Asiron EH Bilduren alkategai

Iruñeko alkatea izango da zerrendaburua. Bilbon eta Bizkaian, bina hautagai aurkeztu dira

Joseba Asironen hautagaitzaren aurkezpen ekitaldia, atzo. IÑIGO URIZ / FOKU.
jon olano
2018ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Joseba Asiron izango da berriro ere EH Bilduren hautagaia Iruñeko alkatetzarako. Datorren urteko udal eta foru hauteskundeei begira, zerrendaburuak aukeratzeko prozesuan dago koalizio subiranista, eta, Nafarroako hiriburuko alkatetzarako, Asironena izan da barne prozesuan aurkeztutako hautagaitza bakarra. Indar politikoaren esanetan, Iruñeko Mahai Politikoaren eta EH Bilduko oinarrien babesa du Asironek, «udal talde osoak Iruñean aldaketaren alde azaldutako konpromisoagatik eta eginiko lanagatik».

Atzo aurkeztu zuten hautagaitza, eta prentsaren aurrean hitz egin zuen Asironek berak. Nabarmendu zuen «luxu eta plazer handia» dela alkate izatea, eta eskerrak eman zizkien «kalean lanean» aritutakoei; baita EH Bilduri ere, «duela hiru urte emandako konfiantza berritzeagatik».

2015eko maiatzeko bozen ondorioz eskuratu zuen alkatetza Asironek, udal bozetan bigarren indarra izan zen, UPNren atzetik, baina beste talde batzuek Asiron babestu zuten. Hiru urte karguan eginda, uste du oraindik ere «erronka garrantzitsu bat» duela aurretik: «Aldaketa sendotzen jarraitzea». Ildo horretan, konpromisoa azaldu zuen «ilusio, indar, seriotasun, profesionaltasun eta zintzotasun berarekin» lanean jarraitzeko: «Pertsonalki, ez dut Iruñearen alde lan egitea ez den anbiziorik».

Hiru urteotako lanaren balantzea ere egin zuen: «Gogor ikasteko urteak izan dira, lan handikoak, baina inoiz ez dugu aldaketan konfiantza galdu». Orain, Iruñea «berdeagoa, iraunkorragoa, bidezkoagoa, sozialagoa, solidarioagoa eta, noski, feministagoa» dela uste du, eta «memoria historikoaren eta berdintasunaren aldeko borroka» jo zituen mugarritzat.

EH Bilduk jakinaraziak ditu jada Arabako eta Gipuzkoako ahaldungai nagusiak —Kike Pinedo eta Juan Karlos Izagirre—, Nafarroako Gobernuko lehendakarigaia —Bakartxo Ruiz— eta Donostiako, Gasteizko eta Iruñeko alkategaiak —Reyes Karrere, Miren Larrion eta Asiron bera—. Beraz, Bizkaiko eta Bilboko zerrendaburua zehaztea falta zaio.

Goirizelaia edo Markoartu

Bizkaiko ahaldungai nagusi izateko, bi hautagai aurkeztu dira: Arantza Urkaregi eta Beatriz Ilardia. Urkaregi Bizkaiko Batzar Nagusietako batzarkidea da gaur egun, eta Ilardia, berriz, Galdakaoko zinegotzia. Bilboko zerrendaburu izateko ere bi izango dira EH Bilduren hautagaiak: Jone Goirizelaia eta Joana Markoartu. Goirizelaia legebiltzarkidea da, eta Markoartu, administraria Gasteizko Udalean.

Hautagaiek kanpaina egiteko aukera izango dute datorren astelehenetik ostegunera bitartean, eta koalizioko kideek ekainaren 8tik 10erako epea izango dute botoa emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.