Ziortza Rekakoetxea. Soziologoa

«Etxean ixten dituzte ez sufritzeko, baina hori ere indarkeria da»

Emakume gazte elbarriek lan munduan duten egoera hartu du oinarri Rekakoetxeak bere ikerlanean. Ondorioztatu du lan baldintza prekarioak dituztela, eta gizarteko usteek eragina dutela haien egoeran.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2019ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan emakume gazte elbarrien lan egoeraren gaineko ikerketa egin du Ziortza Rekakoetxea soziologoak (Bilbo, 1977), Nerea Azkona eta Amaia Garciarekin batera. Emakundek beka bat eman die ikerlana egiteko. Genero ikuspegia eta intersekzionalitatea izan dituzte oinarri ikerlanean, eta emakume elbarrien ahotsa jarri dute lehen lerroan. Ondorioztatu dutenez, elbarritasunen bat duten emakumeek lan baldintza «prekarioak» dituzte. Egoerari irtenbide bat emateko asmoz, aholku batzuk eman dituzte.

Hipotesi batetik abiatu duzue ikerketa: lan merkatuan diskriminazioa dago.

Bai, funtsean, egon zitekeen ideia ezkorrenetik eutsi genion ikerketari. Emakumeon eta gizonezkoen artean, esaterako, badakigu soldata arrakala dagoela. Estatistikek ere hala diote. Beraz, pentsatu genuen aniztasun funtzionala duten emakume gazteen egoera larriagoa izango litzatekeela lan munduan.

Hori ikertzeko emakumeen ahotsak jarri dituzue lehen lerroan.

40 elkarrizketa egin ditugu;ezintasunen bat duten neskak26 izan dira, eta hamalau teknikari ezberdinak. Talde elkarrizketak ere egin ditugu, banakako elkarrizketetan kontatutakoak kontrastatzeko. Estatistikoki datuek ez daukate baliorik, baina kualitatiboki sekulako indarra dute.

Genero ikuspegia eta intersekzionalitatea ere oinarri izan dira.

Genero ikuspegitik harago joan nahi genuen. Ikertzaile eta feminista gisa bagenekien ikuspegi hori ez zela aski ikerketa honetarako, kontuan hartuta aniztasun funtzionala duten emakumeez hitz egiten ari garela. Beraz, intersekzionalitatearen alde egitea erabaki genuen. Genero ikuspegitik haragoko pausoa da, egoeretan eragina duten aldagai gehiago hartzen baititu kontuan: adina eta jatorria, besteak beste.

Zergatik erabili duzue aniztasun funtzionala kontzeptua?

Inklusiboagoa den kontzeptua iruditzen zaigu, guztiok maila berean jartzen gaituena. Oinarri batetik abiatu ginen kontzeptua zehazteko orduan. Pentsatzen dugu guztiok garela funtzionalki aniztunak, baina gizarteak erakutsi digu gaitasun batzuk ezgaitasunak direla: esaterako, braille metodoaren bidez irakurtzea.

Eta ikerketaren ostean hasierako hipotesia baieztatu al da?

Ondorioztatu dugu lan merkatuan prekarioak direla aniztasun funtzionala edo elbarritasun jakin bat duten emakume gazteek dituzten lan baldintzak. Areago, sarritan, aurreiritzi ugari dituzten pertsonekin elkartzen dira, eta gurasokeriaz tratatzen edo gehiegi babesten dituzte. Azken batean, hainbat izan daitezke lan munduan izan ditzaketen barrerak: begirada batetik hasi eta lan kaleratze batera arte.

Zer dago jarrera horien atzean?

Kasu gehienetan, ez dago asmo txarrik: ezjakintasuna dago. Hori oztopo da aniztasun funtzionala duten gazteentzako. Ez dakigu zer den aniztasun funtzionala, zein behar dituen elbarritasuna duen pertsona batek. Are, gogoan izan behar da elbarritasun guztiak ere ez direla berdinak. Mugak ezartzera behartzen gaituzten aurreiritziek dute pisurik handiena.

Elbarritasuna duten asko ikusezinak ere badirela diozue.

Ikertzen hasi ginenean, eta lan merkatua oinarri hartuta, ohartu ginen inon ez zegoela elbarritasunen bat duten emakume talde bat. Ikusezinak ziren harik eta etxean sartuta daudela jakin genuen arte. Emakumeak, gazteak eta elbarritasun jakin bat zehaztua dutenak dira. Inork ez ditu animatu haien bizitza ahalik eta era autonomoenean bizitzera, gehiegi babestearen ondorioz. Hala, askok etxeko lanak egiten dituzte, eta, sarritan, baita zaintza lanak ere. Sufritu ez dezaten etxean ixten dituzte, baina hori indarkeria mota bat da. Asmo txarrik gabe eta ustez maitasunez egindako indarkeria da.

Zer egin daiteke egoera saihesteko?

Sentsibilizatu eta egoeraren jabe egin. Genero ikuspegia ere landu behar da, eta estereotipoak amaitzeko feminismoa ere beharrezkoa da. Erakutsi behar dugu pertsona guztiok ditugula gaitasunak; baita aniztasun funtzionala dutenek ere. Ezartzen ditugun mugek mugatzen gaituzte. Politiken abanikoa ere zabaldu behar da. Izan ere, elbarritasunen bat duten pertsonen mundua txikia da; ezin dugu oraindik eta txikiagoa bilakatu: hori zabaldu beharra dago. Haiek dituzten gaitasunak izugarriak dira; horiek bultzatu behar dira, eta erronkak gainditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.