Parke eolikoak babesguneetan eraikitzeko bidea libre utzi du legebiltzarrak

Kanpoko energiarekiko menpekotasuna murriztea lehentasuntzat jo du EAJk. Legebiltzarrak ez du onartu ongizate energetikoa «eskubide subjektibo» izendatzea

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura, atzo, Benidormeko hilketa matxista salatzeko egin zuten isilaldian. L. RICO / EFE.
inaut matauko rada
2022ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarraren urte politiko berriko bigarren osoko bilkura egin zuten atzo, eta Elkarrekin Podemos-IUk eta EH Bilduk Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialean esklusio zonak izendatzea proposatu zuten legez besteko proposamen baten bidez, babesguneetan proiektu fotovoltaiko edo eolikorik ez eraikitzeko. Hala ere, legebiltzarrak ez zuen onartu bi koalizioen proposamena: horren ordez, EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako osoko zuzenketa onetsi zuten. Horren bidez, legebiltzarrak konpromisoa hartu du «energia garbiak nahitaez sortzea ahalbidetuko duten akordioak aurrera ateratzeko eztabaidak sustatzeko».

Zehazki, EH Bilduk eta EP-IUk proposatu zuten bost megawattetik gorako azpiegitura fotovoltaiko eta eolikorik ez eraikitzeko ondorengo inguruneetan: naturgune babestuetan, nekazaritza balio handiko lurretan eta proiektuek hegazti nekrofagoen iraupena arriskuan jartzen duten lekuetan.

Miren Gorrotxategi EP-IUko legebiltzarkideak adierazi zuen beharrezkoa dela energia berriztagarria ekoizteko azpiegiturak sortzea, baina ez «edozein lekutan». Gorrotxategik esan zuen energia berriztagarrien LPSa ez dela iritsiko 2024ra arte, eta gehitu zuen proposatutako neurria lagungarri izango litzatekeela babestu beharreko guneak babesten. Tramite burokratikoak azkartuko lituzkeela ere adierazi zuen: «Lur bat espazio babestu izendatu bada, ez du zentzurik ingurune eraginaren gaineko ebaluazioa eskatzeak».

EH Bilduko ordezkariak, Mikel Oterok, azaldu zuen proposatutako neurriak bi xede dituela: bata, Eusko Jaurlaritzari eskatzea hurrengo Energia Berriztagarrien LPSean esklusio zonak izendatzeko mekanismoak barneratzea, eta bestea, «planaren tramitazioa hainbeste atzeratzen ari denez, onartu bitartean neurri batzuk hartzea». Gorrotxategi eta Oteroren hitzei erantzunez, Luis Javier Telleria EAJko kideak esan zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan babestutako espazioak ingurune «oso antropizatuak» direla, heterogeneoak, eta ezin dela debekatu ingurune horietan halako proiektuak garatzea. Gorbeiako kasua jarri zuen eredu gisa: «Gorbeiako Parke Naturala autobide batek zeharkatzen du, baina horrek ez dio balio naturala kentzen». Bestalde, hiru lurraldeak kanpoko energiarekiko oso menpeko direla esan zuen EAJko eledunak, eta «autosufizientzia energetikoa» aldarrikatu zuen horri aurre egiteko.

Ongizate energetikoa

EH Bilduk beste legez besteko proposamen bat egin zuen, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ongizate energetikoa «eskubide subjektibo» izateko lege bat bultzatzeko, baina legebiltzarrak ez zuen onartu. Horren ordez, EAJ eta PSE-EEren osoko zuzenketa bat onartu zuten, Eusko Jaurlaritzari energiaren garestitzeari aurre egiteko neurriak hartzeko eskatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.