Beranduegi izan aurretik

Xabier Arregi.
2016ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Aspaldi, 2002an, onartu zen Gipuzkoako Hiri Hondakinen Plan Integrala. Aurten bertan iraungitzen da, baina begien bistakoa da ez dela garatzera iritsi, eta urteotan astindu sozial handia eragin duela. Asko dira, izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak (GFA) ezarri nahi duen hondakinen politikak dituen arazoak, lau dimentsio nagusitan sailka daitezkeenak.

Bat: dimentsio politiko eta soziala. Erraustegiaren inguruan pibotatzen duen GFAren hondakinen politikak ez du herritarren atxikimendurik lortu. Kokapena proposatu den aldiro, inon ez da onetsi erraustegia. Oso bestela, herritarren kezka, haserrea eta protesta ozenak eragin ditu, nahiz eta aldarri horiek isilarazteko ahalegin handiak egin diren. Ikusi besterik ez dago zenbat mugimendu sozial eta politiko aktibatu diren: erraustegiaren aurkako plataforma(k), GuraSOS ekimena, Gipuzkoa Zutik asanblada, Zero Zabor Mugimendua, medikuen Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldea, alderdiak, sindikatuak, ekologista taldeak, etab. Baina, zoritxarrez, erraustegiaren inguruko eztabaida politiko eta sozial gardena falta da, osasuna eta bizi-kalitatea lehenetsiko dituen eztabaida sakona. Horren ordez, goitik beherako kudeaketa iluna inposatu da.

Bi: dimentsio ekonomikoa. Zubietan eraiki nahi den erraustegia Gipuzkoako udalen eta herritarren sosekin eraiki eta mantenduko da. Horretarako, 35 urteko morrontza ekonomikora behartzen gaituzte, herrietako hondakinen tasak igoaraziz. Ez dugu zertan onartu halako hipoteka bat, batzuek erraustegiarekin sekulako negozioa egin dezaten.

Hiru: dimentsio etikoa. Posible ote da XXI. mendean, arnasten eta jaten dugunaz, aldaketa klimatikoaz eta gure bizimoduaz halako kezka dagoenean, erraustegia izatea proposatzen zaigun irtenbidea? Inork inguruan nahi ez duena, beste inori opa izatea, etikoa al da? Osasuna arriskuan jartzea ez da zilegi; are gutxiago bestelako eredu alternatiboak garatu daitezkeenean.

Lau: dimentsio demokratikoa. Erabakitzeko eskubidea ari zaigu ukatzen. Berriki Usurbilgo udalari ukatu egin zaio kontsulta bat egitea. Madrildik etorri zitzaigun ezezkoa, baina ministerioaren eskariz Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako txostenak ere ukatu egiten zion udalari galdeketa hori egiteko zilegitasuna. Zorionez, herritarrek hartu dute beren gain galdeketa egiteko ardura, eta gaur ariketa demokratiko hori burutuko da gure herrian.

Usurbilen, eta beste zenbait herritan, eredu propio baten bideragarritasuna aztertzea erabaki dugu. Ikusten dugu Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko antolamenduak errauste-plantaren zulora garamatzala ezinbestean, eta ez dugu astakeria horren partaide izan nahi.

Hondakinen kudeaketa ez da gai sekundarioa. Gure kontsumo ohiturak eta bizimodua islatzen dira kudeaketa horretan. Gai konplexua da. Ez da kasualitatea mundu guztiko multinazional handiek negozio ikusgarriak egitea hondakinen kontura. Interes izugarriak daude.

Haatik, hain zuzen ere gai konplexua delako, behar-beharrezkoa da printzipio garbi eta sendoak adostea. Hondakinak gaika sailkatzea ez da aukera bat, baizik eta norbanakoen betebehar zibikoa eta eskubide kolektiboa. Eta gaika ondo bildutakoak ezinbestean tratatu behar dira ondo eta garbi. Hori kudeatzaileen ardura da, eta herritarren eskubidea.

Printzipio horiek adostuz gero, eta tratamenduaren hierarkia ordenatua errespetatuz gero (murriztea, berrerabiltzea, birziklatzea), bestelako irtenbide integral bat posible da, egunero ikusten dugunez. Eta posible ez ezik, ezinbestekoa ere bada. 2017an abiatuko den plan integrala hortxe dugu. Aukera paregabea da, eta garaiz gaude oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.