahaiburu izan den Itxaro Borda, besteak beste. Idazlearekin batera osatu dute epaimahaia Garbiñe Ubedak, Patxi Zubizarretak, Esti Albizuk eta Xabier Bovedak.

Literatura izan da bekaren gaia aurten, eta, orotara 28 proiektu aurkeztu badira ere, Etzi Portu Maritimoa taldeak aurkeztutako joko egitasmoa izan da guztien artean aukeratua. Proiektuaren originaltasuna azpimarratu zuen epaimahaiak: «Rol joko bat euskaraz, literatura fantastikoaren eta jolas kolektiboaren gurutze-bidean, sortzaile talde dinamiko batek ekartzen duena. Irudimena eta irudiak lantzen dituzte, Euskal Herriko gaurkotasunean errotzen da, eta umorea ere sartzen da narrazio eta komentarioetan», nabarmendu zuen Bordak.

«Gabezia» batetik abiatutako proiektua da ATOPIArpg, sortzaileen hitzetan, euskarazko rol jokoetan dagoen hutsunea bete asmo duena, hain zuzen ere. «Lagunekin elkarri ipuinak kontatzeko modu bat da, tradizio luzea duen literatura forma bat. Ez genuen euskarazkorik aurkitzen, eta nork argitaratuko duen itxaroten egon beharrean, iruditu zitzaigun hobe zela guk geuk sortzea», adierazi zuen Xabier Landabidek, joko egitasmoaren sustatzaileetako batek. Harekin batera, halaber, Galder Gonzalezek, Beñat Irasuegik, Oihana Kalparsorok, Yerai Gasconek, Unai Gorrotxategik, Gorka Salcesek eta Eneko Olazabalek ondu dute dira proiektua.

Euskarazko rol jokoaren liburua sortu eta argitaratzea du proiektuak xede nagusitzat. Sortzaileen hitzetan, halere, hori baino gehiago da egitasmoa. «Proiektu honetan aurkezten den egitasmoak euskaraz sortu eta argitaratutako lehen rol jokoaren liburua du helburu, baina proposamen honekin paraleloan adierazpide ezberdinak lantzen saiatzen ari gara, blog, sare sozial eta irrati bidez euskarazko rol jokoen posibilitateak aztertzeko».

Horretarako, baina, ilustratzaileak eta programatzaileak, idazleak eta irakurleak, jokalariak eta kontalariak jarriko dituzte harremanetan. «Rol joko honen bidez, irakurketa eta idazketarako ahalegin kolektiboki gozagarriak ahalbidetu nahi ditugu, liburu honen sormen prozesutik bertatik hasita».

Urtebeteko epea izango dute jokoa sortu eta argitaratzeko. Horretarako, Durangoko Udalak emandako 15.000 euroko beka jasoko du taldeak, eta heldu den urteko azokan aurkeztu beharko dute. Beka amaitzean, halere, proiektuari segida emateko nahia agertu dute sortzaileek, eta, liburutik abiatuta, ipuin laburren bilduma bat, komikiak, podcast saioak eta ikus-entzunezko animazioak sortuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.