Brahim Dahane. Aktibista sahararra

«Ezagutza da elkartasunaren motorra»

Dahanek uste du Mendebaldeko Saharak «maila gizatiarrean» baduela elkartasuna atzerrian, baina kexu da gatazkaren erro politikoari buruzko jakintza ez dela hain zabala.

Paulo Ostolaza.
Donostia
2019ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Ia Mendebaldeko Saharako gatazkak dituen adina urte daramatza borrokan Brahim Dahanek (Aaiun, 1965) bere herriak burujabetza lor dezan. Horregatik eduki zuten desagerrarazita 1987 eta 1991 artean, baita hainbatetan espetxeratuta ere. ASVDH Marokoko Estatuak Eragindako Giza Eskubideen Urraketa Larrien Biktimen Saharako Elkarteko presidentea da. Euskal Herrian izan da, Mundubat GKEak gonbidatuta, eta, erakunde horren vocesdefensoras.org plataformaren bidez, ikusgarritasuna eman nahi dio Saharako herriaren borrokari.

Zer lan egiten du ASVDH erakundeak?

Giza eskubideen aldeko erakunde bat da, eta ildo ezberdinak lantzen ari gara orain. Bat sentsibilizazioa da; bestea, nazioarteko organismoetan salaketak jartzea —Giza Eskubideen Kontseiluan, adibidez—, Nazio Batuen Erakundearekin elkarlana... horrelako kontuak. Marokoarrek Mendebaldeko Saharan okupatua duten zatian egiten dugu lan.

Zein da egungo egoera Mendebaldeko Saharan?

1991tik gaude erreferendum baten zain. Ez gaude gerran, ezta bakean ere. NBEk bake prozesurako plan bat osatu zuen 1991n, erreferendum bat antolatzeko. Marokorekin dugun su-etena indarrean da ordutik, eta abian jarri zuen Minurso misioa ere, NBEk Sahara Mendebalderako zuen programa. Ni bizi naizen lurraldearen %75 Marokok kontrolatzen du, eta %25, berriz, Fronte Polisarioak. Orain, Afrikako Batasunaren parte diren bi herrialde gara SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa eta Maroko; eskubide berak ditugu, baina segitzen du okupazioak.

Nazioarteko eragileek zer egiteko izan dute?

NBEren 170 ebazpen baino gehiago daude lurralde hori gure eskumenekoa dela diotenak: Segurtasun Kontseiluarena, Deskolonizazio Kontseiluarena, Hagako Nazioarteko Auzitegiarena, Europako Auzitegiarena... Kontua da NBEren sistemak engaiatu egin gintuela, eta kale itsu batean sartu ginela. Paralizatuta gaude 1991tik,eta Espainiako Estatuak jokatu duen paperak guri egin digu kalte beti.

Zergatik da horren garrantzitsua ezagutza?

Euskal Herrian bada jende askobadakiena Sahararekin zerbait badela, baina ez dut uste errealitatea ezagutzen dutenik; are eta gutxiago euren gobernuari presio egiteko adina. Politikariek nazioarteko legedia bete beharko lukete. Leku guztietan bezala, hemen ere jendeak justiziarekin bat egiten du; horrelakoak gara. Baina jende horrek ez badu interesik, ez badago sentsibilizatua eta ez badu ezagutzen gure jatorria, ezta dugun oinarri juridikoa ere, ez gaituzte babestuko. Jakinaren gainean baleude, euren gobernuari esango liekete: «Aizue, hori ere zuen betebeharra da».

Hemen zergatik egin behar da sentsibilizazio lana?

Gaiak zerikusi handia du Espainiako Estatuarekin. Sahara Espainiaren kolonia zen. Franco hil zenean, erabaki zuten Sahara uztea, baina lehendik baziren NBEren ebazpen batzuk Espainiak Sahara deskolonizatu behar zuela ziotenak. Espainiak 1975ean banatu zuen lurraldearen administrazioa Mauritania eta Marokoren artean, eta lurraldeko aberastasun naturalek emandako irabazi ekonomiko batzuekin geratu zen. Oraindik ere, NBEren zerrendaren arabera, Espainia da lurralde horretako potentzia administratiboa. Nik espero dut Espainiako gizarteak kontuan izatea ardura historiko hori eta presio apur bat egitea euren gobernuari, alderdi politikoak eta politikariak. Espainia egiten ari dena ilegala da, eta okupazio bat babesten du.

Zuen aldarriek lotura handiagoa dute erabakitze eskubidearekin ala autodeterminazioarekin?

2001ean bilera bat izan nuen Ameriketako Estatu Batuetako ordezkari batzuekin, euren enbaxadan. Bukatu bezain pronto, haietako batek argi eta garbi esan zidan aise irabaziko genuela erreferendum bat egiten bagenuen, jendearen %90ek independentziaren alde bozkatuko luketela eta lortuko genuela. Dena den, gehitu zuen Marokok ez duela erreferendumik egingo eta, eginda ere, ez dituela emaitzak onartuko; AEBek ez dute horretara behartuko. Niri galdetzen badidazu, noski independentzia nahi dudala; horregatik egon naiz kartzelan. Ditudan 53 urteen bi heren borroka horretan daramatzat. Ez dit asko axola independentzia zein modutara iristen den, baina modurik egokiena iruditzen zait erreferenduma, Saharako herriaren nahia adierazten baitu. Gerran igaro genituen hemezortzi urte gogor; presio egiteko elementu bat zen, baina erabakiak, normalean, mahai batean hartzen dira, modu baketsuan.

Nola uste duzu dagoela Saharako herriarekiko elkartasuna Euskal Herrian?

Bi mailatako elkartasuna dagoela uste dut: maila gizatiarrean, ez dago gaizki, baina bestearen borroka ezagutu eta ulertzea da elkartasunaren motorra. Argitasun asko falta dela deritzot; elkartasuna informazio argi batekin lagunduta badoa, gauza asko egiteko lagungarri izaten da, baina oinarrizko jakintza hori ez dutenak aspertu egiten dira. Inork ezin du jardun egunero pertsona bati arroz apur bat bidaltzen hori zertarako egiten ari den jakin gabe. Baina baldin badakite pertsona horrek eskubide batzuk dituela, horiengatik borrokan ari dela, zergatik egiten duen... horrek energia emango die elkartasunaren motorra bidaltzen segitzeko eta geroz eta gehiago emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.