Torturan neurri «sinbolikoez» harago joateko eskatu du Egiari Zor fundazioak

Eusko Legebiltzarrak Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazioarteko Eguna antolatzea «berri ezin hobea» dela onartu dute, baina neurri zehatzak galdegin dituzte aitortzarako

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2019ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Egiari Zor fundazioak ongi iritzi dio joan den ostegunean Eusko Legebiltzarrak NBE Nazio Batuen Erakundearekin bat eginda harturiko erabakiari: datorren urtetik aurrera, ekainaren 26an Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazioarteko Eguna antolatuko dute. «Berri ezin hobea da, torturaren drama sufrimenduen mapan kokatzea ahalbidetuko baitu», azaldu zuen atzo Karmele Urbistondok, Bilboko agerraldian. Baina Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazioarteko egunetik haragoko neurriak eskatu zituzten: «Ardura instituzionalak neurri sinbolikoak baino zerbait gehiago eskatzen du: biktimen aitortza bermatzea. Sarritan salatu dugu larriak direla oraindik ere torturari buruzko ezagutza falta, biktimen aitortzarik eza eta zigorgabetasuna».

Bide horretan neurri zehatzak hartzeko eskatu dute Egiari Zor fundaziokoek. Lau aipatu dituzte guztira. Lehena: torturaren biktimak modu ofizialean aitortu ditzatela. Bigarrena: memoriari dagozkion politika publikoetan ere torturak tokia hartu dezala, «argi eta garbi azalduz tortura giza eskubideen kontrako biolentzia dela, legez kontrakoa, debekatua eta euskal gatazkaren testuinguruan Guardia Zibilak, Espainiako Poliziak eta Ertzaintzak erabili dutena, bai diktadura garaian, eta baita 'trantsizio' delakoan eta garai demokratikoan». Hirugarrena: euskal erakundeek torturaren «dimentsio erreala» ikertzen jarrai dezatela. «Zentzu horretan, uste dugu premiazkoa dela ikertzea atxilotuta zeuden bitartean hildako 14 pertsonen kasuak». Azkenik, adierazi dute alderdi politikoek bere gain hartu beharko lituzketela dagozkien ardurak.

Urbistondok gogorarazi du Francisco Etxeberria auzi medikuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako tortura salaketen txosten bat ondu zuela, Eusko Jaurlaritzak eskatuta, eta 1960 eta 2014 urteen artean 4.113 tortura kasu identifikatu zituztela. Txostenean zehaztu zuten tortura horietan hainbat poliziak parte hartu dutela, baita Ertzaintzak ere. Zehazki Espainiako Polizia da EHUk jaso zituen tortura kasuen artean salaketa gehien dituen polizia: 1.792 guztira. Eta antzeko kopurua du Guardia Zibilak ere: 1.785. Ertzaintzari dagokionez, 336 tortura kasu jaso zituzten txostenean.

Ardura hartzeko «gonbita»

Polizia, baina, ez da arduradun «bakarra» Urbistondoren hitzetan. «Gu ez gintuzten torturatu legea berariaz urratzea erabaki zuten guardia zibilek, polizia espainiarrek eta ertzainek. Torturatu gintuztenek estatu estrategia baten arabera jardun zuten». Ardurak dituzten lau eragile zerrendatu zituen Urbistondok, segidan. Lehena: «salbuespenezko legediak» onartu zituzten alderdi politikoak eta atxilotuen inkomunikazioa baimendu zutenak. Bigarrena: tortura salaketa «sistematikoen» aurrean «ikerketa eraginkorrik» agindu ez zuten epaileak. Hirugarrena: auzi medikuak. Eta laugarrena eta azkena: hedabideak, «tortura salaketak isilarazi» baitituzte.

Egiari Zor fundazioko kideak azaldu du Etxeberriak ondutako txostenak ordezkari politikoak «interpelatzen» dituela, baina, aipatu duenez, inork ez du ardurarik bere gain hartzen. «Errealitatea ukatu edo tortura Euskal Herritik kanpo geratu den zerbait balitz bezala lantzen dela ikusteak asko kezkatzen gaitu». Egiari Zor-ekoek dei zuzena egin diete PPri eta PSOEri: «Agintean egon zirenean gertatutako giza eskubideen urraketa larriei buruzko azalpenak zor dituzte». Deia EAJri ere: «Ertzaintzak torturatutako 336 kasu ere badaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.