Unai Martinez. GKSko kidea

«Gazteak ikuspuntu komunista batetik antolatzen ari dira»

Ehunka gazte batu ziren larunbatean Berriozarren (Nafarroa), Gazte Koordinakunde Sozialistak (GKS) antolatutako jardunaldietan. Martinezek dio gazteek komunismoaz jardutea «kultura kritiko» baten isla dela.

GORKA RUBIO / FOKU.
Edurne Begiristain.
2022ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Unai Martinez (Azpeitia, Gipuzkoa, 1996) Gazte Koordinakunde Sozialistako kideak dio jardunaldietan sortutako eztabaidak «mugimendu sozialista indartzeko» balio duela.

Gazte andana batu zineten larunbatean Berriozarren. Zer balorazio egiten duzue jardunaldien inguruan?

Milatik gora gazte batzea lortu genuen, eta, alde horretatik, oso balorazio ona egiten dugu. Bestalde, positiboa izan da komunismoaren inguruko hausnarketa bat egitea, alternatiba politiko hori gaur egungo baldintzetara ekartzea eta horri buruz eztabaidatzea. Eztabaidak mugimendu sozialista indartzeko balio du.Hainbeste gaztek gai horien inguruan gogoeta egitea bada kultura kritiko baten adierazle: gazteak politikan daude, eta ikuspuntu komunista batetik antolatzen ari dira. Gure antolakunderako oso positiboa da hori, baina baita politikarako ere.

Komunismoaren aldeko apustu politikoa egiten duzue. Mahai inguruetako batean, komunismoak azken urteotan jasan duen desprestigioaz aritu zineten. Zer dela eta?

Komunismoaren inguruan, aurreiritzi asko eraikita daude, ulerkera mitologiko asko ere bai: norberaren askatasunak ezabatzen dituela, urritasuna dakarrela... Ideia horiek denak deseraiki eta zalantzan jartzeko saioa egin genuen. Izan ere, uste dugu bizi eredu duin bat unibertsalizatzea dakarrela komunismoak. Gaur egun askoz ere zibilizazio oparoago bat antolatu daiteke klase dominazioa ezabatuta eta baliabide teknologikoak eta bestelakoak sozializatuta. Komunismoa horrekin lotzen saiatzen gara.

Horri lotuta, klase ertainaren «deskonposizioaz» jardun zuen Emanuel Rodriguez historiagile eta soziologoak. Zer ondorio atera zenituzten?

Gaiak ertz ugari ditu. Klase ertainena fenomeno politiko bat izan da bai Euskal Herrian, bai gainerako herrialde garatu askotan, baina bizi eredu hori desagertzen ari da. Gure ustez, klase ertainak pisu politiko handia dauka, biztanleriaren zati handi batek baldintza egokiak edukitzeak lotura zuzena duelako gizartean politika iraultzailerik ez garatzearekin. Hau da, klase ertainaren fenomenoak gizartean pisua galtzen duen heinean, politika bera, aliantzak eta alternatiba politikoak aldatuz joaten dira. Horri buruz hausnartu nahi genuen.

Jardunaldietara joandako gazteen artean zein kezka sumatu zenituzten?

Ateratzen dugun ondorio nagusia da haustura bat dagoela gure belaunaldiaren eta aurreko belaunaldien artean. Arlo ekonomikoan, argi dago langabezia estrukturala dela eta lotuta dagoela gaur egungo gizarte kapitalistaren garapen mailarekin. Hainbeste handitu dira indar produktiboak, ezen robotizazioak, automatizazioak eta digitalizazioak langilearen eskulana ordezkatu baitu.

Eta, hori aldatzeko, komunismoa da bidea?

Guk uste dugu zibilizazio eredu honek edo eredu kapitalista honek bere mugak dituela, eta argi dugu komunismoa dela gizarte aske eta justu bat eraikitzeko bidea. Belaunaldi bezala alternatiba politiko horren alde egiteko aukera historikoa dugu.

Hemendik aurrera, zein erronka dituzue?

Antolatzen jarraituko dugu. Mugimendu sozialista hedatu nahi dugu, eta, horretarako, gazte esparrutik harago lan egin behar dela uste dugu. Gainerako antolakundeen jardunek eta dinamikak berebiziko garrantzia dute bide horretan. Kontseilu Sozialistak tresna integral bat dira belaunaldi ezberdinetako eta egoera sozioekonomiko ezberdinetako pertsonekin lan egiteko.

Poliziaren jazarpena salatu zenuten larunbatean, Guardia Zibilak hainbat gazte identifikatu baitzituen.

Poliziaren presentzia gero eta handiagoa da gizartean, eta bereziki nabaria da horrelako jardunaldiak egiten direnean. Jazarpen poliziala gizartean egunero ikusten den zerbait da, eta ezinbestekoa da salatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.