Katalunia. Diada

«Erabakitzeko eskubidea» aldarrikatu dute EAJk eta EH Bilduk

Uribe-Etxebarria jeltzaleak uste du «modu demokratikoan» erabaki behar dutela Kataluniak eta Euskal Herriak. EH Bilduko Bidegurenek «burujabetza» galdegin du

EH Bilduren ordezkaritza, atzo, Bartzelonan, lore eskaintza egiten. BERRIA.
xabier martin
2023ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Tradizioa bete, eta EAJk eta EH Bilduk ordezkaritzak bidali zituzten Diadara; biek ala biek egin zituzten lore eskaintzak Rafael Casanovaren monumentuaren aurrean, Bartzelonan. EAJko senatari Luke Uribe-Etxebarriak «Euskadi eta Kataluniaren eskubidea» aldarrikatu zuen bere geroa erabakitzeko, «modu baketsuan, demokratikoan eta askean». Bi nazio horiek dituzten lotura historikoak gogora ekarri zituen jeltzaleak lore eskaintza egin eta gero, kazetarien aurrean. Idurre Bideguren EH Bilduko senatariak, berriz, azpimarratu zuen Euskal Herria eta Katalunia «oso ondo elkar ulertzen duten herri bi» direla, eta biek exijitzen dutela «burujabetza».

«Nazioa» hitza ahoskatuta hasi zuen EAJko ordezkari Uribe-Etxebarriak bere adierazpena: «Europako bi herri gara, Europako bi nazio, eta aitortza eta errespetua galdegiten ditugu gure geroa erabakitzeko». Senatari jeltzaleak «negoziazioa eta elkarrizketa» eskatu zituen, hala Kataluniako nola Euskal Herriko gatazka politikoei aterabidea emateko. Amnistiaz ere galdetu zioten kazetariek Uribe-Etxebarriari, eta senatariak haren alderdiaren «printzipioei» erreparatu zien martxan den negoziazioan egon beharko luketen osagaiez aritzean: «Diskrezioa, konpromisoa, errespetua eta determinazioa».

Edonola ere, EAJk oso garbi utzi nahi izan zuen «Kataluniako herriari» helarazitako mezu nagusia, atzo: «Gure nazioen aitortzarako ahalegin partekatu honetan, Kataluniak, kataluniar herriak, EAJren babesa eta Euskal Herriaren elkartasuna izango du beti».

Halaber, senatari jeltzaleak gogora ekarri zuen ehun urte bete zirela atzo Hiruko Aliantza izenpetu zenetik. 1923ko irailaren 11n, Bartzelonan izenpetu zuten adiskidetasunezko eta elkartasunezko ituna Kataluniako, Euskal Herriko eta Galiziako abertzaleek.

EH Bilduk ere lore eskaintza egin zuen Diadaren egunean. Idurre Bideguren koalizio abertzaleko senatariak esan zuen «herriari eta herritarren beharrizanei erantzuteko modurik onena erabakitzeko eskubidea errespetatzea» dela, eta Euskal Herrian zein Katalunian gehiengoak duela uste hori. «Argi dugu burujabetza handiagoarekin hobeto erantzungo zaiela herriaren beharrizanei», azaldu zuen.

Ausart jokatzeko eskaera

Horiek horrela, Bideguren senatariak «ausardia» eskatu zien PSOEri eta Sumarri, Pedro Sanchezen inbestidurarako negoziazioetan. «Gobernatu nahi baldin badute, indar independentisten eskaerei erantzutea besterik ez dute, hala euskal herritarrei nola katalanei». EH Bilduko ordezkariaren arabera, «aukera historikoa» dago «indarrak batu eta agenda partekatua» adosteko, Euskal Herriko eta Kataluniako «gizarteei erantzuteko».

Bidegurenek uste du Kataluniako eta Euskal Herriko independentistek «partida elkarrekin» jokatu behar dutela, «urrutira iritsi ahal izateko». Madrilen «inoiz baino erabakigarriagoak» direla gogoratu zuen, eta zehaztu zuen«indar hori baliatu» egin behar dela.

Edozein modutan ere, koalizio subiranistako senatariak agortutzat jo zuen «egungo markoa», eta esan zuen heldu dela hura «gainditzeko» garaia. «Plurinazionaltasuna aitortzeko» agertokia zabaldu dela erantsi zuen, eta «gatazka politikoen judizializazioaren» amaiera exijitu zuen, «estaturik gabeko nazioei ateak zabalduz, geroa erabaki ahal izan dezaten». Bidegurenek azpimarratu zuen EH Bilduk bat egiten duela «Kataluniako lagunekin», eta gogoratu zuen Diada «egun hunkigarria» izateaz gain «aldarrikapen eguna» ere badela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.