Ofizialtasuna aitortuta ere, gutxitu

Eskubide linguistikoez mintzatu dira nazioarteko hainbat eragile Hizkuntza Komisarioen Nazioarteko Elkartearen VII. konferentzian. EAEko Arartekoak eta Behatokiak zerbitzuak euskaraz jasotzeko trabak azaleratu dituzte

Gazte Euskaltzaleen Sareak Donostian eginiko manifestazioa. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
2022ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Euskara ofiziala da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Baita Nafarroako Euskararen Legeak zehaztutako eremu euskaldun izenekoan ere. Administrazioek aitortutako estatus horrek, baina, ez ditu hiztunen eskubideak bermatzen; ondorioz, asko dira eskubide linguistikoen alorreko erakundeek egunero jasotzen dituzten kexak. Errealitate hori azaleratu zuten atzo EAEko Arartekoak eta Behatokiak, Hizkuntza Komisarioen Nazioarteko Elkartearen VII. konferentziaren bigarren egunean.

Besteak beste, Kanada, Irlanda, Gales eta Eskoziako arartekoa eta hizkuntza eskubideen begiraleak bildu dira Bilbon egunotan —gaur amaituko da konferentzia—, eta hizkuntza gutxituen estatusaz eta eskubideen urratzeaz solastatu dira. EAEko Arartekoak antolatu du aurtengo konferentzia, Hizkuntza Komisarioen Nazioarteko Elkarteko kide den heinean, eta Hizkuntz Eskubideen Behatokia gonbidatu du, bi erakundeek duten elkarlanaz aritu eta euskararen egoera beste herrialdeetako ordezkariei azaltzeko.

«Nazioarteko elkarteetako kideei azaldu diegu euskarak estatus ezberdinak dituela Euskal Herriko eremuen eta lurraldeen arabera; Nafarroako egoerarekin harrituta agertu dira batzuk», esan du Agurne Gaubekak, Behatokiko zuzendariak. «Hala ere, hizkuntza batek estatus ofiziala izateak ez du dena konpontzen. Eskubideak urratzen dira egunero», gehitu du. Eusko Jaurlaritza jo du horren adibidetzat: «Euskararen ofizialtasuna aitortua dago Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina Jaurlaritzak neurri ezberdinak aplikatzen ditu hiztun kopuruaren arabera. Oraindik orain, normaltzat jotzen da euskaraz ez jakitea, baina gaztelania ez: denok jakin behar dugu gaztelaniaz».

Horren adibide zenbait eman ditu Roberto Morenok, Arartekoaren bulegoko hizkuntza eskubideen arduradunak: «COVID-19aren izurrialdian argibideak eta informazio publikoa zabaltzeko garaian, adibidez, agintariek lehentasuna eman diote hizkuntza nagusiari: ingelesari, frantsesari edo gaztelaniari, kasuan kasu. Euskal Herrian ere, zailtasun handiak ditugu osasungintzaren alorrean, arta euskaraz jaso ahal izateko».

Izan ere, larrialdi egoeretan zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubidea aldarrikatzea «gehiegizkotzat edo borondatezkotzat» jotzen dela uste du Morenok: «Euskaldunak behartzen gaituzte militante izatera, funtsezko eskubideak aldarrikatzen ibiltzera».

Osasungintzaz gainera, justiziaren eta segurtasunaren alorretan ere «gabezia handiak» antzeman ditu EAEko Arartekoak. «Euskaraz aritzen diren epaileak ez dira %5era ailegatzen, eta kexa asko jaso ditugu ertzain, udaltzain eta bestelako polizien jardunagatik. Halakoetan, euskarazko arta eskatzea gatazka iturri izan daiteke, eta hori oso larria da».

Neurri osagarriak

Baliabideak falta direla gaineratu du Gaubekak: «Auzi honetan, administrazioek badute zeresana eta zeregina. Ez naiz ari diru kontuez soilik. Legedia aldatzerakoan edo sektorekako neurriak hartzerakoan ere, ezinbestekoa da hizkuntza eskubideak aintzat hartzea». Lan arloa aipatu du, zehazki: «Euskaraz lan egiteko ezintasun nabarmenak daude Euskal Herrian, gabezia handiak daudelako baliabideetan, legedian eta ohituretan». Horregatik, hizkuntzaren estatus ofiziala bermatzeaz harago, «bestelako neurriak» ere galdegin ditu, «eskubideak benetan berma daitezen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.